euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro ederrean ospatu ditu San Frantziskoko 'Basque Cultural Center' Euskal Etxeak bere 35 urteak

2017/02/23

San Frantziskoko Euskal Etxeko kantxa otordu tenorean joan den asteburuan (argazkiak EuskalKultura.com)
San Frantziskoko Euskal Etxeko kantxa otordu tenorean joan den asteburuan (argazkiak EuskalKultura.com)

Euskaraz Gure Euskal Etxea ere deitua, San Frantziskoko Basque Cultural Center (SFBCC), Kalifornian (AEB), sortu zeneko 35. urteurreneko festetan ibili da joan den asteburuan. Euskal erreferentzia da AEBetako Mendebalde kostan, eta larunbat-igandeko programa batez ospatu ditu urteak, Euskal Herritik ekarritako pilotari eta musikarien, eta Kalifornia eta inguru zabal batetik bildu zaizkion lagunen partaidetzaz ospatu du, arrakastaz, urtebetetzea.

PUBLIZITATEA

South San Frantzisko, AEB. Besta polit batez ospatu du joan den asteburuan San Frantziskoko euskal komunitateak "Basque Cultural Center" Gure Euskal Etxearen 35. urtebetetzea. Larunbat-igandez jende andana ederra bildu da South San Frantziskora, urtero otsailean egiten den urtebetetze hitzordu honetara, Ipar Kaliforniako euskal amerikarren presentzia eta azkardura ospatu eta lagunekin denbora goxoa pasatzeko, Euskal Herritik gonbidatutako musikariak eta pilotariak lagun, eta etxeko euskaldunek ederki apailatzen dakiten janaria eta giroa ere tarteko. Larunbat eta igandez Joko Garbiko eta esku huskako partidak egin dira etxeko pilotalekuan, eta egun batean zein bestean Alex Diharce eta Ketxoren musika lagun kantatu eta dantzatu dute bildutakoek.

Igande goizean, aita Mixel Lastirik emaniko mezak --ohi bezala Klikak, Zazpiak Bat-eko dantzariek eta Elgarrekin koralak ederturik-- abiarazi zuen eguna, Johnny Curutchet-en bertsuek sentimendu eta hunkigarritasun puntu berezia ezarririk. Izan ere, meza ondotik egin zen "Bizi Emankorra" sarien ematean ere, Curutchet-ek dakien bihotz ximiko hori sortarazi zuten bere bertsuek. Aurtengo saridunak, merezimendu handiz hautatuak, Angel Arriada, Louis Marticorena eta Jeanne Mazeris izan dira, bakoitzak istorio diferente batekin, baina guztiak euskaldunendako eta euskal kulturarendako langile azkar San Frantziskon. Eurentzat izan ziren Johnnyren bertsuak eta Zazpiak Bat dantza taldekoen ohorezko dantza. Zorionak!

Igande arratsaldean, Joko Garbin Eneko Sarratia-Bruno Irachabal bikoteak 40-37 irabazi zakon Ximun Destaillac-Pantxo Lissar bikoteari; eta esku huska, Xabi Santxo eta Asier Etxebarria nagusitu zitzaizkien Imanol Legarreta eta Andoni Mendinuetari. Eurekin zegoen Euskal Federazioko buru Gotzon Enbilek Euskalkultura.com-i esanik, "hasieran erraz joan ziren irabazten, baina geroago indarrak pixkat parekatu eta 22-19 izan da azkeneko emaitza; partida pollita eta jokaldi pollitak ikusi ahal izan dira", laburbildu du pilotaldia gure buletin honentzat.

Pilota partiden ondotik ere, kantu, dantza eta solasak, eta giro onak segitu zuten San Frantziskoko Gure Euskal Etxean. Lehenago gaztetxo zen SFBCC, denborarekin 35 urteko heldua bilakatu da gaur egun; hein batean gaztetasuna gordetzen du oraindik, baina geroa segurtatzen belaunaldi berriekin gogor segitu behar du lanean, geroa ez baitago bermatua, sekula bermatua egotekotan. Zorionak San Frantziskoko Gure Euskal Etxea!


Argazki galeria



Komentarioak

  • Tentatu nauzue

    Aurten berandu jakin dut, datorren urtean garaiz galdetuko dizuet eta saiatuko naiz joaten eta uzten badidazue parte hartzen. Zirraragarria iruditzen zait hemen deskribatzen den San Frantzisko euskalduna ezagutzea

    Isabel Arregi (Bilbo), 2017/02/28 04:19

« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia