euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

‘Gure Gutiziak’ janari-produktuak ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ elkarretaratzean hirugarren urtez jarraian

2017/02/16

‘Gure Gutiziak’ enpresaren standa 2015eko 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' jaialdian
‘Gure Gutiziak’ enpresaren standa 2015eko 'Buenos Airesek Euskal Herria ospagai' jaialdian

PUBLIZITATEA

2012an sortu zen ‘Gure Gutiziak’ ekimena, Gral. Las Heras herriko euskal argentinar familia baten baitan. Urtez urte handituz joan den enpresak 50 jangai mota eskaintzen ditu gaur egun, etxekoak, kontserbagarririk gabekoak, gozo eta gaziak. ‘Gure Gutiziak’ marmeladak, likoreak eta eskabetxeak dastatu eta gozatu nahi badituzu, Buenos Aires Celebra-ko standean aurkituko dituzu martxoaren 18an.

Gral. Las Heras, Argentina. ‘Gure Gutiziak’ enpresa familiarra duela lau urte jaio zen, egoera pertsonal bati irtenbide berria emateko, arduradun Adriana Elena Ferrarik EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “2012an nire alabak ekimen hau martxan jartzeko proposatu zidan. Gutxi falta zitzaidan erretiroa hartzeko –"bigarren hezkuntzako irakaslea naiz"– eta bagenekien ezin izango nintzela ezer egin gabe bizi. Ondo pentsatu ondoren, 2013aren hasieran esterilizazio eta pasteurizazioari buruzko ikastaro batzuk egin nituen. Sukaldean aritzeko zaletasuna handia nuen nik baina oso ezberdina da janaria prestatzea gero saltzeko”.

Gaian sartu eta gero berehala kaleratu zituen Adrianak bost produktu, ‘Gure Gutiziak’ izenpean: “Izena ere aukeratu dugu gure artean. Euskal jatorrizko familia gara, eta parte hartzen dugu Gral. Las Herasko Euskal Etxean eta baita inguruko herrietakoetan ere. Jorge Apaolaza nire senarraren aitona, Lorenzo Apaolaza Zumalakarregui, Gabiriakoa zen, Gipuzkoakoa. Amona, berriz, nafarra. Arbasoengandik jasotakoa islatzen zuen zerbait nahi genuen. Gure semeak proposatu zituen bizpahiru izen eta ‘Gure Gutiziak’ aukeratu genuen”.

Etxeko baratzako lehengaiekin egindako sei produktu horiek arrakasta handia izan zuten; behin dastatu, berriro erosten zituen jendeak, eta gero eta gehiago. “Askok esaten ziguten ‘amonak egiten zuenaren zaporea’ zeuzkatela gure errezetek”, kontatu digu Adrianak.

Oso denbora laburrean, asko hazi zen proiektua eta bere arduradunek baldintza berriak bete behar izan zituzten: marka erregistratu zuten, derrigorrezko inskripzioa egin zuten AFIPen eta lehengaiak eskuratzeko, etxekoak nahikoak ez zirelako, produktore berriekin kontaktatu zuten. Bitartean, trebatzeko ikastaro berriak egin zituen proiektuaren arduradunak INTI institutuan. Eta hmaitzak berehalaxe ikusi ziren: gaur egun 50 produktu egiten ditu ‘Gure Gutiziak’ek, tartean, gozoak, marmeladak, jaleak, fruituak almibarretan, eskabetxeak, pateak, kontserbak eta likoreak.

Eskaintzaren zabaltzearekin batera, saltoki berriak ere aurkitu zituen enpresa txikiak. Gral. Las Herasen eta Buenos Aires hiriburuan egiten diren salmenta zuzenez gain, hiriburuko Belgrano auzoko Merkatuan ere badu stand bat, Juramento eta Ciudad de la Paz iskinean. Bertan hilabetean bitan egoten dira, larunbatetan, 10etatik 19etara. Eta badago ‘Gure Gutiziak’eko lagunek huts egiten ez dioten beste hitzordu bat. “2015ean Laurak Bateko agintariek gonbidatu gintuzten ‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ jaialdian parte hartzera eta joan ginen. Oso esperientzia ona izan zen eta hori dela eta hurrengo urtean berriro joan ginen. Aurten, ‘BAC’ekin batera Laurak Baten urteurrena ere bada, beraz ospakizun bikoitza izango da”, adierazi digu Adrianak.

‘Buenos Airesek Euskal Herria ospagai’ edo ‘Buenos Aires Celebra al País Vasco’ (BAC) martxoaren 18an izango da, Buenos Airesko Mayo etorbidean, 12tik 18etara. Jaiak Laurak Baten instalazioetan jarraituko du gauean eta igandean.

‘Gure Gutziak’ enpresarekin komunikatzeko bideak Facebook kontua (Gure Gutiziak), eta helbide elektronikoa (guregutiziak@gmail.com) dira.



Komentarioak

  • Ummmmm

    Buenos Airesera bidaiatu behar dut martxoan eta ahaleginak egingo ditut euskal jaian parte hartzen

    Marin Usabiaga (Donostia-Rosario), 2017/02/17 00:20

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia