euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Giro bikaina eta urte osorako proiektuak Argentinako Udako Euskal Unibertsitateko laugarren edizioan

2012/02/21

UVV-ren ikasle eta irakasleak 2012ko ikastaroaren amaieran (argazkia EuskalKultura.com)
UVV-ren ikasle eta irakasleak 2012ko ikastaroaren amaieran (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Bertako Euskal Echea Institutua bultzatzaile eta babesle nagusi garatu dira Buenos Aires hiriburuan 2012ko UVVren (Universidad Vasca de Verano) eskolak. Ikastaroa otsailaren 6tik 17ra luzatu da, aurreko edizioetan bezala ikasleek egindako idazlanen aurkezpenekin eta publiko osoari zuzendutako hitzaldi eta brindis batekin amaitzeko. Urteko lehenengo ekitaldi nagusi hau bukatuta, plan anitz dituzten UVVko arduradunek 2012rako, tartean euskarari eta Nafarroaren historiari buruzko ikastaroak eta edizioko idazlanak bilduko dituen liburuaren aurkezpena Buenos Aireseko Liburu Azokan.

Buenos Aires, Argentina. Arrakastatsua suertatu da Buenos Airesen joan den ostiralean amaitu zen Argentinako Udako Euskal Unibertsitatearen IV. edizioa. Arrakastatsuak klaseak, irakasleen jarduera eta ikasleen ardura. Baina beste inork baino baino hobeto esperientzia honen egileek berek konta eta komenta dezakete nola izan den bi asteko ikastaldi hau. EuskalKultura.com ikasleetako batzuekin mintzatu da euren iruzkinak bildu eta buletinaren irakurleekin partekatzeko:

-Delia Arrizabalaga: “Euskara non ikas nezakeen begiratzen ari nintzen internet-en eta UVVrekin egin neun topo. Poz-pozik nago, uste baino askoz hobea izan da, batez ere gaiak era sakon eta serioan garatu direlako. Oso eroso sentitu naiz gainera, eta garrantzitsuena, asko ikasi dut. Nire kasuan, ez dut idazlana aurkeztu, oso zorrotza naizelako neure buruarekin. Uste nuen denbora ez zela nahikoa izango gaia ondo garatzeko: errespetuagatik izan da, ez nire lana ez egitegatik, ez pentsa!”, azaltzen du Deliak irribarrez, eta jarraitzen du: “datorren urtean berriro egingo dut, jadanik pentsatuta daukat gaia: Chillida eskultorearen lana eta pentsaera”. Deliaren aita Iruñekoa zen eta 11 urte zituela etorri zen Argentinara.

-Emma Di Girolamo Fagalde De Barbero: “Nire laugarren aldia da hau Udako Euskal Unibertsitatean, eta nolabait fundatzaileetakoa sentitzen naiz. Jarraitu egiten dut, beti zerbait ateratzen dudalako klaseetatik. Bitxia bada ere, UVVra nire senar piemontearragatik hurbildu nintzen, berak ikusi baitzuen publizitatea Juan de Garay Fundazioan. Esperientzia hain ona izan da, beti bueltatzea erabaki dudala eta horretaz gain urtero bestelako ekintzetan ere hartzen dut parte. Idazlanari dagokionez, aurten kirolari buruzkoa egin dut. Paleta argentinarrari buruz, hain zuzen. Nire familia osoak praktikatzen du, beraz kirola nola den azaldu eta horrekin lotura dituzten nire bizipenak ere aipatu ditut. Lan hauetan polita izaten da ukitu pertsonala jartzea”. Emma, Entre Rios probintziako Concordia herrian jaioa da, eta piamontear pilotazale batekin dago ezkonduta. Bere aitona-amonak Lapurdi eta Baxenabarrekoak ziren, aitona Bidarrai eta amona Biarritzekoa.

-Silvia Latasa: “Facebook bidez heldu zitzaidan UVVen parte hartzeko gonbitea. Interesgarria bezain hunkigarria iruditu zitzaidan programa eta izena eman nuen. Ez nuen imajinatu momentu hartan zer-nolako mundua irekiko zitzaidan. Nire idazlanaren gaia, XIX. mendeko euskal margolariak izan da, abertzaletasunari, Industria-iraultzari eta burgesiarekin lotuta. Nik barne-dekorazioa ikasi nuen, orain pintura ikasten ari naiz eta margotzeko hainbat paisaia, gai eta motibo ditut”. Silviaren aitona eta aita Latasakoak, nafarrak, ziren. Bera, Buenos Aireskoa. “Egun hauetan ikasitakoari esker, aitarengana hurbildu naiz, bere nortasun zorrotzarengana”.

-Amelia del Carmen Chasco: “Honekin hirutan egin ditut UVV ikastaroak. Bueltatu egiten naiz batez ere jendearengatik. Oso talde polit eta sendoa sortu da, eta urtean zehar UVVren beste ekintza batzuk ere egiten ditugu elkarrekin. Iaz, esate baterako, Carlos Irisarrik emandako euskara ikastaro trinkoa egin genuen. Lanari buruz, eta neu literatura irakaslea izanik, literaturaz idatzi dut oraingoan. 'Euskaldunak Amerikako bi idazlerengan' izenburuko testuan, Roberto Arlt-en  'Aguafuertes porteñas' eta Ernest Hemingway-ren 'Fiesta' ikertu ditut. Oso liburu ezberdinak izan arren, bietan ikus daiteke euren Euskal Herriarekiko mirespena. Idazle argentinarrak euskal gai batzuk garatzen ditu; Hemingway-k, berriz, Sanferminak deskribatzen”. Ameliaren aitona-amonak, aitaren aldetik, Bargotakoak ziren, Nafarroakoak. Bera Buenos Aires probintzian jaio baina hiriburuan bizi da. “Euskal Herrira joaten naizen bakoitzean gero eta sentimendu handiagoa ekartzen dut”.

-Silvia Azpiazu: “'Buenos Aires celebra' jaialdian ezagutu nituen biak, Udako Unibertsitatea eta Euskal Echea Institutua. Nik bitxi-stand bat jarri nuen egiten ditudan bitxiak saltzeko. Gero Euskal Echea-koek gonbidatu ninduten stand bera urte amaierako jaian antola nezan eta hala egin nuen. Unibertsitatean parte hartzea proposatu zidatenean, baietz esan nuen berehala. Lapridakoa naiz eta bertoko euskal etxean euskal bitxigintzari buruzko ikastaroa ematen dut. Historia, geografia, kultura eta arte arloetako kontzeptuak lantzen ditugu gero gure artelanean aplikatzeko. Ezagutza hori sendotzeko primeran etorri zitzaidan kurtsoa. Oso erosoa da den-dena leku berberean izatea. Oso gomendagarria da, gainera. Idazlanari dagokionez, eta nire bitxiak egiteko lauburuaren irudia erabiltzen dudanez, lauburua bera ikertu dut. Historia, nola aldatu den historian zehar eta zer dakien jendeak irudikatzen duenari buruz. Euskal Herrian ikur instituzionalak eta folklorikoak daude; lauburua azken hauetako bat da”. Silviak ez daki zehatz-mehatz zein herritatik etorri zen Argentinara bere familiako lehenengo Azpiazu hori, baina argi dauka lauburua bere ikurra dela.

-Edelma Valencia de Echave: “'Buenos Aires celebra' festan izan nuen UVVko berri, arduradunek esanda. Eta eurekin bizi izan dudan esperientzia bikaina izan da. Ez nekizkien gauza anitz ikasi ditut. Azpimarratu beharra dauzkat irakasleen maila eta taldearen giroa. Biak primerakoak izan dira. Ezin da gehiago eskatu. Idazlanari dagokionez, bidetxiorretan ibiltzea edo xendazaletasuna hartu dut gai gisa. Aitona-amonak nafarrak ziren, Muruarte de Reta eta Aresokoak, eta herriak hain txikiak zirenez ez ziren ia mapetan agertzen. Lehengusu tolosar batek, mendizalea denak, lagundu zidan aurkitzen eta xendazaletasunean erabiltzen diren mapak oso zehatzak direnez, hor aurkitu genituen herriak; lehengusin batek eraman ninduen ezagutzera. Denborarekin ulertzen ikasi nuen diziplina honek euskaldunek euren lurrarekiko duten harreman estuarekin lotura handia duela”. Edelma Suipachako Gure Txokoa euskal etxeko kide da eta Buenos Airesera hurbildu da UVVn parte hartzearren.

-Guillermo Villate: “La Platako Euzko Etxeko euskara ikaslea naiz eta hor jakin nuen Unibertsitateari buruz. Esperientzia oso motibagarria eta ona izan da. Ideia orokor bat ekarri dit eta batez ere buruan neuzkan datu ugari –nire kabuz eskuratuak– antolatzeko tresnak. Idazlana euskarari buruz egin dut. Jakinmin handia piztu izan didate beti euskararen sorrerarekin lotuta dauden misterioek. Banekien teoria asko zeudela horri buruz eta idazlanean antzinako hizkuntzak eta euskara lotzen dutenak aipatzen ditut”. Euskal Herrian egonda aurkitu zuen Guillermok bere aitonaren herria, Gaztela-ko Gobantes, Arabatik 5 kilometrora eta Villate izeneko herri batetik 3 kilometrora dagoena. “Gaur egungo mugatik hain hurbil egonda, pentsa daiteke aitona euskalduna zela. Abizen ibero-euskaldunei buruzko ikerlan batean ere aurkitu dut”.

-Marite Echegoyen: “Lagun batek bidali zidan UVVren ikastaroa egiteko gonbitea duela hiru urte. Euskal jatorria dudanez aukera polita iruditu zitzaidan, hurbildu nintzen UVVra eta geratzea erabaki nuen. Urtean zehar lan handia egin dugu antolatzaileekin; asmoa da proiektua sendotzea. Nire idazlanean, euskal janariari buruz idatzi dut. Baina ez errezetei buruz, baizik eta zer jan izan zuten euskaldunek historian zehar. Erromatarren garaira “bidaiatu” nintzen eta aurkitu nuen, adibidez, arrainezko garo izeneko zopa hartzen zutela. Espezia asko erabiltzen zituzten. Kontserbazio arazoak zeuden eta batez ere janariaren ustel-usaina nabaritu ez zedin. Horrek asko harritu ninduen”. Maritaren aitona-amonak, amaren aldetik, nafarrak ziren, Lizarrakoak. Aitaren aldetik, berriz, Etxegoien eta Azparrengoak. “Munduko nire leku kutunena zein den esan beharko banu, Lizarra dela esango nuke, dudarik gabe”.

-Jorge Otaño Piñero: “Ezer baino lehen esan behar dut UVV proiektua oso arraskatsua dela euskaldunen ondarea zabaltzeko lanean. Hau laugarren aldia dut eta aurten hautatu dudan gaia itsasoa izan da. Itsasoa konkistaren bidea izan zen baina bide batez esan nahi dut euskaldunek Amerika aurkitu zutela euren Ternuarako bidaietan. Eta Euskal Herriko itsasgizonek emandako informazioa oso baliogarria izan zela Cristobal Colon-en espedizioan”. Jorge Otaño UVVko ikasle eta irakaslea da. “Gipuzkoatik Rio de la Platara 1846. urtean etorri zen Fernando Otañoren birbiloba naiz ni”.

-Roberto Carrera: “Juan de Garay Fundazioko kide naiz eta hor ezagutu nuen Unibertsitatea. Oso konforme nago ikastaroarekin. Irakasleak ahalegin handia egin dute eta ikasleok ere bai. Ez genuen klaserik galdu nahi, eta gure artean oso giro polita sortu da. Azken lan gisa ipuin bat idatzi dut. Sorgin-ipuina. Badakizu amaren irudia oso garrantzitsua dela gure bizitzan eta beti gogoratu ohi dugula berak esaten ziguna. Amak sorgin-ipuinekin beldurtzen ninduen zopa har nezan. Denborarekin Zugarramurdi bisitatzeko aukera izan nuen, sorgin ugari erre zituzten lekua. Herrian ibili nintzen eta isiltasun handia somatu nuen, baita tristura eta mina ere. Ipuinean kontatzen dudanez, aurkitu nuen gauza bakarra katu beltz bat izan zen”. Robertoren aita Bilbokoa zen; bera, berriz, Buenos Aireskoa. “Oso polita izan da niretzat herri hartan izandako esperientzia kontatzeko aukera izatea”.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia