euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gure Ametza Euskal Etxeak eta Rio Cuartoko Unibertsitateak Lankidetza Esparru-Hitzarmena berritu eta hedatu dute

2017/10/16

Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxearen sarrera
Rio Cuartoko Gure Ametza Euskal Etxearen sarrera

PUBLIZITATEA

Hasierako Akordioak urte batzuk baditu ere, aurten berritu duten agirian helburu berriak adostu dituzte Euskal Etxeak eta Unibertsitateak. Hitzarmen berriaren baitan Rio Cuartoko Unibertsitate Nazionalak antolatuko dituen hainbat tailerren egoitza izango da Euskal Etxea eta, aldi beran, Euskal Etxeak bere kultur eskaintza Unibertsitatera garatu ahal izango du. Berri honekin batera, elkartearen 23. urteurrenean, Picassoren Guernicaren erreprodukzio bat inauguratuko dutela jakinarazten digute Gure Ametza-tik.

Rio Cuarto, Argentina. Gure Ametza Euskal Etxeko erreferente den Sergio Eguiazuk azaldu digunez, Elkarrekiko Lankidetza Esparru-Hitzarmen berrian euren hitza ematen dute bi sinatzaileek komunitatearen aldeko proiektuak sustatu eta bideratzeko. “Horrek esan nahi du, batetik", zehazten dio Eguiazuk EuskalKultura.com-i, "aurrerantzean Euskal Etxea, Unibertsitateak antolaten dituen ikastaro, tailer eta ekitaldien egoitza izan ahalko dela. Ekintza hauek Euskal Etxearen inguruko auzokoei begira izango dira, beti ere komunitatearen bizi kalitatea hobetze aldera. Lehenengo ekimena, urrunago joan gabe, aurreratuta dago eta administrazio kudeaketari buruzko tailer bat izango da”.

Honekin batera, “Euskal Etxeak antolatzen dituen kultur jarduerak, Unibertsitateko instalazioetara iritsiko dira eta bertan egin ahal izango ditugu eta horrela errazagoa egingo zaigu unibertsitateko ikasle eta irakasleengana ailegatzea”, azaldu digu Gure Ametza-ko lehendakari ohiak.

Berritze lanak

23 urte beteko ditu aurten Cordoba probintzia argentinarreko Rio Cuarto hirian egoitza duen Gure Ametza Euskal Etxeak eta urteurrena ospatzeko moldaketa batzuk egiten ari dira kideak elkartearen egoitzan. Azken aste hauetan egin direnen artean ate berria eta sarrerako atondoko hobetze lanak aipa daitezke. Sarrerako esparruan, gainera, Picassoren Guernicako erreprodukzio bat jarriko dute apaingarri urrian bertan. Murala 1,10 x 2 metrokoa da eta margolanaren ondoan Gernikan gertatutakoari buruzko testu bat ipiniko dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia