euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

General Rodriguezko Estela Vicondoak bere semea bilatzen laguntzeko eskea egin dio Argentinako euskal komunitateari

2017/10/09

Estela Vicondoaren seme den Lucas Bolottiz informazioa eskatzen duen afixa
Estela Vicondoaren seme den Lucas Bolottiz informazioa eskatzen duen afixa

Lucas Bolotti-k da Estelaren semea, 24 urte dauzka eta gutxitu psikikoa da. Uztailaren 19an desagertu zen San Luis probintzian, Papagayos herrian. Bere familiak ez du batere amore ematen bera topatzeko ahaleginean eta ahalegin berri batean estela euskal gizataldeari zuzentzen zaio, bilaketa lanetan lagun dezaten. Izan ere, Lucas-en ama, Estela Vicondoa, General Rodriguez-ko Eusko Aterpea Euskal Etxeko bazkide da eta urtetan euskara eskola emaile jardun izan du bertan.

 

PUBLIZITATEA

Gral. Rodríguez, Argentina. Lucas Bolotti Buenos Aires probintziako General Rodriguez herrian bizi da. Joan den uztailean, neguko oporren karietara, familia Papagayos hirira joan zen, San Luis probintzian, "El Recuerdo" izeneko lekuaren aldameneko paraje batera.

Egonaldia lasai joan zen, batere ezustekorik gabe uztailaren 19an, goizeko 10:30etan Lucas desagertu zen arte. Bere ama Estelak azaldu dio EuskalKultura.com-i egun hartan baimena eman ziola Lucasi kalean jolasean ibil zedin. "Nire semeak bost urteko haur baten gaitasuna dauka, eta bertan kaleak belarrezkoak dira, paraje osoan lau etxe bakarrik baitaude eraikita eta ez dago mugimendurik. Lucas guregandik 20 bat metrora zegoen kamioi batekin jolasten. Gu lanean ari ginen eta bitartean kasu egiten genion, momentu batean begiratu eta ikusi genuen arte ez zegoela. Bila atera ginen eta ez genituen ez bera, ezta bere gauzak ere topatu. Lucas arina da, 42 kilo besterik ez ditu pisatzen eta 1,52 metroko altuera dauka. Oso erraz jaso dezake edonork", gehitzen du Estelak.

Desagertu zenetik, familia bila ibili da etengabe eta bila ibili dira baita ere Papagayosko suhiltzaileak eta polizia; orrazketa lanak egin dituzte eremu osoan zeuzkaten bitarteko guztiekin: pertsonekin, zakurrekin, dronak erabiliz, hegazkinak, helikopteroak, zaldiak eta urpekari talde batek ere putzuak berbegiratu zituen. Azkeneko operazioa irailaren 29an egin zen.

30 egun pasata, kasuaren ikerketa poliziaren eskuetatik maila probintzialera pasatu zen eta, abokatu baten aholkuz, Estelak eskatu eta sarbidea izan zuen ikerketaren xehetasunetara. Lucasen amak azaltzen digunez, "ikerlanak gabezia larriak zeuzkan: agertzen ez ziren datuak, jarraitu gabeko ikerketa-hariak, hutsak deklarazioa hartzerakoan, eta abar. Epaileen ikerketan jarri genuen gure konfidantza, astiro eta montsokeriaz eta kontsideraziorik gabe ari zirela topatzeko. Bi hilabete eta erdi pasatu dira dagoeneko eta Lucasen berririk gabe segitzen dugu, batere erantzunik gabe; eskatutakoari erantzuten sobera denbora hartzen duen justizia batekin egin dugu topo, eta ikusi dugu ez gu ezta Lucas ere ez gaituela behar bezala babesten", aitortzen du.

Estelak ez du batere amore ematen bere semea topatzeko ahaleginean eta ohar honen bidez Argentinako euskal gizataldeari zuzentzen zaio, bera ere kide baita General Rodriguezko Eusko Aterpea Euskal Etxearen bitartez, lagundu dezaten. Norbaitek informaziorik lortuko balu edo laguntzeko prest balego, 11 15 3636 7575 telefonora deitu dezake edo Facebook bidez honako taldearekin harremandu: "Buscamos a Lucas Bolotti”. Mila esker aldez aurretik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia