euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gure Esku Dago dinamikaren “Erabakia Ehuntzen” ekimenak Argentinan egindako oihal zati bat ere izango du

2015/03/25

Erabakia Ehuntzen ekimenaren irudia
Erabakia Ehuntzen ekimenaren irudia

PUBLIZITATEA

Durango eta Iruñea arteko 123 kilometroko Giza Kate bat antolatu zuen Gure Esku Dagok 2014an eta Diasporako hainbat euskal etxek bat egin zuten aurrekaririk gabeko proposamenarekin. Orain, bide beretik jarraitzeko asmotan, ‘Erabakia Ehuntzera’ gonbidatu dute, horretarako deialdi egokitu bat luzatuz Argentinako euskal diasporako “jostunei”: egun osoko ekintza egingo da apirilean La Platan eta emaitza “Buenos Aires-ek Euskal Herria ospagai” jaialdian erakutsiko da, maiatzaren 10ean.

La Plata, Argentina. Erronka berri bat du luzatu du Gure Esku Dago herri dinamikak 2015. urterako. Helburua da hautestontzi erraldoiak eraikitzea milaka herritarrek pertsonalizatutako oihal zatiak baliatuz. Oihal zati bakoitzak norberaren atxikimendu pertsonala izango du, beti ere erabakitzeko eskubidea aldarrikatuz. Ekimenaren baitan, mota askotako ekintzak garatuko dira, denak “desberdinen arteko elkar lana josiz, erabakia ehuntzeko asmoz”. Programa barruan, gako izango diren bi ekitaldi antolatuko dira Euskal Herrian: apirilaren 25ean Ehuntze Eguna egingo da, hau da, ordura arte jasotako oihal zatiak josteko eguna; ekainaren 20an, ordea, urte osoan herriz herri ehundu diren sare horren joste eguna izango da, “herrialdez herrialde, borondate desberdinen batura hori eraikiko dugu. Hautestontzi erraldoiak eraikiko ditugu, eta horiek etorkizun hurbilean gure borondatea eta erabakia libreki azaltzeko aukera emango digute” azaltzen dute antolatzaileek (ikus hemen Euskal Herrian egingo diren ekintzei buruzko bideoa).

Erabakia Ehuntzen ekimena Argentinan

Helburu horrekin berarekin, Gure Esku Dago elkartearen deialdia Argentinara ere iritsiko da, hemen azaltzen den moduan garatzeko:

-Argentinako sarean parte hartzeko ez da beharrezkoa izango dirurik jartzea
-Bilduko diren oihalek 25x25 zentimetroko unitateka banatuko dira (beherago, argazki galerian ikus daitekeen moduan); koloretsuak badira, hobe
-Lauki bakoitzean jendearen (edo taldeen) atxikimenduak, mezuak edota irudiak jarriko dira
-Oihalak La Platara bidali behar dira, apirilaren 25a epemuga
-Bakoitzak nahi adina oihal bidali ahal izango ditu
-Nahi izanez gero oihala egiteko prozesua erakusten duten argazki edota bideoak bidali ahal dira

Apirilaren 25ean –Euskal Herrian egingo den egun berean– Ehuntze Eguna antolatuko da La Platako Moreno Plazan. Bertan elkartuko diren lagunek Argentinako euskal diasporaren oihal erraldoia josiko dute. Lan honen emaitza, berriz, maiatzaren 10ean erakutsiko da “Buenos Aires-ek Euskal Herria ospagai” jaialdian. Gure Esku Dago elkartetik adierazi digutenez, “aukera ederra izango da Argentinatik ere bat egiteko euskal herritarrok dugun asmo honekin. Zinez gustatuko litzaiguke guztiok parte izan ahal izatea”, adierazi dute.

Parte hartzeko, kontsultak egiteko edo oihalak bidaltzeko, idatzi email honetara: gureeskudago.arg@gmail.com.

-Facebook: www.facebook.com/gureeskudago.diaspora
-Gure Esku Dago webgunea: https://gureeskudago.eus


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia