euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gabonak zoriontzeko euskal postal birtual ugari eskaintzen ditu sareak; aukera ezazu zeurea!

2010/11/29

'Olentzero sartu zaigu etxera!, HABEren Ikasbil gunean eskuratu daitekeen postal animatuaren irudia
'Olentzero sartu zaigu etxera!, HABEren Ikasbil gunean eskuratu daitekeen postal animatuaren irudia

PUBLIZITATEA

Abendua badator eta abenduarekin batera Gabonak hasi dira jada agertzen gure eguneroko bizitzan. Supermerkatuan turroiak (ohitura hori daukaten lekuetan), telebistan perfumeak, postontzian jostailudendetako propaganda... gero eta goiztiarrago datoz Eguberriak. Hala eta guztiz ere, lagunei eta senitartekoei jaiak zoriontzea beti azken unea arte itxaroten duten horietarikoa bazara (eta azkenean beti berandu bazabiltza!), oraintxe duzu garaia tartetxo bat egin eta Gabonetako postal birtual bat aukeratzeko. Era askotakoak dabiltza jada sarean bolo-bolo: Olentzerorenak, musikadunak, animatuak... Guk jarraian horietariko batzuk bildu ditugu.

Donostia-San Sebastián. Gabonetako parafernalian galdu aurretik, jai hauen oinarria lagun eta senitartekoekin goxo-goxo egotea eta gozatzea dela gogoan izanik, urrun daudenei besarkada birtual bat bidaltzeko euskal e-postal zerrendatxoa prestatu dugu. Sarean mota ugari daude, gero eta gehiago, baina faltan bota dugu euskaraz eta euskal pertsonaiekin eginiko postal animatu gehiago, norberak atontzen dituen horietakoak, bakoitzaren argazkia gehituta euskaraz kantatzen duten pertsonaiena... Agian guk ez ditugu topatu, eta hala bada, mesedez, bidal egiguzue beste postal batzuen webguneen berri (artikulu honen azkenean iruzkinak artalean idatzita)!

Sarean aurkitu ditugun horien artean, euskal postal animatu aukera zabala dago HABEren Ikasbil webgunean, umoretsuak eta koloretsuak gainera: Olentzero kabitu ezinik, Estralurtarren erasoa, Olentzero erretzailea... Beste aukera bat www.manycomics.com webguneak eskaintzen diguna da: Gabonetako opariak, 12 mahatsak,  Zorionak, Ezinezko misioa... dira postaletako batzuk.

Gabonak, negua eta elurra gai nagusi bezala hartuta, Kukuxumusu enpresak Olentzero, Mari Christmas,  Merri Toro eta beste postal original eta lotsagabeak proposatzen ditu. Argia.com webgunean Argia aldizkariaren postal sorta biltzen da Mantxut atalean, Gabonak eta Urte Berria zoriontzeko. Postalak.com euskarazko postal birtualen webgunea da eta bertan, hainbat gaien artean, Eguberriak zoriontzeko argazkiekin osaturiko hiru postal aurkituko dituzu.

Olentzeroren bordan hamaika postal eta jolas

Olentzerorengan sinesten al duzu? Jakina? Horixe duzu ba Gabonak webgunean sartzeko pasaportea. Euskal Herriko haurren pertsonaiarik maitatuenetako bat da Olentzero, zalantzarik gabe, eta urtetik urtera gero eta gehiago dira Diasporan ere ikazkinaren bisita jasotzen duten haurrak: Sydneyn, Mexikon, Coloradon, Madrilen, Bartzelonan... Bere bisita jaso bitartean haurrek webgune honetan jolastu eta gozatzeko hamaika baliabide daude: kantuak, antzerkiak, Olentzeroren testa, atean zintzilikatzeko Olentzero panpin ederra egiteko azalpenak, Olentzerori gutuna idazteko txokoa, eta nola ez, postalak.  A! eta ez ahaztu Haur Gaiztoen Txokoa (txintxoa ala bihurria izan zara? Bete Olentzerok prestaturiko galdera sorta eta frogatu ahal izango duzu aingerutxo edo deabrutxoa zaren!). Vianako Erentzun Ikastolako ikasle eta irakasleek (eta Olentzerok!) 1998an sortua da webgunea eta urtetik urtera atal berriak gehituz osatzen dute. Beraiekin kolaboratzeko eta proiektuarekin jarraitzeko animoak emateko, helbide honetara idatz dezakezu.

Ikazkinarekin jarraituz, Olentzeroren Borda orrialdera bisita egin dezakezu, eta bertan, jolastu, margotu, Olentzerori gutuna idatzi eta postalak bidaltzeko aukera izango duzu, besteak beste. Beste proposamen bat EITBko Betizu haur saioaren webgunean Olentzerori eskainitako txokoa da. Hemen etxeko txikiek eta nagusiek denborapasa ugari topatuko dituzte: Olentzerori gutuna idazteko tokia, postal birtualak, eskulanak (Eguberritako kandela, zuhaitzerako apaingarriak, lehioan eskegitzeko Olentzero eta Gabonetako postalak egiteko azalpenak) eta online jokoak, besteak beste.

(Esan bezala, beste euskal postal birtualik non aurki daitekeen baldin badakizu, idatz ezazu iruzkina eta zerrendan jasoko dugu)



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia