euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

General Achako Euzko Txokoa-ko ‘Ceriva’ igeriketa eskola, La Pampa probintzia argentinarreko onenen artean

2017/07/05

Euskal Etxeko ordezkariak igeriketa lehiaketan
Euskal Etxeko ordezkariak igeriketa lehiaketan

Kirola da gaztelaniaz Centro Vasco Rincon Vasco eta euskaraz Euzko Txokoa Euzko Etxea ezaguna den uskal elkarte panpatarraren ekimen nagusia eta kirolen artean igeriketa gailentzen da instituzioren eskaintzan. Euskal Etxearen barruan sortutako ‘Ceriva’ izeneko eskola bi mailatan aritzen da: batetik, igerilariak trebatzen ditu lehiatzeko eta, bestetik, igeriketa teknikak eskaintzen dira bizi kalitatea hobetzeko. Bi esparruetan, gero eta arrakastatsuagoa da Euzko Txokoa-ko igeri eskolako lana.

PUBLIZITATEA

Gral. Acha, Argentina. 2012ko abenduan inauguratu zen Euzko Etxearen igerileku klimatizatua eta geroztik nagusietako bat bihurtu da igeriketa erakundeak eskaintzen dituen kirolen artean. Euskal Etxearen baitan sortutako Ceriva izeneko Igeriketa Eskolak kudeaturik, mota ezberdinetako ekintzak uztartzen dira bertan: jolas jarduerak, igerilarientzako entrenamendua eta osasuna bizkortea helburu duten ariketaldiak.

Jolas jarduerei dagokienez, datorren astelehenean hasiko da 2017ko Negulekua –gogora dezagun uztailean izaten direla neguko oporrak Hego Hemisferioan– , 4 eta 11 urte arteko neska-mutilei zuzenduta, eta hau bukatzen denean, Acqyuagym klase magistrala eskainiko da.

Osasuna

Osasun eta bizi kalitatearekin lotura duten aktibitateen artean, ‘Psikomotrizitatea uretan’ ikastaroa eman du Rodolfo Sangla lizentziatuak ekainaren 24 eta 25ean. Proposamenak oso erantzun ona izan du osasun profesionalen artean eta 30 inguru lagunek hartu zuten parte.

Txapelketak

Maila profesionalean aritzeko ere trebatzen dituzte igerilariak Euzko Etxean. Eta Ceriva Eskolako irakasleen taldearen eskutik Argentina osoko lehiaketatan aurkezten dira Euskal Etxearen ordezkari diren kirolariak. 2017an, besteak beste, txapelketa hauetan hartu dute parte Euzko Txokoa-ko gazteek: Buenos Airesen egin zen gazte eta junior kategorientzako ‘Top Nadadores 120 clubes’ lehiaketan; Mar del Platan egin zen ‘Campeonato Argentino Masterrean’; Gral Rocan (Rio Negro probintzian) ‘Interclubes de la Patagonia’ lehiaketan; eta Cordobako Kenpes izeneko estadioan burutu zen ‘Campeonato República’ txapelketan.

“Aktibitate eta lorpen hauek posible izan dira aurten igerilekuan egin diren hobetze lanengatik”, azaldu digute Euzko Txokoa-tik. “Horrekin batera esan beharra daukagu irakasteko gure metodologia oso berezia dela; umeen ikasteko prozesua laguntzen dugu, euren erritmoa errespetatuz eta gure lehentasuna da haiek uretan eroso eta seguru sentiaraztea. Maila handiko profesionalak ditugu eta familiei transmititu nahi dieguna da lasaitasuna, engaiamendua eta aukerak”, azpimarratzen dute Gral. Achako Ceriva Eskolako arduradunek.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia