euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gernikako Euskal Herria Museoak Diasporari buruzko erakusketa zabalduko du gaur arratsaldean

2016/07/21

PUBLIZITATEA

"Etxetik at.Euskal Diaspora" izenpean, erakusketa Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta urrian egingo diren "Etxetik at. Migrazioak eta kultur ondarea" izeneko Ondarearen Europako Jardunaldien aurrerapena izango da, aurten hogeita bost urte betetzen ari den Gernikako Euskal Herria Museoan. Erakusketaren inaugurazioa gaur arratsaldeko zazpietan egingo da Museoaren egoitzan.

Gernika, Bizkaia. Bizkaiko Foru Aldunditik aditzera eman denez, "Etxetik at. Euskal Diaspora" erakusketak migrazioaren ikuspuntu orokor bat eskainiko du ehun bat objektu oinarri hartuz: oleo, mapa, dokumentazio, ikus-entzunezko, argazki eta abarrek, euskaldunek munduan zehar jarraitutako bide eta bizipenak erakutsiko dizkigute.

Erakusketa museoko materialekin eta objektuekin, gehienbat inguruko familiek etxetik irten eta errealitate berriari aurre egiteak suposatzen duen abenturaren oroigarri gisa kontserbatutako objektuekin osatu da.

Euskal Herria penintsula iberiarraren eta Europako kontinentearen arteko pasabidea izateak, baita itsasoaren presentziak eta izpiritu ekintzaileak ere, euskaldunen mugikortasunean eragina izan dute mendeetan zehar. Testu klasikoetan dagoeneko jasota dago euskaldunak Erromatar Inperioaren hainbat bazterretan zeudela. Merkataritzak eta arrantzak euskaldunak munduan barrena ibiltzera eraman zituen, itsasoan zehar, merkatari gisa Europa Iparraldean eta Sevillan, bakailao-arrantzale eta baleen ehiztari gisa Ternuan eta Islandian ... Estatu Modernoen eraketan ere eginkizun handia izan zuten, militar, eskribau edo jurista gisa Austriarren gorteetan eta Elizan.

Euskaldunek paper garrantzitsua jokatu zuten Mundu Berriaren aurkikuntzaren ostean eta garaiko potentzia europarrekin berdinen pareko harremana izango dute, beti ere Elizaren, Gaztelako Koroaren edo Frantziako erregearen zerbitzupean: konkistatzaileak Mexiko eta Perun, kortsarioak Karibean edo Mediterraneoan, misiolariak Asiako hego-ekialdean, itsasgizonak Itsaso Barean...

Munduan barrena ibilitako euskaldunen zerrenda bukaezina da: munduari lehenengoz bira eman zion Juan Sebastian Elcanogandik hasi, eta gizonezkoz mozorrotuta alferez aritu zen Catalina de Erauso moja abenturazalearenganaino. XIX.mendean berriz, diaspora hasi zen: milaka euskaldunek bizitza berri bati ekin zioten beste kontinente batzuetan pobreziatik edo gerletatik ihesi zein esperientzia berrien bila.

Gaiaren zabaltasuna dela eta, osotasunaren zati txiki bat baino ezin izan da adierazi erakusketan.

Hori horrela, ez dira Diasporaren aspektu guztiak islatuta agertuko: figura eta objektu konkretuak izango dira orokortasunaren adierazgarri.

Ibilbide tematiko bat oinarri eta figura jakin batzuk ardatz, erakusketak aurkikuntza (Elcanoren kasua), administrazioko lanak (Lersundi), merkataritza, industria, kirola (Jai-Alaia), erlijioa, edota sinboloena bezalako gaien zertzeladak ematen ditu.

Erakusketa, Bizkaiko Foru Aldundiak urrian "Etxetik at. Migrazioak eta kultur ondarea" izenburupean burutuko dituen Ondarearen Europako Jardunaldien aurrerapena izango da.

Erakusketa gaur arratsaldeko 6:00etan zabalduko da aspektu orokorrak azalduko dituen bisita labur batekin.

(Informazio gehiago 946 25 54 51 telefonora deituz edo hona datzizi euskalherriamuseoa@bizkaia.eus)


MUSEOAREN INFORMAZIO OROKORRA:

Ordutegi orokorra:

  • Asteartetik larunbatera: 10:00-14:00 eta 16:00-19:00.
  • Igandeetan: 10:30-14:30.
  • Jaiegunetan: 10:30-14:30 eta 16:00-19:30.
  • Astelehenak: Itxita (urriko azken astelehena izan ezik).

Udako ordutegia (uztaila eta abuztua):

  • Asteartetik larunbatera: 10:00-14:00 eta 16:00-19:00.
  • Igande eta astelehenetan: 10:30-14:00.
  • Jaiegunetan: 10:30-14:30 eta 16:00-19:30.

Tarifak

  • Normala: 3 €
  • Gutxitua: 1,50 €
  • Larunbatak: Doainik

EUSKAL HERRIA MUSEOA
http://bizkaikoa.bizkaia.net/euskalherriamuseoa
Allende Salazar Kalea
48300 Gernika-Lumo
Tfnoa +34 946 25 54 51 - Faxa +34 946 25 74 15



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia