euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur arratsaldean aurkeztuko dute Kalifornian 'Azkenean!', Amerikanuak talde euskal-amerikarraren lehenengo diskoa

2017/09/01

Ezkerreko irudian, Jean Flesher eta Michelle Iturriria grabaketa estudioan; eskuinekoan, diskoaren azala talde osoarekin
Ezkerreko irudian, Jean Flesher eta Michelle Iturriria grabaketa estudioan; eskuinekoan, diskoaren azala talde osoarekin

PUBLIZITATEA

Hemen da Azkenean! Uda hasieran hasi ziren iragartzen, uda bukatu aurretik aterako zela esanez, eta hitzari eutsi diote. Gaur egingo da Bakersfield-en 'Amerikanuak' taldearen aurreneko diskoaren plazaratze jaia. Dantzatzeko musika da, AEB Mendebaldeko euskal berbena eta erromerietako musika tradizionala. Musikariak AEBetan jaiotakoak dira, euskaldunen ondorengo, Jean Flesher utah-tarra buru. Etekinak NABOko "Aita Tillous Funtsa"rentzat izango dira, euskal-amerikar gazte ekintzetan erabiltzeko. Ongi etorri, Azkenean, eta Zorionak!

Bakersfield, Kalifornia, AEB. "Azkenean!", honelaxe du izena 'Amerikanuak' taldearen aurreneko disko honek. Ez dira talde berria. Izan ere askok hobeto ezagutuko dute Jean Flesher-en taldea bezala, eta badira 35 bat urte Jean ari dela tankera batez edo bestez Estatu Batu Mendebalde osoko euskal jai eta pikniketan musikari. Berak akordeona jotzen du, eta beti inguratu izan da beste zenbait instrumentu eta kantariez, Utah, Wyoming, Nevada eta Kalifornia bezalako estatuetako euskal komunitateetako besta eta erromeriak alaitu eta edertzen. Izan ere, gaztea bada ere, lan horrengatik eta euskal kulturari eskainitako dedikazio eta ahalegin etengabe eta nekaezinagatik NABOk eman berria dio uztailean Wyoming-eko Buffaloko 2017ko Biltzar Nagusian Bizi Emankorra (sic) saria.

Gaur arratsaldean aurkeztuko da ofizialki diskoa eta salgai dago dagoeneko interneten, oraingoz Estatu Batuetarako, baina Europara ere nahi da helarazi. Gaur Bakersfieldeko Noriega Hotelean arratsaldeko seietatik aurrera egingo den aurkezpen festan, aleak salduko dira. Garrantzitsuena, baina, lagunarteko festa eta elkarretaratzea izango da. Musika eta dantza izango du protagonista, modu tradizionalean, Euskal Herriko garai bateko erromeria eta berbenetan bezala, tartekatuz jota/fandango eta arin-arinak, baltsekin, jauziekin, pasodoble eta polkekin, aireetako batzuk aipatzearren.

Hitzordua, gaur arratsaldeko seietan Noriega euskal hotelean , noiz hasiko den bai, baina noiz bukatuko den argi esaten ez duen festan. Giroa ederra izango da, egiazko ospakizuna izango baita, lagunartekoa. Afaria ere, hotelean bertan (20 dolar) eta ondoren musika eta dantza, hoteleko pilotalekuan.

Azpimarratzekoa, diskoak izango dituen etekinak, gastuak garbituta, NABOren "Aita Tillous Funtsa"ra joango direla, gazte euskal-amerikarrentzako programetarako, eta NABO Udalekun parte hartzea ordaindu ezin duten gaztetxoen lagungarri. Diskoa, hain zuzen, AEBetako euskaldunen azkeneko omonier edo kapelaua izan zen Aita Martxel Tillous xiberotarrari eskaini dio Amerikanuak-ek. Musikazale handia zen Aita Tillous 2009ko martxoaren 31an hil zen minbiziz, bere bizitzako azkeneko urteak Ipar Ameriketako euskaldunei eskaini zizkielarik, fede lanetan baina baita euskara, kultura eta bereziki musika alorretan ere lagun eta irakasle.


Zazpi Jauziak, albumeko 18. airea da

Jean Flesherrekin batera ari dira Rene Caballero (bateria eta kongak), John Ehlis (mandolina, gitarra eta banjoa), Jean Pierre Etchechury (bateria), Jean-Jules Flesher (alboka, panderoa, perkusioa eta ahotsa), Pierre Igoa (tronpeta eta ahotsa), Daniel Iribarren (baxua), Christian Iribarren (teklatua eta txirula), Michelle Iturriria (tronpeta, saxoa eta ahotsa), Jean Flesher berarekin batera (akordeona, ahotsa). Soinu inginaria, Robert Iriartborde izan da eta diseinua eta lan grafikoa Pierre Igoari zor zaio.

Albumak biltzen dituen aireak:

1. Andre Madalen
2. Nevadarat Joan Nintzan
3. España Cañi
4. Jostari Buru
5. Garaziko Dantzak
6. Xalbadorren Heriotzean
7. Xarmegarria Zira
8. Hey Baby Que Paso
9. Lantzeko Ihotiak
10. Besame Mucho
11. Kinkiri Kunkuru
12. Behin Batean Loiolan
13. Beer Barrel Polka
14. Cuban Pete
15. Urte Batez
16. Basco Eyes
17. Fiestas De San Fermin
18. Zazpi Jauziak
19. Recuerdo Du Pays Basque
20. Agur Jaunak

-Diskoko kantuak entzun, erosi eta internetez jaisteko, hemen
-Webgunea: http://amerikanuak.com
-Facebook: https://www.facebook.com/Amerikanuak
-Instagram: https://www.instagram.com/amerikanuak



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia