euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur hasita Korrikaren 15. edizioak euskararen alde 2.279 kilometro korrituko ditu Karrantza eta Iruñeren artean

2007/03/22

Txileko euskaldunek Santiago hiriburuan duela bi urte antolatutako Korrikaren irudia, Euskadiko Ordezkaritzaren aurrean (EuskalKultura.com)
Txileko euskaldunek Santiago hiriburuan duela bi urte antolatutako Korrikaren irudia, Euskadiko Ordezkaritzaren aurrean (EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Gaur hasiko da Korrika 15a Karrantzan eta 10 egunetan 2.279 kilometro korrituko ditu Euskal Herriko zazpi lurraldeetan barrena. Iruñean amaituko den lasterketak euskararen aldeko kontzientzia bultzatzea du helburu eta banako zein talde ugariren babesa jaso du dagoeneko. Diasporak ere bere ekarpena egingo dio ekimenari eta mundu osoko euskal etxeek ekintzak antolatu dituzte. Ekimenak interneten ere presentzia handia izango du Ziberkorrika eta abarrekoen bidez.
Gaur, martxoaren 22an, Korrikaren 15. edizioari emango diote hasiera AEK-k eta ekitaldian parte hartuko duten laguntzaile anitzek. Euskal Herriko zazpi lurraldeetara iritsiko den ibilbidea 2.279 kilometro luzatuko da eta korrikalariek apirilaren lehenean bukatuko dute. Karrantzan hasi eta Iruñean amaituko den karrerak ondorengo zeharkaldia egingo du, orden honetan: Bizkaia, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba, Nafarroa Garaia, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Nafarroa Beherea, Zuberoa, Nafarroa Beherea, Lapurdi, Nafarroa Garaia. Hamar egun hauetan lurralde guztietako hiriburuak zeharkatuko ditu Korrikak.

Korrikak bi urteetan behin zeharkatzen du euskararen herria. Bere lehenengo edizioa Oñatitik irten zen 1980an. Geroztik 30.000 kilometro baino gehiago egin ditu euskararen alde eta horrek guztiak munduan parerik ez duen iniziatiba egiten du lasterketa. AEK (Alfabetatze eta Euskalduntze Koordinakundea) da jarduera honen antolatzailea eta bi arrazoi nagusi ditu lan eskerga horri ekiteko: euskal hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea. AEK erantzule nagusia izanik ere, babesle eta laguntzaile sare zabala eratzen du edizio bakoitzean, eta Diasporak ere multzo horretan hartzen du parte.

Diasporak munduratuko du Korrika

Lasterketaren inguruan, gainera, egitarau zabala antolatzen dute munduko euskaldunek. Aurten Argentinan, Bartzelonan, Erroman, Irlandan, Madrilen eta Shanghain egingo da Korrika, besteak beste. Azkeneko bietan lehenengo aldiz antolatuko dute bertako Euskal Etxeek. Espainiako hiriburukoa martxoaren 24an izango da, 'Madrilen ere, euskararen alde' lelopean. Shanghain berriz, martxoaren 31ean ospatuko dute. Euskal Herrian zein kanpoan Korrikaren inguruan hainbat kultur ekitaldi antolatu dira Korrika Kulturala izenpean. Aipatzekoa da Bartzelonako kasua: bertan, martxoaren 24an izango dute Korricursa, baina martxoaren 13tik ari dira ekitaldi kulturalekin. Argentinari dagokionez, hitzoduetako bat Necochean izango da, apirilaren 2an.

Ekitaldiak antolatzeaz gain, Diasporak badauka ekimenean parte hartzeko beste bide aproposa. Ekitaldien argazkiak bidal daitezke Korrikaren webgunean dagoen Argazki Galeriara, batetik. Bestetik, Euskal Herritik eta kanpotik laguntza zein babesa jasotzeko sarea erabil daiteke eta Korrika birtualean parte hartzeko aukera luzatu du AEK-k. Ziberkorrika izena duen honi esker Euskal Herritik at bizi diren euskaltzaleek ere heldu ahal izango diote lekukoari. Koordinakundeak mezua mundu osoan barreiatuko duten ziberlekukoak eskainiko ditu eta borondatezko diru ekarpen bat eginda erosi ahal izango dira. Antolatzaileak zerrenda osatzen ari dira lekuko digital guztiekin eta lekuko hartzaileen izen-abizen guztiekin eta euren gunean jarri dute.


Lotura interesgarriak

Korrika 15en webgunea
Aurtengo edizioaren webgune orokorra

Korrikaren bertsio zibernetikoa: Ziberkorrika
Ziberkorrika eta Ziberlekukoa (ikus ezkerreko menuaren hondarrean)

Bartzelonako Euskal Etxea eta Korrika
2007ko martxoaren 16an BasqueHeritage.com-en argitaratua

Korrika 15-aren aurkezpena
2006ko azaroaren 28an EuskalKultura.com-en argitaratua

Udalbidek babesa eman dio Korrika 15-i
2007ko martxoaren 21an BasqueHeritage-n argitaratua

Bartzelonako Euskal Etxearen argazki lehiaketa Korrikaz
2007ko martxoaren 16an BasqueHeritage.com-en argitaratua

Joseba Tapiaren kontzertuak abiarazi du Korrika katalana
2007ko martxoaren 14an BasqueHeritage.com-en argitaratua

Madrilgo Euskal Etxeak aurrenekoz antolatuko du Korrika
2007ko martxoaren 14an BasqueHeritage.com-en argitaratua

Korrikaren aurreko edizioa Txileko Santiagon
2005eko maiatzaren 3an BasqueHeritage.com-en argitaratua


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia