euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaztelupe koruak bat egingo du larunbatean bere kantuen doinuez Mexikoko Euskal Etxearen Mendeurrenarekin

2007/09/19

Gaztelupe koruko kideek Queretaron eman zuten bapateko kontzertua (argazkia Vascosmexico)
Gaztelupe koruko kideek Queretaron eman zuten bapateko kontzertua (argazkia Vascosmexico)

PUBLIZITATEA

Gipuzkoako Gaztelupe Korua Mexikon da egunotan, Queretaro, Guanajuato, Zacatecas, Guadalajara, Morelia eta Mexiko DFan barrena bira turistiko-musikala eginez. Hiriburuan izango dute larunbat honetan birako hitzordu nagusia, Euskal Etxearen Mendeurrena dela eta emango duten konztertuarekin. Joan den astean kantariak Queretaron izan ziren eta agerian utzi zituzten bertan eurekin daramatzaten giro alaia eta ahots ederrak, Vascosmexico.com webguneko kamarak bideoan bildutako bapateko kontzertu batek azaltzen duenez.
Joan den astetik Mexikon dira Gaztelupe Ganbara Koru donostiarreko 65 bidaiari, errepublika iparramerikar honetan musika eta turismoa batzen dituen bira egiten. Bidaia larunbatean iritsiko da Mexikoko hiriburura, aukera emanez koruko 14 kideei eta euren bidailagunei Euskal Etxearen Mendeurreneko ospakizunekin bat egiteko. Gipuzkoarrei ongi etorria eginez, Euskal Etxeak afari bat antolatu du larunbat gauean, elkarteko Loyola jatetxean.

Afaldu aurretik koruak kontzertua eskainiko du Euskal Etxean. Emanaldian 'Ilunabarra', 'Goizeko izarra', 'Maitia nun zira', 'Ume eder bat', 'Boga boga' eta 'Euskalerriko' bezalako kantuak eskainiko dituzte, euskal mexikarren gozamenerako. Afalostean ere kantuan arituko dira eta ohi duten bezala 'Agur Jaunak' kantarekin bukatuko dute. Igandean, euskal taldeak beste kontzertu bat eskainiko du, oraingoan Tepozotlan-en, hiriburutik 30 kilometrora dagoen XVI mendeko komentu batean. Kontzertuan kanta erlijiosoak eta euskal eta nazioarteko kanta folklorikoak eskainiko dituzte.

Giroa berotzen Queretaron

[Joan den osteguneko argazkia, Queretaron: Gaztelupe Ganbara Koruko kideak eta bidailagunak Juan Antonio de Urrutia eta Arana arabarraren estatuaren aurrean. Urrutia eta Arana euskalduna Queretaro hiriko pertsonaia garrantzitsu bat izan zen (argazkia Vascosmexico.com)]

Gaztelupekoen taldeak giro alaia sortzeko eta kantatzeko gogoak erakutsi ditu jada behin eta berriro bidaian zehar, azkena joan den ostegunean, Queretaroko jatetxe batean eskaini zuten kontzertu inprobisatu batekin. Korua Vascosmexico.com-eko Jaione Arrietarekin harremanetan jarri zen, elkarte eta webgune honek Queretaron baitu egoitza. Arrieta bazkarira bildu zen eta bere kamerarekin kantariek eskaini zuten kontzertua jaso zuen. Kontzertu honen bideo eta irudiak ikusgai daude jada Vascosmexico.com webgunean.


Lotura interesgarriak

VascosMexico.com
www.vascosmexico.com

Mexikoko Euskal Etxea
www.centrovascomexico.com

Gaztelupe koruaren bira Alemanian
EuskalKultura.com-en argitaratua 2006ko irailaren 20ean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia