euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur hasiko du Michel Etcheverry kantari heletarrak Argentinako bira: Euskal Astea, Buenos Aires eta beste hainbat hitzordu

2017/11/02

Beñat Chaubadindeguy, Jean-Louis Bergara, Luis Echegaray eta Michel Etcheverry atzo Ezeiza aireportuan
Beñat Chaubadindeguy, Jean-Louis Bergara, Luis Echegaray eta Michel Etcheverry atzo Ezeiza aireportuan

PUBLIZITATEA

Kalifornia eta Ipar Ameriketako euskal diasporan oso ezaguna bada ere --kantari zein  pilotari gisa--, Argentinarako lehenengo bidaia du eta bera eta bere anfitrioiak ilusioz eta bozkarioz ekin diote. General Las Herasko Zazpirak Bat Euskal Etxeko buru Luis Alberto Echegarayk hartu du bere gain artista baxenabartarraren biraren antolakuntza eta emanaldi sorta bat antolatu du. Hona Michel Etcheverryren Argentinako egonaldiaren egitaraua, San Nicolaseko Euskal Asteko kontzertuak barne.

General Las Heras, Argentina. Jean-Louis Bergara akordeoilaria eta Beñat Chaubadindeguy atabalaria lagun, Buenos Aires probintziako hainbat herritan arituko da abeslari heletarra azaroaren 2tik 12ra. Leku batzuetan tokian tokiko euskal elkarteetako kideentzako errezitalak izango dira; beste kasu batzuetan, berriz, komunitateari irekiak, Euskaltzaleak euskaltegiak datorren igandean antolatutakoa esaterako. Kontzertu nagusiak, jakina, 2017ko Euskal Aste Nazionalaren baitan eskainiko ditu; izan ere, Argentinako euskal diasporaren jai nagusian parte hartzea da bidaiaren funtsezko arrazoia.

Emanaldien egitaraua:

-Azaroaren 2an, Buenos Airesko Iparraldeko Euskal Etxean, instituzioko Kultur Azpibatzordeko kideekin (ekintza itxia)
-Azaroaren 4an, Gral. Las Herasko Zazpirak Bat Euskal Etxean
-Azaroaren 5ean, eguerdian, Cañuelasko Denak Bat Euskal Etxean, instituzioko kideekin (ekintza itxia); 18etan, Buenos Aireseko Euskaltzaleak Euskaltegia antolatutako Euskal Musika Jaialdia. Kontzertua Campustallae Kultur Gunean izango da, hiriburuko Sarandi kaleko 1280. zenbakian
-Azaroaren 6an, 20etan, harrera eta erromeria Gral. Rodriguezeko Eusko Aterpea Euskal Etxean
-Azaroaren 7an, 20:30etan, Gral. Belgranoko Galpon Cultural delako aretoan, hiriko euskal gizataldeak antolatuta
-Azaroaren 9an, San Nicolaseko Euskal Astean: 19etan, San Martin plazan
-Azaroaren 10ean, San Nicolaseko Euskal Astean: 20etan, “Rafael de Aguiar” Udal Antzokian
-Azaroaren 11an, San Nicolaseko Euskal Astean: afalosteko erromerian
-Azaroaren 12an, San Nicolaseko Euskal Astean: igandeko mezan eta agur bazkarian

Kontzertuekin batera, zenbait txango ere egingo ditu Iparraldeko musikariak lagun argentinarren eskutik. Luis Alberto Echegarayk erakutsiko dizkio panpa argentinarreko ohitura tipikoenak, euskal jatorrizko etorkinek zelaietan utzitako aztarnak eta Argentinan daukan arbasoen arrastoak saiatuko da bilatzen Etcheverry.

Hainbat hedabidetan elkarrizketak egingo dizkiote musikariari eta Argentina utzi aurretik Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxean egingo diote agurra artistari.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia