euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gral. Rodriguezko Eusko Aterpea Euskal Etxeak abian jarri du 2010eko ekintza egitaraua

2010/02/26

Eusko Aterpea euskal etxeko kideak eraikitzen ari diren egoitza
Eusko Aterpea euskal etxeko kideak eraikitzen ari diren egoitza

PUBLIZITATEA

Hamar urte bete zituen iaz Eusko Aterpea Euskal Etxeak eta hamarkada osoan etengabeko lanean egon dira murgilduta erakundeko lagun eta bazkideak. Euskal jarduera guztietan ikusi ahal izan dira: Euskal Echea Institutuak antolatutako umeen topaketetan, Euskal Astean, Argentinan Euskaraz programan, eta beste euskal etxe batzuen jai eta elkarretaratzeetan. Horretaz gain, poliki-poliki amaitzen ari diren euren egoitzan ere aktibitate asko antolatu dituzte, besteak beste, 'Hitz Nagusiak' zikloa, zine emanaldiak, hitzaldiak eta kontzertuak. Orain, urte berriari begira, zenbait proposamen helarazi dizkete herriko euskaldunei eta euskaldunen lagunei.

Gral. Rodriguez, Argentina. Euskal dantzak Euskal kultura erakusteko oso era polita, koloretsua eta alaia dira. HorHorregatik seguruneik euskal etxe gehienek ahalegin handia egiten dute bakoitzak bere dantza taldea sortu eta indartzen. Gral. Rodriguezen badago dantza talde bat eta bihartik, larunbatetik (27tik), aurrera, Itziar Mohr irakaslearen gidaritzapean, larunbatero goizeko 10etatik 12etara elkartuko dira dantzariak entseatzera. Parte hartu nahi duena, gonbidatuta dago.

Euskaldunen hizkuntza ere irakasten eta babesten da Eusko Aterpean. Aurreko urteetan bezala, aurten ere adin guztietakoentzako klaseak egongo dira. Umeentzako tailerrak, joko dibertigarriekin, larunbatetan izango dira, goizeko 11:30etatik ordu batera. Gazte eta helduentzako klaseak berriz, larunbatetan, arratsaldeko 3:30etatik 5etara. Ikasturtea martxoaren 27an hasiko da eta izena emateko, Euskal Etxeko Nikomedes Iguain Azurza Liburutegian egin behar da. Ordutegiari dagokionez, astelehenetan, asteazkenetan eta ostiraletan arratseko 4etatik 7:45etara egongo da irekia. Momentu honetan liburutegiak 6994 liburu ditu eta dohaintzak onartzen ditu.

Bukatzeko, Eusko Aterpeak 'Afari Hotz' batean parte hartzeko gonbitea luzatu du. Afaria datorren astean, martxoaren 6an, izango da egoitzean bertan, Mitre Kalean 370 zenbakian, gaueko 9etan, etxeko Elkarte Gastronomikoak antolaturik. Menuak lehenengo eta bigarren platera izango ditu, edariak eta postrea. Helduentzako sarreraren prezioa 50 pesokoak izango da; umeena, berriz, 30koa. Erreserbak egiteko epea martxoaren 4an bukatuko da. Afarian lortzen den dirua euskal etxeko obretarako izango da.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia