euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Guztia prest da Donostian eta Diasporan 2018ko Sansebastian festa eta danborradei ekiteko: Gora Donostia!

2018/01/19

Guztia prest da Donostia gaur gaueko 0:00etan 24 orduko Sansebastian festei ekiteko
Guztia prest da Donostia gaur gaueko 0:00etan 24 orduko Sansebastian festei ekiteko

San Sebastian egunaren bezpera da gaur. 24:00etatik aurrera festa lehertuko da Donostian eta Azpeitian (eta Tafallan eta Euskal Herriko beste zenbait lekuetan). Diasporan ere festak eta danborradek izango dute oihartzun burrunbatsua, eta soilik euskal etxe eta hiri batzuk aipatzearren, bat egingo dute festarekin Madrilen, Bartzelona, Murtzia, Necochea, New York, Buenos Aires, Londres, Shanghai, Caracas eta Parisen. Izpirituko parte izango dira baita ere Bahia Blancan, Cañuelasen... Gora Donostia!

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Urtarrilean sarturik, hemen dira dagoeneko San Sebastian Eguna eta Danborrada. Donostian, festa, gaurko afariarekin abiatuko da hainbatentzat, gauerdian banderak igo eta 19. mendean Sarriegi musikariak urtarrilaren 20an jotzeko propio sortu zuen aire-sortarekin, San Sebastian Martxa, lehena, "Bagera... Sebastian bat bada zeruan Donosti bat bakarra munduan" hitzak kantaturik.

Errepika eta entsaioak abenduan hasi ziren Donostiako hainbat elkarte, eskola eta lagunartetan, eta Diasporan ere, usadioari jarraituz ilusio ildo berari eutsi diote hainbat euskal etxetan. Madrilgo Euskal Etxean edo Mexiko Hirikoan, adibidez, bi astetan luzatu dira entseguak, eta beste zenbait lekutan ere ilusioz eta gogoz prestatu dute gero eta gehiago hedatzen ari den besta azantzatsua.

Euskal etxeetan, ospatuko dute, konparazio, danborrada eguna, Madril, Bartzelona, Murtzia, Necochea, New York, Buenos Aires, Londres, Shanghai, Caracas, Parise eta leku gehiagotan. Argentinako Bahia Blanca eta Cañuelasko euskal etxeetako danborradak ere behar dira aipatu. Eta, euskal etxeetarik kanpo, donostiarrak, azpeitiarrak eta euskaldunak dauden beste hainbat tokitan ere bat egingo dute jai 'burrunbatsu'arekin.

Hona ekarri dugun lehenengo bideoa, Donostiako alkate Eneko Goiak plazaratu du duela ordu batzuk. Eta ondoko biak iazkoak dira: Donostiako Gros auzoko Umore Onako danborrada da, ehun urtetik gora dituena. Azkeneko urteetan, gainera eta irudietan ikusten denez, erraldoiak dauzkate danborradako laguntzaile: hiru erraldoi, Irrintzi erraldoi donostiarren konpainiakoak, 2015ean Boiseko jaialdi festa erraldoia bisitatu zuten Eguzki, Ilargi eta Lurra erraldoiak.

Gaur gaueko hamabietan oihukatu eta danborrez hainbatek esango duten "Gora Donostia"rekin bat egiten du egoitza soziala Donostian daukan EuskalKultura.com-ek.


San Sebastian martxa Orfeoi Txikik kantatua, Donostiako alkate Eneko Goiak zabaldu bideoa


Kalerik kale danborra joaz Umore Ona zabaltzen, 2017 (bideoa EuskalKultura.com)


San Sebastian Martxa, goizaldeko 2:30ak dira, 2017 (bideoa EuskalKultura.com).

Esan, azkenik, lekuetako batzuetan, tokian tokiko arrazoiak medio, danborrada eta San Sebastian festa ez dela gaur gauean hasiko. Kasuren batean, igande honetan egingo da (Madrilgo Euskal Etxearen haur danborrada, esaterako), eta beste kasu batzuetan datorren astera pasatu da (New Yorkeko Eusko Etxean, konparazio), ilusio eta atxikimendu berberez ekiteko baina (ikus hitzorduak gure agendan).



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia