euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gaur abiatuko da Tuteratik Korrika 16, Euskal Herrian eta Diasporan barrena euskararen aldeko mezua zabalduz

2009/03/26

Korrika 16ren kartela
Korrika 16ren kartela

PUBLIZITATEA

Gaur arratsaldeko 17:30tan aterako da Tuteratik, Nafarroatik, Korrika 16, AEK-ko euskaltegiek antolatzen duten euskararen aldeko lasterketa herrikoia. Apirilaren 5a bitartean lasterketak Euskal Herriko herri eta bazter ia guztiak igaroko ditu, Gasteizen bukatu arte. Bidean 'Ongi etorri!' leloa eramango dute korrikalariek, euskara ikasi eta euskal kulturaren mundura gerturatzeko ahalegina egiten duten ikasle, etorkin eta Diasporako kideei omenaldia eginez. Eta ohi bezala Diasporan ere euskaldunek Korrika ospatuko dute: Montevideon, Londresen, Mexikon, Buenos Aires, Madrilen, Bartzelonan, Shanghaien...

Donostia-San Sebastián. Dena prest dago Tuteran gaur arratsaldean Korrika 16 abiarazteko. Lasterketak guztira 2.492 kilometro egingo ditu Euskal Herrian zehar eta apirilaren 5ean bukatuko da Gasteizen. Edizio honetako leloa 'Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira' da eta ideia horrekin lasterketa Euskal Herrian barna ibiliko da datozen egunetan. Korrikaren webgunean ibilbide osoa eta ordutegia eskuratu daitezke, bakoitzak gertuen duen lekuan lasterketarekin bat egiteko kilometro --edo metro-- gutxi batzuetan bada ere.

Diasporatik lasterketarekin bat egin nahi dutenek ere izango dute aukerarik, hainbat hirietan --Montevideon, Mexikon, Londresen, Buenos Aires, Madrilen, Bartzelonan, Shanghai-- Korrikaren aldeko ekitaldiak egingo dira eta. Ekitaldi hauen egitarau jakinarazi digun azkenetakoa Uruguaiko Montevideoko Euskal Erria Euskal Etxea izan da. Apirilaren 4ean egingo dute jaia Euskal Erria-ko kideek, goizeko 10:00etatik 12:00etara hiriburuko kaleetan barrena lasterketa eginez.

Lasterketa noski herrikoia izango da eta parte hartzea da garrantzitsuena, bakoitzak ahal duen abiadan. Antolatzaileek azaldu dutenez berdin da lasterka, oinez, autoz edo bide bazterretik korrikalariak animatuz parte hartzea! Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, jarri harremanetan Euskal Erriarekin 908 79 77 telefonora deituz edo e-maila bidaliz euskale@montevideo.com.uy helbidera.

Londresen ere

Egitarauari azken ukituak ematen ari diren besteak London Basque Society-ko bazkideak dira. Korrika elkarte honetako hitzordu klasikoetako bat da --edizio gehienetan egin dute zerbait-- eta aurten ere izango da zer egin Londresen. Ekitaldiak apirilaren 3an, ostiralean, hasiko dira, Topagunea elkartearen VI. Film Laburren Zirkuituko zortzi euskal laburmetraien emanaldiarekin. Ekitaldia euskal etxearen egoitzan, Oxford House-n egingo da, 19:00tatik 21:00ak arte.

Hurrengo egunean, larunbatean, Korrika 16 dela eta lasterketa sinboliko bat egingo dute Londreseko euskaldunek Oxford House-n ondoan dagoen parkean, 13:00tan. Lasterketaren ostean bazkari herrikoia egingo da eta Iñaki Lopez de Luzuriaga irakasleak txalaparta erakustaldia eskainiko du. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, bidali e-maila hona.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia