euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Habanako Euskal Etxearen 140 urteen balantzea: "Kubako euskaldunei buruzko ezagutza sustatzen segituko dugu"

2017/07/31

Habanako Euskal Etxeari atxikitako 'Arima' taldeko dantzariak Euskal Asteaan eskaini zuten emanaldian
Habanako Euskal Etxeari atxikitako 'Arima' taldeko dantzariak Euskal Asteaan eskaini zuten emanaldian

Habanako 'Asociación Vasco Navarra de Beneficencia' (AVNB) euskal etxeko lehendakari Renato García Egusquizak balantze baikorra egin du erakundearen 140 urteak ospatzeko antolatutako ekitaldiez. Astebeteko programak bildu ditu, besteak beste, argazki eta artisau erakusketa bana, euskal zine saioak, irteerak, hitzaldiak eta 'Arima' gaztetxo taldearen emanaldia, euskal dantza tradizionalez.

PUBLIZITATEA

Habana, Kuba. "140 urteak gurekin ospatzera inguratu den jendea bazkideak izan dira, batetik, euskaldunen ondorengoak alegia, baina baita ere, bestalde, ekimenetako batzuetan euskaldunekin famili loturarik gabeko kubatarrak ere etorri zaizkigu", aipatzen du Garcia Egusquizak. "Oso bazkide gutxi ditugu Euskal Herrian jaiotakoak, nahiz eta kasu honetan, esaterako, Habanan paseoan zebiltzan europar euskaldun batzuk inguratu zaizkigun. Horrez gain, Carlos Gabilondo eta bere emazte Norma Carrizoren partaidetza baliotsua izan dugu, euskal argentinarrak eurak, propio Buenos Airestik laguntzera etorriak, eta gurekin etengabe aritu direnak".

"Ekitaldiotako pertsonarik zaharrena Dionisia Lezama Castaños izan da, 93 urtekoa eta gure bazkidea, eta hau bai Euskal Herrian jaioa, Sopuertan, Carral herrian, Bizkaian. Hitzaldietan beti izan dugu unibertsitate ingurukoen presentzia, eta azken hitzaldia Felix Julio doktoreak eman zuen, San Geronimo Ikastetxe-Unibertsitateko dekano-ordea, hiriko Historialariaren Bulegokoa".

Programa gauzatzeko jasotako sostenguari dagokionez, AVNBko lehendakariak dio, ekimenak "inongo euskal erakunderen edo lektoretzaren sostengurik gabe" egin direla. Azpimarratu nahi du "Arabako gure lagun Jon Zubiaurreren sostengu ekonomikoa, oporrak hartu zituelarik gure ondoan egoteko". "Euskaditik Gorka Alvarez eta Andoni Martin etorri ziren, erakunde gisa, eta gurekin bidaiaturik Pinar del Rio-ra, ostiraleko programan, larunbatean Zuzendaritzakoekin bazkaldu zuten eta bilera izan zuten behar egoera larrian dauden programako onuradunekin".

Euskal Astea argazki erakusketa batekin hasi zen, Garcia Egusquiza bera koordinatzaile, "gure Zuzendaritza taldeko kide Sonia MIrabal-en partaidetza bikainarekin, bera izanik argazkien egilea, eta beti lagun fidel eta bazkide Jose Migel Arrugaetaren hitzaldi batekin. Erakusketa, sorta baten segida da eta 'Euskal presentzia Kuban, horren adierazgarri diren irudiak' izenpean 2014tik hona gauzatzen dugu, euskal presentzia Kuban agerian utzi nahirik, urtero arlo diferente batean; aurten, adibidez, euskaldunek bertako arkitekturan utzitako arrastoa hautatu dugu. Erakusketa, Historialariaren Bulegoak utzitako lokalaren leku-mugengatik, hogei bat argazkitara murriztu behar izan genuen, ikurriña bat jagole".

"Azpimarratu nahi dut", segitzen du Egusquizak, "gure dantza taldearen lana. Taldeak 'Arima' du izena, eta horrekin adierazi nahi genuke gure izpiritua, gauzak egiteko gogoa eta gure helburuak garatu eta lortzeko indarra. 2014 amaieran hasi ginen sortzen, ahalegin handiz, eta hasieran Kubako Espainiar Balletaren eskualde dantzen Katedraren laguntzarekin, guztia bideo bidez, eta gure euskara irakasle Maider Varelaren aholkuren batekin. Dantza irakasleren baten aurrez-aurreko lankidetza izateko esperantza daukagu, printzipioz Anartz Ormazarenarekin. Momentu honetan bazkide gazte bat daukagu zuzendari, Daniela Guerra, euskalduna amaren partetik, eskarmentu askoduna dantza munduan oro har; hasieratik bere burua eskaini zuen, zehazki euskal dantzez ez jakin arren. Hamabost bat neska dauzka taldean, batzuk bazkideak beste batzuk ez. Emanaldian parte hartu zutenak hauek izan ziren: Karla Alvarez (15 urte), Claudia Muñoz (15), Mariam Márquez (12), Shakira Veliz (12), Milagros Álvarez (12), Anabel Espinosa (12), Gabriela Montes (8), Amelia Orama (8), Carolyn (8) eta Veronica Martiatu (5). Entsaioak astean behin edo bitan dauzkate, lokalaren eskuragarritasunaren arabera. Jakina denez, behar asko dauzkagu, baina euskal kulturaren alde lan egiteko gogoa ez zaigu falta".

Bestalde, "Sustrai taldea, eskulanak lantzen dituen gure bazkide talde bat da eta arlo horretan Euskal Herrian egiten denarekin erlazionatzeko sortua da, baita gainerako euskal etxeetan egiten denarekin lotzeko ere, euskaldun guztiak lotzen dituen erro hori hazten joan dadin, Euskal Herrian zein Diasporan. Mario Garcia Ibarra dauka koordinatzaile, gure Zuzendaritzakoa berau, eta lan ederra egiten ari den pertsona".

"Zine saioak ere interesgarriak izan ziren oso, eta esanguratsuena, Kuban egin den lehenengo Euskal Zinema Zikloa egin ahal izatea izan da, segidan zenbait izenburu emanez gobernuaren areto batean, eta hori guztia Carlos Gabilondo eta Norma E. Carrizok eskainitako laguntza baliotsua medio. Argentinako Euskal Zinema Ibiltaria proiektuko koordinatzaileak dira eurak, eta propio etorri ziren Buenos Airesetik. Egia da hemen ez gaudela ohituta filmografia honetara, Hollywood-ek guztia inbaditzen baitu, baina nire ustez sarbide moduko zerbait izan da hau, pixkanaka zinema saritu hau sartzen joan dadin, atzoko, gaurko eta geroko euskal errealitatearen lekukotasuna emanez".

"Igandeko bazkaria, despedida eta azken agurra, eskerrak emanez hasi genuen, bereziki hain urrutitik gurekin ospakizun honetan bat egitera etorri direnei, Atlantikoa zeharkatuz edo euren sostengu izpiritual eta materiala bihotzez eman digutenei, Carlos Gabilondo eta Norma E Carrizo berari, hona etorri eta euren Euskal Zinema ekartzearekin batera Argentinako euskal etxeen zorion agurrak ekarri baitzizkiguten; eskerrak, baita Euskal Herriko Jon Zubiaurre lagunari ere, eman digun laguntza ekonomikoa eskertuz; Nafarroako Gobernuari, lanerako eta olgetarako materiala eman baitzigun; euskal eta kubatar musikak izan ditugu lagun; buffeta; eta garagardoa hemengo beroaren kontra borrokatzeko. Ororen buru guztiak kontent gaude, pixkanaka igotzen ari baikara eskilara eta sendotzen Kubako euskaldunei buruzko ezagutza".



« aurrekoa
hurrengoa »

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia