euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gero eta gehiago dira Diaspora gertutik ezagutu nahi eta Arrecifesko Euskal Etxearengana jotzen duten euskal eskolak

2017/11/23

Santa Teresita Institutuko ikasleak Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean bisitan
Santa Teresita Institutuko ikasleak Euskaldunak Denak Bat Euskal Etxean bisitan

PUBLIZITATEA

Bigarren urtez jarraian, zenbait ikastoletako ikasleak harremanetan jarriak dira Arrecifeseko Euskal Etxeko 'Lucio Echániz' Liburutegiarekin euskal diaspora argentinarrari buruzko euren informazioa hobetu eta Diasporako Euskal Herria hurbilagotik ezagutu eta galdera-erantzunak trukatzeko. Mota askotako galderak egiten dizkiote neska-mutilek Laura Nobile liburuzainari, gehienak euskal immigrazioaz eta euskal etxeen funtzionamenduaz.

 

Arrecifes, Argentina. Munduko euskal etxeetan sarritan entzuten den galdera da: Zer dakite egiazki, ezagutzen al dute benetan Euskal Herrian euskal diaspora? Galdera horren azpian dagoen susmoa da euskal herritar askok ez dutela ezagutzen Europako Euskal Herritik kanpo bizirik den euskal mundu hau. Baliteke, baina, egoera hori aldatzear egotea. Izan ere, hamar bat ikastoletako ikasleek idatzi diote azken pare bat urteetan Euskaldunak Denak Bat-eko Liburutegiari euskal argentinar diasporari buruzko informazio eske, euskal etxearentzat zein ikasleentzat interesgarri eta aberasgarria den ildo bati eutsiz.

Lucio Echaniz Liburutegiko arduraduna den Laura Nobilek EuskalKultura.com-i azaldu dionez, “Centrovascoarrecifes webgunearen bidez kontaktatu dira ikasleak, iaz eta aurten, eskolako etxeko lan bat egiteko datu bila. Etxeko lanaren gaia, kasu batzuetan, ‘Munduko euskal etxeak’ izenpekoa izan da eta galderetako batzuk hauexek: Noiz heldu ziren lehenengo euskaldunak Argentinara?, Zein euskal lurraldetatik?, Zergatik joan ziren?, Zergatik Argentinara?, Zer egiten dute gaur egun?, Badute lanik?, Ze 'euskal gauzak' egiten dituzte?, Noiz, nola eta zergatik sortu zituzten euskal etxeak?, Zer nolako jendea joaten da? eta Euskaldun sentitzen dira?, batzuk aipatzeagatik”.

Kontsultak bazter askotatik iritsi zaizkie, konparazio Gipuzkoatik (Azpeitia, Lazkao, Usurbil eta Arrasatetik), Bizkaitik (Santurtzi) eta Nafarroatik (Iruñea eta Zangozatik). “Normalean, taldeka idazten digute eta informazioa bidali aurretik Arrecifesi buruzko testutxo bat bidaltzen diet non gaude jakin eta koka gaitzaten. Oso gustura egiten dugu lan hau eta ikasleak oso esker onekoak izaten dira. Iazko Gabonetan, esaterako, postalak bidali zizkiguten”, esaten digu Nobilek.

Arrecifeseko eskolekin ere

Arrecifes bertako eskolekin ere harreman estua dute Euskal Etxeak eta Lucio Echaniz Liburutegiak. Azken boladan eskola eta institutuetako ikasleen bisita ugari ari dira jasotzen. Laura Nobilek errezibitzen ditu gazteak eta erakundearen historiaren laburpena egiten die (1922an sortutako erakundea izanik bost urte eskas barru beteko ditu 100 urte). Erakundeko dantzariak arduratzen dira dantzak azaltzeaz eta jantziak erakusteaz eta Maritxu Rodriguez euskara irakasleak oinarrizko euskara klase bat ematen die. Urrian, adibidez, “Enrique Udaondo” Hezkuntza Institutuko eta Santa Teresita Institutuko ikasleek bisitatu dute Euskal Etxea.

Baina batzuetan alderantzizkoa ere gertatzen da: Euskal Etxea ere ateratzen da eskoletara bisitari eta irailaren 14an, esaterako, Maritxu Rodriguez joan zen hiriko Eskola Teknikora, ‘Guztiok daukagu zerbait irakasteko’ izeneko proiektuaren baitan. Irakasleak Euskal Herriari buruzko eta euskarazko oinarri batzuk azaldu zizkien 4. eta 5. urratsetako ikasleei.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia