euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Guk', Argentina eta Uruguaiko euskaldunen erradiografia egiten saiatzen den dokumentala

2010/10/08

Nuria Vilalta Mitre Museoan, Liburutegiko arduraduna den Raúl Daniel Escandar-ekin (dokumentaleko fotograma)
Nuria Vilalta Mitre Museoan, Liburutegiko arduraduna den Raúl Daniel Escandar-ekin (dokumentaleko fotograma)
Bost urte daramatza 'Guk' dokumentalaren egilea den Nuria Vilaltak Euskal Herritik kanpo bizitzen. Hala ere, bere lanari buruz hitz egiten duenean bere asmoa euskal nortasunaren indarraren misterioa deskubritzea dela esaten du. “Buenos Airesera heltzerakoan eta euskalduna izanda berehala konektatu nintzen Argentinan dagoen euskal energiarekin”, aitortzen du. “Luzemetraia hau egiteko helburua ez da izan soilik Rio de la Platara etorri ziren euskaldunen historia kontatzea, baizik eta, batez ere, euskaldun horien ondorengoek gaur egun euskal nortasun hori zelan eta zergatik mantentzen duten deskubritzea”. Nuria laguntza bila dabil lanaren postprodukzioa amaitu ahal izateko; banaketan ere ongi etorriko zaio. Gazte bilbotarrak bere proiektuaren xehetasunak azaltzen ditu EuskalKultura.com-ekin izandako solasaldian.

PUBLIZITATEA

Sabrina Otegi/Buenos Aires, Argentina. “Argentinara heldu baino lehen norbaitek dokumental honetan lan egiten bukatuko nuela esan izan balit ez niokeen batere sinetsiko”, erantzuten du Nuriak 'Guk' luzemetraia egitea nola bururatu zitzaion galdetutakoan. Izan ere, Brasilen bizitzetik zetorren eta nahiz eta etorri ere dokumentalgintza ikastera zetorren, bere tematikak beste batzuk ziren.

Nuria Vilaltarekin harremanetan jartzeko helbidea: guk.doc@gmail.com

Hala ere, Argentinara heldu orduko euskaldunen hainbeste aztarna ikusteak euskal immigrazioan murgiltzera bultzatu zuen. "Euskal jatorrizko toponimia eta negozio askoren izen euskaldunak deigarriak dira oso eta begi bistara egiten dute salto. Ez da gehiegi sakondu behar Argentinako historian euskaldunek izan duten protagonismoaz ohartzeko". Nuriak Argentina euskaldunarekin izan zuen lehenengo kontaktua gogorra izan zen. Hain gogorra non, bere buruaren istorioa, euskaldun gisa, beste ikuspuntu batetik ikustera eraman baitzuen: "Sekula ez dut zalantzarik izan nire nortasunaz, baina hemen nagoenetik hobeto ulertzen dut”, azaltzen du zinegileak.

-Noiz ekin zenion dokumentalari?

Proiektua duela urtebete inguru hasi nintzen jorratzen. Euskal-argentinarrei buruzko ikerketak irakurtzen eta kolektibitatean sartzen hasi nintzen behatzaile gisa. Hortik aurrera nire denbora librean elkarrizketak eta ekitaldiak grabatzen hasi nintzen eta, pixkanaka pixkanaka, orain gauden muntaia faseraino heldu gara.

-Bakarrik ari zara lanean edo norbaiten sostengua daukazu?

Proiektu pertsonala da hau. Dokumentalgintza ikastera etorri nintzen Argentinara eta hau klaserako lan bateko ariketa batetik sortu zen. Gero ikerketak arlo pertsonalera pasatu ziren eta jakinminak honaino ekarri nau. Orain arte dena autofinantziatuta izan da eta oso lagun onen laguntza teknikoari esker izan da posible honaino heltzea. Horretaz aparte nire irakasle izandako Daniel Desaloms zinemagile argentinarra izan dut filmaren koordinatzaile eta Miguel Perez, ostera, muntatzaile; orain egiten ari garen muntaiarekin ere ari da laguntzen. Biak zinemagileak eta zinema irakasleak dira Argentinako zenbait zinema eskolatan eta baita Kuban ere.

-Zein da dokumentalaren gai nagusia?

'Guk' Argentina eta Uruguaiko euskaldunen erradiografia bat egiten saiatzen da. Arrazoi ekonomikoak direla eta, batez ere Argentinan zentratzen da baina Uruguaiko hainbat pertsonekin ere harremanetan egon gara euren testigantza ere islatu ahal izateko. Euskal Herriko euskaldunei hemen egiten eta gertatzen denaren berri ematea du helburua. Ni harritu nauten gauzak agertzen dira: bizi istorio pertsonalak, dantzarekiko pasioa, historia euskal argentinarra, gaur egungo ekintza sozialak eta, nola ez, hizkuntzarekiko egiten diren lan zoragarriak. Kolektibitatearen protagonista anonimoak zein ezagunak agertzen dira. Mikel Ezkerro historialariaren ahots espezializatua agertzen da, Eduardo Torry politologoarenarekin eta Carlos Aznarez kazetariarenarekin batera.

Ahalik eta pertsona gehien elkarrizketatzen saiatu naiz eta horretarako hainbat euskal etxetatik mugitzen joan naiz lekukotasun bila. Buenos Airesko Laurak Bat, Eusketxe eta Iparraldeko Euskal Etxea-tik pasatu naiz, baita Bahia Blancako Euskal Etxetik eta San Nicolas, Las Flores eta baita Paranakotik ere. Baina era berean, toki horietan Argentinako eta Uruguaiko gainerako euskal etxeetako pertsonaiak topatu ditut eta baita elkarrizketatu ere. Toki gehiagotara iristea gustatuko litzaidake baina orain arte ez zait posiblea izan.

-Proiektuarekin aurrera egiteko sostengu ekonomikorik izan al duzu?

Ez, orain arte. Momenturarte nik sustatutako proiektua izan da eta ekimen guztiak nire patrikatik irten dira. Nire patrikatik eta nire lagunen musutrukeko lanetik! Orain ordea, post-produkzioa burutu ahal izateko finantziazio bila gabiltza, mota honetako proiektuek diru inbertsio dezentea behar baitute burutu ahal izateko. Ekoiztetxe Argentinar batek interesa dauka ekoizpenkide izaten eta beraz Euskal Herriko ekoiztetxe baten bila ere bagabiltza. Hortaz aparte enpresen finantzaketa laguntzaren xerka ere ari gara.

Dirulaguntza ezinbestekoa dugu. Post-produkzioa oso atal garestia da, makinak behar dira eta makinak pizteko lagun onak ez dira nahikoak. Gero zabalkundea dago, honelako lan bat egin ostean ahalik eta jende gehiagorengana helaraztea da helburua eta horretarako telebistetan, dvd-tan eta zinema jaialdietan ere aurkeztu behar da. Hori guztia egiteko ezinbestekoa da laguntza. Eta ez bakarrik ekonomikoa, zabalkundea ere baizik, hedabideetan agertzea, kontaktuak…

-Noiz pentsatzen duzu bukatuta ikusi ahal izango dugula?

Dena ongi baldin badoa eta dirua lortzen baldin badugu abendurako bukatzea da helburua. Estreinaldiarena beste kontu bat da, baina lehendabizi bukatzen zentratu behar gara.

-Zein hizkuntzan dago dokumentala?

Dokumentala euskaraz eta gaztelaniaz dago. Elkarrizketatu batzuek euskaraz eta beste batzuek gaztelaniaz egiten dute berba, eta nire berbak ere euskaraz grabatu dira. Hizkuntzak parte oso garrantzizkoa dauka film osoan zehar, gure nortasunean daukan bezala.

-Oztoporik izan al duzu errodatzeko garaian?

Neure buruarekiko borroka izan da agian arazorik handiena. Nahi eta nahi ez, ikerketak egiterakoan zeure buruan estereotipo bat sortarazten duzu eta errealitatea estereotipo hortatik libratzeko duzun gaitasunaren pare dago. Elkarrizketetan beti agertu izan dira gauza berriak, batzuetan kontraesankorrak itxuraz. Gauzatxo horiek, sotilak badira ere, aldaketa dezente ekarri izan dituzte eta galdera berri pila. Hiru gidoi egin behar izan ditut hau dela eta. Ez da erraza izan, baina bai liluragarria. Espero dut euskal kolektibitateak honen guztiaren isla topatu ahal izan dezan filmean.

-Zerk harritu zaitu gehien prozesuaren zehar?

Harrigarriena beti euskararekiko maitasuna izan da, eta makina bat pertsonek geure hizkuntza irakatsi eta ikasteko egiten dituzten ahaleginak. Uste dut euskal etxe guztietan hartu dudala sorpresarik. Elkartasuna, istorioak, auzolana, ekimenak… luzemetraian ikusi ahal izango dira, egiazki harritu nauten gauzak. Bestalde hainbat gogoeta eragin didana Euskaldunen Immigrazioaren Aldeko Batzordearen kontua izan da. Gaur egun immigrazioa zelan dagoen ikusita eta Europatik immigranteekiko dagoen konfliktua kontutan harturik Buenos Aireseko portuan soilik euskalduna izateagatik garai batean pasaporterik gabe sartzeko eskubidea zenuela jakiteak hausnarketa dezente sortarazi dit.

-Honen guztiaren ondoren, esan daiteke Argentinara etorri eta gero zure euskal ikusmoldeak aldatu egin direla?

Bai, ez dut sekula zalantzarik izan nire euskal izaerari buruz, baina orain hobetu ulertzen dut. Gure historiaren zati hau ezagutzea falta zitzaidan. Lasaiago nabil orain.

Euskaltasunetik aparte eta estereotipoez lehen esaten nuenarekin bat eginez, lehenengo inpresioekin ez geratzera ere ikasi dut. Bizitzan gehiago sakondu behar da, egiten diren gauza guztiekin, zintzo jokatu nahi baduzu behintzat.

-Zein mezu transmititu nahi duzu zure lanarekin?

Alde batetik hemen egiten dena ezagutzera eman nahi dut, baina helburu zehatz batekin: munduko euskaldunok bil gaitezen! Askok esan izan dute elkarrizketetan eta Carlos Aznarezek oso argi adierazten du filmean: estatu gabeko hainbat naziok euren diasporaren laguntza eta presioari esker lortu izan dituzte euren askatasun helburuak. Nire galdera, geuk zergatik ez, da. Zergatik guk ez dugu gure artean kasik elkar ezagutzen?



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia