euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gabonak zoriontzeko modua garai berrietara moldatzen ari; euskal ikutuko hainbat postal topa daitezke sarean

2007/12/24

Olentzero agertzen duen postaletako bat, kasu honetan Eitb.com webgunetik jaitsi daitekeena
Olentzero agertzen duen postaletako bat, kasu honetan Eitb.com webgunetik jaitsi daitekeena

PUBLIZITATEA

Gabonak hemen dira jadanik eta horrekin batera gertu zein urrun bizi diren senide eta lagunez gogoratzeko eta agur bereziak bidaltzeko usadioa. Gabonak zoriontzeko edota urte berri ona opatzeko milaka postal bidaltzen dira urteko azken txanpa honetan. Oraintsu arte postariak erotu beharrean ibiltzen ziren egun gutxiren buruan milioika karta zegozkien helbideetara hel zitezen. Egun, ordea, postal birtualek dexente jan diete terrenoa paperezkoei. EuskalKultura.com-ek Olentzero eta euskal Eguberria islatzen duten postal birtualen esteka selekzio bat ekarri du datozen lerrotara.
Euskal Herriko umeen pertsonaiarik maitatuenetakoa da Olentzero. Hor azaltzen da Eguberri aldean, bere txapela jantzita, pipa ahoan duela. Abenduaren 24ko gauean bere ikazkin lanak utzi eta etxez etxe ibiltzen da urtean zehar ongi portatu direnentzako opariz josita. Bihurri xamarrak izan direnek, berriz, ikatz zati bat jasotzeko arriskua daukate Gabon Gauean.

Baina gutunei dagokienez bederen, denboraren poderioz Olentzero ere modernizatu egin da eta berak ere e-mailez jasotzen ditu kartak bere baserrian daukan ordenagailuan. Olentzerori gutuna iristarazteko aukera www.olentzaro.net webguneak ematen digu, besteak beste. Postal birtualak ere topatuko ditugu webgune horretan, bai aldez aurretik diseinatutakoak eta baita norberak egitekoak ere. Jolasak, kantak eta errezetak ere ez zaizkio falta webguneari.

Antzeko aukerak eskaintzen dizkigun beste orri bat www.olentzero.info da. Hemendik ere bidali ahal izango diogu karta Olentzerori eta postalak lagunei. Gabonak zoriontzeko beste aukera bat www.jalgi.com webgunea da. Aurrekoak baino sinpleagoa da baina berdin berdin balio du detailea bidaltzeko, gainera testua norberak idatzi dezake. Bere aldetik, Olentzerori www.eitb.com-ek ere atal bat eskaini dio aurreko webguneen antzeko zerbitzuekin.

Beste aukera batzuk

Norbaitek beste eredu batzuk nahi baditu, aukera ugari topatuko du internet arakatuz. Izan ere, euskal tradizioarekin lotura duten baina Olentzeroren irudia erabiltzen ez duten postal birtual ugari daude sarean. Horietako batzuk topa daitezke Argiako webguneko Mantxut atalean, ukitu ikonoklasta batekin. Kukuxumusu marka ezagunak ere atera du egun hauetarako bilduma berezia postal birtualak eta guzti, ospea eman dien originaltasuna agertuz. Gabonetako irudi tipikoak alde batera utzi nahi dituztenek euren txokoa aurkituko dute, esaterako, www.zernola.net-en. Gune zientifiko honetan animaliak, paisaiak, natura eta espazioa dira irudien protagonistak.

Oregoneko Ontario Euskal Etxeak ere aurkitu du bere modu berezia urte berri zoriontsua opatzeko. Euren webgunetik, Euskal Etxeko bazkideek egindako postalak bidali daitezke. Bertako dantzari taldeko kideen argazkiei “Urte Berri On” bezalako testuak atxiki dizkiete eta modu originala izan daiteke gabonak zoriontzeko. Hala ere, irakurleen artean lehengo ohitura xaharrak faltan botatzen dituen erromantikoren bat balego, jakin dezala oraindik ere paperezko postalak fabrikatzen direla eta horrelakoak jasotzeak xarma berezia izango duela beti.


Lotura interesgarriak

Olentzeroren borda
www.olentzero.info

Olentzaro
www.olentzaro.net

Ontario Euskal Etxeko postalak (AEB)
www.ontariobasqueclub.dantzariak.net

Mantxut!-en postalak
www.argia.com

Kukuxumusuko postalak
www.kukuxumusu.com

Jalgiren Olentzeroak
www.jalgi.com

ZerNola-ko postalak
www.zernola.net

EITBko postalak
www.eitb.com


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia