euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Guillermo Echenique: "Gobernuak Euskal Etxeekin lankide izan eta euren lana areagotzeko jarrera dauka"

2009/10/26

Guillermo Echenique, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintza idazkari nagusia, elkarrizketa bitartean (argazkia EuskalKultura.com)
Guillermo Echenique, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Ekintza idazkari nagusia, elkarrizketa bitartean (argazkia EuskalKultura.com)
Lau hilabete pasexe daramatza karguan Guillermo Echenique Jaurlaritzako Kanpo Ekintza idazkari nagusiak. Denbora honetan, NABOren Biltzar Nagusian partaide izan eta Estatu Batuetako euskal etxeak bisitatu ditu, eta Lopez Lehendakaria ere lagundu izan du Bruselara egindako bidaian. Urriaren 14an, Echeniquek bere ardurapeko sailaren lerro nagusiak aurkeztu zituen Eusko Legebiltzarrean, eginkizun dituela, besteak beste, munduan dauden Euskadiren Ordezkaritzak eta munduko euskal etxeak. Echenique EuskalKultura.com-ekin solastu zen joan den asteartean, segidan argitaratu dugun elkarrizketa emanez.

Vitoria-Gasteiz. Tratuan erraza eta urduritasun puntu bat duen gizona da Echenique. Irribarre errazekoa, Guillermo Echenique Lopez Lehendakariaren gizona da Kanpo ekintzari dagokionez. Bera izendatu zuen ekain amaieran era uztail hasieran Jaurlaritzak 'gai sentikorra' den Euskadiren Kanpo Harremanen arazoa bideratzeko. Bideratze edo birmoldatze hori, Legebiltzarrean egin berri duen agerraldian azaldu zuen Echeniquek: Ibarretxeren Euskadiko Ordezkaritzak zabaltzeko asmoak bertan behera geldituko ditu oraingo gobernuak, eta lanean zeuden Ordezkaritzak galbahetu eta 'doitu'.

Irundartutako donostiar honekin mintzatu garen berrogei minutuetan, euskal etxeak, Diaspora, Ordezkaritzak eta lehenago Iñaki Agirrek --"ez gara bildu elkarrekin, ez da botere-pasatzerik egon"-- kudeatzen zuen arlo honetako gaiez hitz egin dugu. Solasaldian barrena, Echeniquek berehala gauzatuko den aldaketa txiki, baina esanguratsu izan nahi duen baten berri ematen digu: Orain artean Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritza izan dena, Kanpoko Herritarren eta Gizataldeen Zuzendaritza bilakatuko da aurrerantzean.

-Gobernu aldaketa izan da Euskadin. Zeinu politikoaren, pertsonen eta programen aldaketa esan nahi du horrek. Zertan nabarituko dute Diasporako euskaldunek?

-Lehenengo eta behin esan nahi nuke euskal herritarren zerbitzuan gauden Administrazio bat garela eta, beraz, kanpoko herritarrei eta gizataldeei dagokienez ere hala garela eta lagundu nahi ditugula euren arazoekin eta eguneroko bizitzan. Euren plangintza eta ekimenekin jarraitzea nahi dugu, euren lan sozial eta kulturalekin, euren kultur ondareari eusten eta berau zabaltzen, euskarari dagokionean ere. Zalantzarik gabe Euskal Etxeak laguntzen segituko dugu.

Horrekin batera, plus bat eskatu nahi diegu: benetazko Euskadi anizkoiaren irudia zabaltzen lagun diezaigutela, Euskadi den moduan erakutsiz, demokratikoa, berrikuntzazalea, modernoa, abangoardista, bere tradizioak maite dituena, historian errotuta egonik aldi berean Europako gizarterik aurreratuenetakoa dena. Lankidetza hori eskatu nahi diegu, konplizitate hori, euskal gizataldeei eta kanpoan dauden herritarretako bakoitzari; baita kanpoan dauden baina edozer dela-eta --askotan euren inguruan masa kritiko larregi ez dagoelako-- euskal gizataldetan elkartuta ez dauden herritarrei ere.

Uste dugu euskal herritarrek eta kanpoko gizataldeek, munduan barreiatuta ari diren euskal enpresariek, GKEek, misiolariek --badaude eta, eta asko-- Euskal Herriak dituen egiazko eta lehenengo enbaxadariak direla.

-Oraingoz, eta Euskadiko Ordezkaritzei dagokienez, esan zenuen Legebiltzarrean bloke edo eskualde handitan banatu dituzuela. Zein izan da irizpidea?

-Eremu geografiko handien arabera antolatu ditugu, banaketak eremu ekonomiko handiak oinarri hartuta daude egituratuta, horrekin bat eginik beste interes garrantzitsuak ere agertzen direla, hala nola euskal gizataldeen existentzia, garapenerako laguntzak hartzen dituzten herrialdeak izatea, eskualdearen garrantzia, zentzu zabal batean, Euskadiren benetazko irudia hedatzeko, eta abar. Ordezkaritzak lehio bat dira, eskualde horretako herritar guztiei eta Euskadirekin interes erlazionatuak izan ditzaketen enpresei zabalik dagoen ate bat. Eta, jakina, Ordezkaritzen lan esparru bereizi bat euskal gizataldeekikoa da.

Irizpide horiek oinarri, Bruselan dagoen Europar Batasuneko Ordezkaritzaz gain, beste lau Ordezkaritza finkatu ditugu: Argentinako Ordezkaritza (Mercosur), lan esparrutzat Brasil, Uruguai eta Paraguai ere hartzen duena; Kolonbiako Ordezkaritza, Venezuela eta Ertamerika biltzen dituena (Cafta); Estatu Batuetakoa (Nafta), Mexiko eta Kanadarekin; eta Txilekoa, Peru ere barne.

-Eten egiten da beraz Ibarretxeren gobernuak Ordezkaritza berriak sortzeko zeraman politika. Mexikoren kasuan, aldaketak egungo Ordezkaritzak izaera hori galdu eta New Yorkekoaren azpiko bulego bihurtzen dela dakar.

-Ipar Amerikan bi Ordezkaritza zeuden orain artean zabalik, eta beste bat zabaltzeko plana zegoen, Quebec-en. Hortik Ordezkaritza bakar batera pasatu gara, New Yorken. Mexikok Ordezkaritza izateari utzi eta New Yorkeko Ordezkaritzaren bulego bat izatera pasatzen da. Ordezkaria bakarra izango da Estatu Batuak, Mexiko eta Kanadarentzat, eta horrek, seguruenik, hilabetean behin astebete Mexikora bidaiatzera behartuko du ordezkaria, edo berak hobekien jotzen duen kontrol edo harreman mota ezartzera Ordezkaritzak eta bulego hori behar bezala koordina daitezen.

-Mexiko herrialde garrantzitsua izan da historian, Diasporari eta euskal kanpoko harremenei dagokienez... Zein irizpidez hartu da erabaki hori?

-Ahots bakar batez jokatu nahi dugu eremu oso horretan. Merkataritza Libreko Hitzarmena funtsezko eremua da ekonomia arlotik begiratuta. Eta modu erabat koordinatu eta bateratuan jokatu nahi dugu.

-Ekonomiaz hitz egiteak esan nahi du nazioarteko euskal egitura handienaz mintzatzea, esan nahi baita SPRI eta bere sareaz. Kanpo Ekintzak eta Ordezkaritzek koordinazioa beharko dute hor ere.

-Eusko Jaurlaritzak bulego eta ordezkari komertzialak dauzka mundu osoan zehar SPRIren bitartez --Industria departamentuari lotutako baltzu edo sozietate publikoa da SPRI-- eta euren bulego eta ordezkariak Euskadiko ordezkari komertzialak dira. Euskadiko Ordezkaritza bat daukaten herrialdeetan, jakina, SPRIren bulegoa Ordezkaritzan integratuta egongo da.

-Horrek Jaurlaritza barruko koordinazioa eskatzen du, Industria departamentuarekin edo, estareako, beste adibide batean, Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendaritzarekin...

-Alor bakoitzeko politiken zuzendaritza eta kudeaketa alor horri dagokio, esaterako, kanpoko euskal herritarrei eta gizataldeei dagokienean --bide batez, esan dezadan, dekreto berrian izena aldatu eta Kanpoko Euskal Herritar eta Gizataldeen Zuzendaritza izatera pasatuko dela-- Zuzendaritza horri dagokio eta Ordezkaritza sarbide bat da, lehiatila bakar bat, beste tresna bat politika horiek eta Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Ekintzako gainerako politikak eragin eta gauzatzeko.

-Espainiako Enbaxadekiko koordinazioa aipatu izan duzu. Nolakoa zen koordinazio hori orain artean?

-Susmoa dut ahal zen neurrian ekidin egiten zela enbaxadekiko harreman instituzionala, nahiz eta maila pertsonalean harremanak bikainak izan zitezkeen. Guk pentsatzen dugu Jaurlaritzaren Kanpo Ekintza eraginkorra izan dadin koordinazioan eta osagarritasunean behar dugula egin, osagarritasuna izango litzateke, bai, hitza,  Espainiako enbaxadekin. Finean, Espainiako enbaxadak Euskadiko enbaxadak ere baitira eta indarren eta ahaleginen metaketa funtsezkoa baita helburu ipini ditugunak erdiesteko. Horri dagokionez, leialtasunez jokatuko dugu parte garen Estatuarekiko.

-Aipa ditzagun Euskal Gizataldeak. Posible izango litzateke lasaitzen saiatzea Jaurlaritza berriak dirulaguntzak moztu eta murrizte aldeko politika gauzatu nahi duela entzun duten euskal etxeak, asko baitira...

-(galdera moztuz) Erabat. Alderantziz gertatzen da. Hurbiltasuna eta afektua daukagu haiekiko. Jakitun gara euskalduntasunaren parte garrantzitsua direla, eta ezin dela ulertu Euskal Herria kanpoko herritarrak eta euskal gizataldeak gabe. Hau ez da berria. Historikoki izan da honela. Beraz, gobernu honek Euskal Etxeekin lankide izan nahi du eta euren lana areagotzeko jarrera dauka, euren lana egin dezaten.

-Zer nolako eragina izango du bizi dugun krisi ekonomiko larriak euskal etxeekiko dirulaguntzetan?

-Mozketarik badago, aurrekontuaren mozketa orokorraren hein berekoa izango da, krisiaren eraginarengatik eta sarreren murrizketarengatik. Printzipioz, asmoa ekimenetarako diruak mantentzea da  eta, edonola ere, zerbait moztu behar bada, inbertsioen aldean egingo genuke, uste baitugu krisi garaian beti atzeratu daitekeela inbertsioren bat eta hurrengo urterako utzi. Edonola ere, ez da mozketa handia izango.

-Urtea oso aurreratua dago eta Euskal Etxe asko urduri daude Euskal Etxeentzako 2009ko deialdi orokorraren emaitzen zain...

-Hala da. Ulerkorrak izan daitezen eskatuko diegu. Badakigu urteak aurrera egin duela, baina kontutan hartu behar da uztaila arte ez ginela sartu Kanpo Ekintzan. Ebazpena, guri, Zuzendaritzari dagokigunez, bukatua eta egina dago, eta une honetan [joan den asteartea ari da] Ogasuneko eta Interbentzioko tramiteetan dago. Gizataldeetarako zuzendaria, Julian Celaya, Argentinara doa nire enkargu pertsonalarekin hau guztia Bahia Blancako Euskal Astean azaldu eta, ordurako ez bada oraindik Agerkari Ofizialean argitaratu, edukiaren berri aurreratu diezaien euskal etxeei.

-Zerorrek gogora ekarri duzunez, uztailetik, lau urte pasexe daramazu karguan. Zein zailtasunekin eta zein sorpresa positiboekin topatu zara, halakorik izan bada, denbora honetan?

-Zailtasunik, orain artean ez dugu zailtasun berezirik topatu, ez badira alor berri batean hasten zarenean lurra hartu arte gerta daitezkeen gauzak. Sorpresak... sorpresak baino gehiago, baieztapenaz hitz egingo nuke, baieztatuta ikusi baitut aurretik neukan sentsazio bat, pentsatzen bainuen kanpoko euskal komunitateak aniztasun handikoak direla, Euskal Herria bera den bezalaxe. Zentzu horretan, pertsona batzuek alibioa hartu dute, gogo handiz baitzeuden Euskadiren irudia bere aniztasun osoan erakutsia izan zedin.

Hortik landa, gauzatxo bakar bat egon da, komunikabideek islatu dutena; FEVAren gutun batez ari naiz, nolabaiteko ikutu politikoa aipatutzen zuena, Argentinako euskal etxeen sorreran legokeena. Neronek asko erlatibizatzen dut gutun hori. Guretzat inportanteena baita gutun hori hartu eta egun batzutara oso gonbidapen adeitsua jaso dugula Bahia Blancako Euskal Astean parte hartzeko, Lehendakariari, Gizataldeetako zuzendariari eta neri zuzendua. Ni gonbidapen honekin geratzen naiz, esan bezala adeitsua dena, eta lankide izateko eta kooperaziorako gogoa agertzen duena, horiek dira, izan ere, geure jarduna bultzatzen duten asmoak.

-Gutun horren ondoren, oker ez banago, FEVA Argentinako Euskadiko ordezkariarekin bildu zen, Elvira Kortajarenarekin. Argitu dira gauzak?

-Nik esango nuek baietz, argitu direla. Guk ez dugu egingo pertsonen ideologiari lotutako politika bat, nahiz eta badaukagun oinarrizko printzipio bat, mundu osoko euskaldunok partekatzen duguna --kopuru txiki bat salbu, Euskal Herrian bezala-- oinarri oinarrizkoa, hala nola besteekiko ideiak errespetatzea, eta Zuzenbide Estatua eta demokrazia errespetatzea. Hor mugitzen da gure jokabidea.

-Elkarizketaren azken txanpara ari gara hurbiltzen. Gai ekonomikoa bat, baina pixkat haratago doana aldi berean: Harremanik izan duzue Emprebask-ekin, euskal jatorrizko enpreariekin elkarteekin, Txilen edo Mexikon esaterako, edo Estatu Batuetan?

-Gai horri ekiten bukatu behar dugu. Kointzidentziaz, bertan behera geratu berria da Empresbask-Txilerekin egun hauetan egin behar genuen elkarrizketa bat. Kontaktu hori noiz edukiko zain gaude gaiari ekiteko.

-Estatu Batuetan aurten ari ziren sortzen Emprebask, euskal jatorriko enpresarien elkartea, eta urratsak dezente aurreratuak zeuden, zenbait urrats eta bilera egin ondoren urtea bukatu baino lehen funtzionatzen hasteko, hori guztia Estatu Batuetako Euskadiko Ordezkaritzatik eragin eta babestua. Nola geratu da hori?

-Ba geratu egin da. Izozkailuan sartu dugu bertako Euskadiko Ordezkari berria izendatu arte. Parentesian gaude eta ondoren euskal jatorriko enpresariekiko harremana berriz hartuko dugu gisa horretan edota beste batean. Oraindik itxi ez dugun gai bat da, lehen aipatutako bileraren zain.

-Beste gai garrantzitsu bat, euskal etxeetan eragin handia daukana: Etxepare Institutua. Aurreko legealdi batean kontrako botorik gabe onartu zuen Legebiltzarrak eta denbora ari da hartzen abian jartzeko. Behin lanean hasten denean Jaurlaritzaren nazioarteko kultura arloko ekimenak hartuko ditu bere gain, tartean euskara eta euskal kultura lektoretzak munduko hainbat unibertsitateetan, euskal etxeetako euskara eskolak, zine erakustaldiak, arte ekitaldiak, bateko eta besteko mintzaldi, liburu azoketan parte hartzeak eta, oro har, euskal kulturaren proiekzioa munduan.

-Nik esango nuke 2010. urtean ekingo zaiola Etxepare Institutuari. Kultura Sailaren baitangoa da, baina tresna bat da, beste zenbait bezala Kanpo Ekintza globalerako funtsezkoa den gobernu arlo batean kokatua. Badakit Blanca Urgell sailburua eta Etxezarreta sailburuordea lanean ari direla, Institutuari ezarri nahi dizkioten ukitu berriak ematen. Zalantzarik gabe, kanpoan euskarari laguntza ematen segitzeko bitarteko garrantzitsua izango da. Lehenengo zirriborro eta abiapuntuak marraztuta ditu.

Kanpo Ekintzan geure buruari Aste Santua jarri diogu epe bezala guztia prest edukitzeko Kanpo Ekintza Planaren baitan, bertara bildurik Jaurlaritzaren Kanpoko ekinbide guztiak, tartean Garapenerako Kooperazioa, gai ekonomikoak, arrantza bzalako gai sektorial batzuk eta Jaurlaritzako sailetatik Kanpoan eraginik izan dezakeen zernahi, zuzenean Kanpo Ekintzak kudeatzen dituen gaiekin batera, esan nahi baita multilateralismoa, Euskadiren proiekzioa Kanpoan, Euskal Gizataldeak, eta abar.

-Badakit Lopez Lehendakariak duela gutxi Bruselas egin zuen bidaia ofizialean harrera-ekitaldi bat izan zuela bertan bizi diren euskaldunekin. Noizko bidaia bat Ameriketara eta lehenengo topaketa bat gizatalde euskal-amerikar batekin?

-Ixten ari gara Lehendakariaren agenda datorren urterako. Seguruenik urteko lehenengo seihilabetekoan Lehendakariak Ameriketako herrialde bat bisitatuko du euskal enpresari espedizio bateko buru. Hori izango da gizataldeekin leta euskal herritarrekin ehenengo kontaktua izateko aukera. Bestalde, ostiral honetanxe [joan den ostiralaz ari da] Lehendakariak Espainiako Euskal Etxeetako ordezkariak agurtuko ditu, Gizataldeetako zuzendariarekin lan-egun bat gauzatzera etorriko baitira Gasteizera.

-Edonola ere, badiru Patxi Lopez present egongo dela berehala hasiko den Bahia Blancako Euskal Astean bideokonferentziaz...

-Esan dezakedana da, bideokonferentziaz izan ala Gizataldeetako Zuzendariak bere hitzak irakurriz izan --egingo den formatoa erabaki gabeko gauza da orainik--, Lehendakaria zuzenean egongo dela ordezkatua Euskal Asteko ekitaldietan Gizataldeetako zuzendariaren bidez, eta berak helaraziko dizkiola Patxi Lopezen hitzak eta mezua euskal argentinar gizataldeari.

-Noizko izendatzeke geratzen diren Euskadiko ordezkariak? Brusela, Txileko Santiago, Bogota eta Nueva York?

-Oraingoz Elvira Kortajarena Buenos Airesen eta Ignacio Martinez, Bogotan izendatu dira. Geratzen direnak, nik datozen asteotan esango nuke. Zein soslaia izango duten? Kualifikazio eta munduko ezagutza altuko pertsonak izango dira, Nazioarteko Harremanetan iaioak, sentiberak herritarrekiko eta kanpoko euskal gizataldeekiko, eta egin behar duten lanaren zentzu politikoa izango dute.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia