euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gonbidapena Diasporako euskara ikasleei ‘Euskaraz beti aurrera’ ipuin eta bideo lehiaketan parte hartzeko

2017/10/13

Lehiaketaren afixa
Lehiaketaren afixa

Buenos Airesko Eusketxe-Euskal Kultur Etxeak antolatuta, lehiaketak maila guztietako euskara ikasleei dago zuzenduta eta bi kategoria ditu: Ipuin laburrak eta Bideoak. Lanak bidaltzeko epea urriaren 31an bukatuko da eta sariak –euskarazko liburu eta diplomak– Euskararen Nazioarteko Eguneko ospakizunean banatuko ditu Buenos Aires hiriburuko euskal elkarte honek.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. "Zer egin dezaket nik euskararen alde" lelopean, ipuin eta bideo lehiaketa jarri du abian Eusketxek. ‘Euskaraz beti aurrera’ izeneko norgehiagoka honetan euskarazko ipuinak eta bideoak aurkeztu ahal izango dira eta maila guztietako euskara ikasleei dago zabalik. Ipuinek laburrak izan beharko dute, gehienez bi orriko luzerakoak; bideoak, esketx motzak izango dira eta gehienez 1:15 minutuko luzeradunak.

Jasotako lanen epaimahaikide izango dira Maizpide Euskaltegiko Jon Urdangarin, Eusketxeko Gabriel Arce, Argentinan Euskaraz programaren ordezkari den Marina Paglialunga eta Eusketxeko lehendakari Maria Elena Etcheverry. Sariak diplomak, euskarazko liburuak eta aipamen bereziak izango dira eta Eusketxek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko antolatuko duen jaialdian banatuko dira.

Lanak urriaren 31ra arte igorri edo helaraz daitezke Eusketxera, emailez, postaz edo zuzenean egoitzan utzita. 

Emailez bidaliz geroz, lehiaketarako propio sortutako helbide elektroniko batetik bidali behar da, egilearen identitatea ez ezagutaraztearren. Eusketxeren hobaki helbide elektronikora behar dira bidali originnalak: eusketxe@gmail.com.

Postaz bidaltzen den materiala gutunazal batean bidali behar da eta honen barruan beste bi gutunazal; batean, lanaren izena eta egilearen ezizena. Bestean, egilearen benetako izena eta datuak. Postaz bidaltzeko helbidea Eusko Kultur Etxea-Casa de la Cultura Vasca, Mexico 1880, 1222 CABA da.

Pertsonalki eramateko, aipatutako helbidera eraman behar dira lanak, ostegun eta ostiraletan, 15etatik 20etara.

Emaitzak Eusketxeren blogean argitaratuko dira.

Informazio gehiago eskuratzeko, klik hemen.

Antolatzaileen esanetan Maria Elena Etcheverryk adierazi duenez, “ekimen honen helburua euskara eta euskararen erabilera bultzatzea da eta Bernard Etxepareren esaldiak dion bezala, ikasleek ikasgeletan erabiltzen duten euskara kalera ateratzea: Euskara jalgi hadi plazara”.

Eusketxeko euskara eskaintza

Eusko Kultur Etxeak euskara ikasteko aukera ematen du Buenos Airesen. Mexico kalekobere egoitzan hiru orduko klaseak ematen ari da aurten, goizean zein arratsaldean, eta bai aurrez aurreko ikastaroetan zeib bideokonferentzia modalitatean ere. Etcheverryk jakinarazi digunez, datorren urteari eskaintza bera egiteko asmoa dute; hau da, hiru orduko eskolak goizez eta arratsaldez. “Oso zaila da Buenos Airesen mugitzea eta horregatik uste dugu hobe dela hiru ordu horiek saio bakar batean ematea, honela ikasleen beharretara moldatuz”, azaldu digu Eusketxeko lehendakariak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia