euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

HABEk euskara ikastaroak lagunduko ditu Pauen, Londresen eta Parisen; Bruselak eskolak berreskuratu ditu

2011/11/29

Euskara eskolei buruz hitz egiteko talde zabala bildu zen Pariseko Euskal Etxean: lehendakaria, Sustraiak euskara elkarteko arduradunak, irakasleak, HABEko Kinku Zinkunegi eta Argitxu Camus, Sorbonne unibertsitateko euskara irakurlea (argazkia HABE)
Euskara eskolei buruz hitz egiteko talde zabala bildu zen Pariseko Euskal Etxean: lehendakaria, Sustraiak euskara elkarteko arduradunak, irakasleak, HABEko Kinku Zinkunegi eta Argitxu Camus, Sorbonne unibertsitateko euskara irakurlea (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Euskara Munduan egitasmoaren barruan HABEk Europako euskal etxeek eskaintzen dituzten euskara eskolak laguntzeko diru eta baliabideak ematen jarraitzen du, eta, ildo horretatik, lankidetza hitzarmenak berritu ditu azaroan Londresko eta Pariseko elkarteekin. Paueko euskal etxearekin, ostera, lehendabizikoz sinatu da aurten lankidetza hitzarmena. Bruselan ere izan da HABEko Kinku Zinkunegi teknikaria eta aurten berrabiarazi dituzten eskolak laguntzeko ikasmateriala eta trebakuntza eskaini dizkie bertako euskaldunei.

Donostia-San Sebastian. Europako zenbait euskal etxerekin euskara eskolak emateko lankidetza hitzarmenak berritzen ari da HABE hilabete honetan. Azaroaren 14ean Pauen, 22an Londresen, 23an Bruselan eta 24ean Parisen izan da Euskara Munduan Programaren koordinatzaile den Kinku Zinkunegi. HABEk, euskal etxeei euskara irakasteko diru laguntzak emateaz gain, ikastaroetarako ikasmateriala helarazten die eta irakasleak trebatzeko ikastaroak ere eskaintzen ditu.

Paueko (Frantzia) Lagunt eta Maita Euskal Etxearen kasuan aurtengoa da HABErekin sinatu duen lehendabiziko lankidetza hitzarmena, nahiz eta aspalditik ematen diren bertan euskara eskolak. Elkarte bearnesak egoitza berria inauguratu du joan den astean eta 40 bat lagunek jasotzen dituzte bertan klaseak. Lau irakasle bildu ditu aurten euskal etxeak, lauak Paueko unibertsitateko ikasleak (hiru iparraldekoak eta bat Portugaletekoa). Horietako hiru euskara eskolak ematen eskarmenturik gabeak direnez, Zinkunegik HABEk euskara/frantsesez dituen materialen berri eman zien, erabiltzeko oinarrizko irizpideak azalduz.

Londresen hirugarren talde bat

Hilaren 22an Londresko Basque Society-Euskal Elkartea bisitatu zuen Zinkunegik, eta lankidetza hitzarmen berria sinatu zuen Pello Astigarraga lehendakariak. Londresen bi talde ari dira momentuz eskolak ematen, baina arduradunek azaldu dutenez, urtarriletik aurrera beste bat sortzeko aukera egon daiteke. Horrez gain, asteburu batean ikastaro trinko bat antolatzeko asmoa ere agertu zuten, talde guztiak elkartu eta mintza praktikari dagozkion edukiak lantzeko.

Elkarteak berriz ere eskaini nahi du internet bidez ikasteko aukera, Londres hiritik kanpo ere hainbat interesatu badituelako. Iaz abian jarri zuten Boga, baina bertan behera gelditu zen irakasleak utzi zuenean. Zinkunegik Boga erabilgarri jarri eta irakasle berriari nola erabili irakatsi zion. Horrez gain, ikastaro presentzialak emateko materiala eta irizpideak ere eman zizkion. 

Euskara eskolak berriz ere Bruselan

Biharamunean Bruselan bertako euskal komunitatearekin bildu zen Euskara Munduan programako arduraduna. "Bruselan, urte askotan klaserik eman gabe egon ondoren, bertan euskal etxea berriz sortu nahi duen taldeko lehendakariak euskara klaseak martxan jarri nahi izan ditu", azaldu dio EuskalKultura.com-i Zinkunegik. "Aurten seiko talde bat osatu dute eta horregatik ez digute diru-laguntzarik eskatu, baina bai laguntza klaseak eratzeko".

Ana Etxaburu irakasle mutrikuarrak Euskara Munduan-ek eskaintzen dituen ikasmaterialak jaso zituen eta urtarriletik aurrera bi ikasle berri izango dituztela azaldu zuen. Hurrengo ikasturtean talde pare bat izateko itxaropena dute Bruselako euskaldunek. 

Parisen irakasle tailerra

Azkenik, iragan ostegunean Pariseko Euskal Etxearekin bildu eta lankidetza hitzarmena berritu zuen HABEk. Bileran parte hartu zuten euskal etxeko lehendakariak, Sébastien Daguerrek, Sustraiak euskara elkarteko arduradun berriak (Phillippe) eta aurrekoak (Iñigo Leturia), eta baita ere Sorbonne unibertsitateko euskara eta euskal kultura irakurleak, Argitxu Camus-Etxekoparrek.

Euskara eskolak ematen eskarmentua du Pariseko elkarteak eta sei irakasle dabiltza bertan. HABEko teknikariak hiru orduko trebakuntza lantegia eman zien, Euskara Munduan programak eskaintzen dituen ikasmaterialak azaldu eta erabiltzen irakasteko. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia