euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena kari Jaurlaritzak munduan antolatutako ekitaldien zerrenda

2012/04/20

Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza eta bulegoek munduan zehar antolatutako ekitaldiak iragartzen dituen afixa edo kartela, kasu honetan Buenos Airesko bertsioan.
Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritza eta bulegoek munduan zehar antolatutako ekitaldiak iragartzen dituen afixa edo kartela, kasu honetan Buenos Airesko bertsioan.
Egitarau zabala bultzatu eta aurreikusi du Eusko Jaurlaritzak, munduan dituen Euskadiren Ordezkaritzak medio, datorren ostegunean, 2012ko apirilaren 26an, Gernikako Bonbardaketaren 75. urteurrena beteko dela-eta. Kronograma, honako hiri eta herrialdetara iritsiko da, besteak beste: Belgika (Lieja, Brusela, Leper, Huy), Argentina (Buenos Aires), Uruguai (Montevideo), Paraguai (Asuncion), Brasil (Brasilia), Txile (Santiago), Peru (Lima), Kolonbia (Bogota), Ecuador (Cuenca), Mexiko (Mexiko Hiria) eta Estatu Batuak (New York). Hona ekitaldien xehetasuna.

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Hona herri eta herrialdeka banatuta, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak plazaratutako datuen arabera, munduan zehar Euskadiren ordezkaritza eta bulegoak medio Gernikako Bonbardaketa gertatu zela 75 urte bete diren honetan sarraskia gogoan atxikitzeko antolatutako ekitaldien zerrenda.

BELGIKA

Lieja (apirilaren 23an). Plaka oroigarri bat ezarriko dute Boulevard d'Avroy Parkean, "Territoires de la Mémoire" elkarteak eta Liejako Gerlako Haurren elkarteak antolatuta. Bertaratuko dira Liejako gerlako haurrak, Lieja hiriko ordezkariak eta probintziako ordezkariak.

Brusela (maiatzaren 2tik 16ra). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa Bruselako Cervantes Institutuan.

Lieja (ekainaren 1etik 16ra). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa Liejako Udaletxean.

Leper (2012ko uztailean). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa "Flanders Fields Museum" museoaren berrinagurazioa kari. Bakearen Museoen nazioarteko sareko parte da erakustetxe hau. Leper Bigarren Mundu Gerlan suntsitua izan zen hiri belgikarretako bat da.

Huy (2012ko iraila). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa Memoriaren Zentro Nazionalean.

ARGENTINA

Buenos Aires (apirilaren 24tik maiatzaren 24era arte). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa ibiltariaren aurkezpena, Giza Eskubideen sustapenerako antolatua, Argentina, Brasil, Paraguai eta Uruguain zehar ibilbidea hasiz. Aurreikusitakoaren arabera bertaratuko dira Elvira Kortajarena Euskadiren lau herrialde hauetarako ordezkaria; Jose Luis Vidaller, Argentinako Gerlako Haurren elkarteko presidentea; Ricardo Basterra, FEVA edo Euskal-Argentinar Erakundeen Federazioko lehendakaria; Ignacio Harnaiz, UNESCOren Latinoamerikarako Giza Eskubideen Zentroko zuzendaria; euskal gizataldeetako kideak, Maiatzako Plazako Amonen elkartekoak, Errepublikako diputatu eta senadoreak.

URUGUAI

Montevideo (2012ko uztaila). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa Espainia Kultur Zentroan. Aurreikusitakoaren arabera bertaratuko dira Montevideoko alkatea, Ana Olivera; MIguel Asqueta FIVU edo Euskal-Uruguaitar Erakundeen Federazioko lehendakaria; eta euskal gizataldeetako kide eta ordezkariak.

PARAGUAI

Asuncion (2012ko urria). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa Juan Salazar Kultura Etxean. Aurreikusita dago Guarani Institutuko presidentearen presentzia eta Iparreko Unibertsitateko errektorearena.

BRASIL

Brasilia (2013ko urtarrila). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa Brasiliako Cervantes Institutuan. Brasiliako alkate Agnelo Queirosen presentzia iragarri da.

TXILE

Santiago (apirilaren 26tik ekainaren 26ra). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa ibiltariaren aurkezpena, Txile eta Perun zehar ibiliko dena, Memoriaren eta Giza Eskubideen Museoan. Picassoren Guernica koadroaren 42 zirriborro erakutsiko dira baita ere, Madrilgo Prado Museoak definizio garaian argitaratutakoak eta Arte Gaztearen Balmaceda Kultura Etxeari emanak. Aurreikusten da Ana Urchueguia Jaurlariotzaren Txile eta Perurako Ordezkariaren presentzia. Agnes Alonso, Txilera Winnipeg ontzian heldu zen gerlako haurra; Isabel Allende, senadore txiletarra; euskal gizataldeetako ordezkariak; Giza Eskubideen aldeko elkarteak; Ricardo Brosdsky, Memoria eta Giza Eskubideen zuzendaria.

PERU

Lima (uztailaren 10ean). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa Limako Unibertsitate Katolikoan. Iragarri da Limako alkatearen presentzia eta euskal gizataldeen ordezkariena.

KOLONBIA

Bogota (apirilaren 26tik maiatzaren 26ra). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa Garcia Marquez Kultura Zentroan. Iragarri da Iñaki Martinez Jaurlaritzaren Kolonbia, Venezuela eta Ertamerikarako Ordezkariaren presentzia; Gustavo Petro Bogotako alkatearena; euskal gizataldeen ordezkariena; eta Giza Eskubideen aldeko elkarteen ordezkariena.

EKUADOR

Cuenca (apirilaren 27tik maiatzaren 27ra). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa Metalen Museoan. Cuencako alkatea estreinaldiko partaide.

MEXIKO

Mexiko DF (apirilaren 26tik ekainaren 27ra). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa Mexikoko Euskal Etxean. Bertan izango dira Julian Celaya Jaurlaritzako Kanpoan dauden Euskal Herritar eta Gizataldeentzako zuzendaria; MexikokoKanpo Harremanetarako Idazkaritzako Giza Eskubideen eta Demokrazia gaietarako zuzendaria; Alejandro Negrin enbaxadaria; Nile Ordorika Bonbardaketako lekukoa; Lourdes Arrechea, Mexiko DFko Euskal Etxeko lehendakaria; euskal gizataldeetako kideak; eta Giza Eskubideen aldeko elkarteen ordezkariak.

Mexiko DF (ekainaren 27tik uztailaren 29ra). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa UNAMeko Kultur Zentro Unibertsitarioan.

ESTATU BATUAK

New York (2012ko azaroa). Gernikako Bakearen Museoaren erakusketa, bat eginez MOMAko Arte, Memoria eta Demokrazia Kongresuarekin, hau guztia 2012 Euskadi, Bakearen eta Askatasunaren aldeko Kulturen Urtean.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia