euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur zabalduko da Erriberrin 'Adela Bazo, Argentinako emigrazio nafarraren margolaria' erakusketa

2008/11/18

Adela Bazo (Txantrean Auzolan; 'Ellas, las mujeres en la historia de Pamplona' liburutik hartua, egileak Silvia Fernández, Sonia Pinillos, Ana Díez de Ure eta Paco Ronda)
Adela Bazo (Txantrean Auzolan; 'Ellas, las mujeres en la historia de Pamplona' liburutik hartua, egileak Silvia Fernández, Sonia Pinillos, Ana Díez de Ure eta Paco Ronda)
Nafarroan zehar mugitzen ari den erakusketa ibiltari izanik, Erriberriraino iritsi eta gaur arratsaldez zabalduko ditu bertan ateak 'Adela Bazo, Argentinako emigrazio nafarraren margolaria' izeneko erakusketak, Gobernu Nafarraren babesean antolatua, eta Crisanto Ayanz Buenos Aireseko Nafar Etxeko presidentea arduradun duena. Arratsaldeko zortzietan izango da inaugurazioa eta Erriberriko Kultura Etxea izango du aterpe abenduaren 11era arte.

PUBLIZITATEA

Olite-Erriberri, Nafarroa. Erriberriko Kultura Etxean zabalduko da gaur arratsaldeko zortzietan eta datorren abenduko 11eraino zabalduko ditu hemen ateak 'Adela Bazo, Argentinako emigrazio nafarraren margolaria' izeneko erakusketak. Ekimen honek, Nafarroako Museoan dauden margolari honen ehun bat obren arteko hogeita hamar hautatu eta zaharberritzeko aukera eman du.

Obrok erosi eta Nafarroara ekartzeko lanetan zerikusi handia izan du Crisanto Ayanz-ek, Buenos Aireseko Nafar Etxeko presidentea izateaz gain erakusketako antolatzaile edo komisario denak. Nafar Etxe horretako kide izan zen margolaria Argentinan bizi zelarik. Orain Erriberrin den ekimen ibiltari honen karietara, katalogo bat ere eman da argitara, erakusketara bildutako hogeita hamar lanok azalduz, tartean Carlos Olivera Avellaneda historialaria eta Andres Waissman artista --biak argentinarrak-- kolaboratzaile, margolari nafarra gertutik estudiatu dutenez.

Madrilen hasi zen margolari

Cascanten jaio zen Adela Bazo Cunchillos, bere gurasoek hala nahita --esaten digu Nafarroako Gobernuak zabaldu duen bere biografiak--, berez Donostian bizi baitziren orduan. Familiarekin batera Madrilera aldatu zen eta Zientzia Zehatzetako lizentzia lortu zuen bertan, Lope de Bega Institutuan matematika irakasle gisa lan eginez. Gazterik agertu zitzaion pinturarekiko zaletasuna eta pertsonak eta paisaiak margotzen nabarmendu zen. Sariak ere lortu zituen, Espainia mailakoak, hala nola Conde de Cartagena beka 1944ean, Arte Ederretako Erret Akademiak emana.

1848an Argentinara aldatu zen eta bertan garatuko du pinturazaletasuna pintatzera eta pintura eskolak ematera bakarrik dedikatu arte. Harreman estua izango du espainiar medio diplomatikoekin eta horrek 1956ko Karibealdeko Biurteko Hispano Amerikarreko erakusle gonbidatua izatea ekarriko dio, baita ere Argentinar Hispaniar Institutuaren Kontseilu Ekonomikoko kide izatea.

Lana hainbat herrialdetan barreiatua

Buenos Aireseko galeria ospetsuenek erakutsi zituzten bere obrak, eta parte hartu zuen talde erakusketatan, besteak beste Paris, Erroma, Bartzelona eta Donostia bezalako hirietan. Bere etengabeko lan eta jardunaren lekuko, hainbat herrialdetan barreiatuta dauzkan obrak, tartean Kanadan, AEBetan, Kolonbian, Venezuelan, Uruguaien, Argentinan, Espainian, Frantzian, Italia, Norvegia, Danimarka, Portugal, Alemania eta Erresuma Batuan.

Espainiako estatuan bere koadroak ikus daitezke Arte Moderno Museoan, San Fernandoko Arte Ederrena Erret Akademian eta Lope de Vega Institutuan, hauek guztiak Madrilen; Valladolideko Unibertsitatean; eta baita ere Iruñeko Nafarroako Museoan eta Donostiako San Telmo Museoan.

Erriberriko egonaldia 11ean bukatu ondoren, erakusketak bere bideari segituko dio, Lizarran hain zuzen (abenduaren 15etik urtarrilaren 8raino), ondotik Zangotzan (urtarrilaren 9tik 31raino), gero Agoitzen (otsailaren 3tik 22ra bitartean), Bianan (otsailaren 24tik martxoaren 15eraino), Tafallan (apirilaren 3tik 19ra), Elizondon (apirilaren 21etik maiatzaren 15eraino) eta Korellan (maiatzaren 16tik 31eraino).

Lotura interesgarriak

Adela Bazo Cunchillos-en fitxa laburra
www.arteinformado.com/Artistas/14993/adela-bazo-cunchillos

Olite-Erriberri herriari buruz
http://eu.wikipedia.org/wiki/Erriberri

Nafarroako Gobernuaren webgunea
www.navarra.es

Buenos Aireseko Nafar Etxearen webgunea
www.centronavarro.org

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia