euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gurebook.com online dendan salgai daude euskal idazleen azken nobedadeak, e-book formatoan

2010/12/30

Gurebook.com webgunearen azala
Gurebook.com webgunearen azala

PUBLIZITATEA

Liburu elektronikoena iraultza geldiezina omen da eta mundu osoan hedatzen ari den modari jarraiki euskal argitaletxeak ere euren nobedadeak formato elektronikoan eskaintzen hasiak dira, www.gurebook.com webgunearen bitartez. Diasporako euskaldunentzat, bereziki, aukera oso baliagarria izan daiteke, Euskal Herrian plazaratzen diren azken nobedadeak momentuan erosi eta jasotzeko bidea baita.

Donostia-San Sebastian. Euskal argitaletxeek sorturiko ekimena da Gureboook.com webgunea. Alberdania, Elkar, Erein, Arrain, Pamiela, Sua, Ttartalo eta Txertoa argitaletxeak izan dira Plazagunea eta Libenet teknologia enpresek sustaturiko ekimen honekin bat egin duten lehendabiziko argitaletxeak, eta euren bitartez 166 liburu elektronikok osaturiko katalogoa ipini da salgai sarean.

Webgunean Euskal Herrian plazaratzen diren nobedade gehienak daude salgai, gehienbat eleberriak. Liburuen %60a euskaraz aurki daiteke eta beste %40a gazteleraz. Ixiar Uria webguneko arduradunaren esanetan Gurebook.com atariari esker euskal literaturaren produkzioa leku berean bilduta aurki dezakete irakurleek, denda elektroniko generalistetan bilatzen ibili beharrik gabe. "Erosotasuna da abantailarik handiena. Irakurgailu batean liburu bat irakurtzea oso erraza da, besteak beste, bakoitzak egokitu dezake testua bere beharretara (letra handiagoa, argia...). Bestalde, irakurgailu batzuk paperezko liburuaren sentsazio bera eskaintzen dute, hatzekin orrialdeak pasa eta guzti. Eta noski, irakurgailu bakar batean sartu daitekeen liburu kopurua. Oporretara bazoaz, ez diozu zure poltsari erroparako behar duzun tokia kenduko liburuak eraman nahi baldin badituzu... ", dio Uriak.

Liburu elektronikoen prezioa argitaletxe bakoitzak jartzen du, baina orokorrean paperezko liburuak baino merkeagoak dira. Webgunea abendu hasieran, Durangoko Liburu eta Disko Azokan aurkeztu zuten, eta harrez gero liburu salduenak Jon Alonsoren 'Agur, Darwin eta beste arkeologia batzuk'; Felipe Juaristiren 'Airezko Emakumeak', eta Anjel Lertxundiren 'Eskarmentuaren Paperak' izan dira. "Mugimendu handia egon da lehenengo egunetik. Medioetan izugarrizko oihartzuna izan du ekimen honek eta atariaren erabiltzaileak eta bezeroak ez dira atzean geratu. Esan bezala, lehenengo egunetik hasi ziren liburu elektronikoak erosten eta mail piloa jaso genuen galderak, ideiak, kritikak eta iradokizunak luzatzen", azaldu dio Euskalkultura.com-i Ixiar Uriak.

Diasporako euskaldunentzat ere baliabide aparta dela uste du Ixiar Uriak, Euskal Herriko azken argitalpenak zuzenean eskuratzeko aukera ematen baitu. "Proiektu honetan sartu aurretik Estatu Batuetan egon nintzen lagun euskaldun baten etxean. Euskal musika eta literatura erosi (eta enkargatu) egiten du... Liluratuta geratu zen ideia honekin!", azpimarratu du Ixiar Uriak.

Gurebook.com webgunea.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia