euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gabonak goiztiar Ameriketan: Utah, Colorado, Ontario eta Vancouverrera asteburu honetan dator Olentzero

2011/11/30

Olentzero opariak banatzen Coloradoko Euskal Etxearen iazko jaian (argazkia ColoradoEE)
Olentzero opariak banatzen Coloradoko Euskal Etxearen iazko jaian (argazkia ColoradoEE)
Abenduan sartzeko egun bat falta da oraindik, baina badira Gabonetako jaiak aurre-egiten hasi diren euskal etxeak, batez ere Ipar Ameriketan. Abendu amaieran oporrak hasi eta famili jaiak ospatzen hasi aurretik, nahiago izaten dute elkarteko kideak garaiz bildu eta Gabon eguna aldez aurretik euskal giroan ospatzeko aukera izatea eta horixe egingo dute asteburu honetan, esaterako, Utahko Euskal Etxeak, Ontario Basque Club-ek, Coloradoko Euskal Etxeak eta Kanadan, Vancouver-eko Zazpiak Bat elkarteak. Olentzero ere bilduko da jai hauetara eta elkarteetako umeen artean opariak banatuko ditu.

PUBLIZITATEA

Salt Lake City, AEB. Utahko Euskal Etxeak larunbat honetarako deitu ditu elkarteko bazkide eta lagunak St. Vincent's Benvegnu Center aretoan egingo den Gabon Jaira. Hitzordua goiztiarra da, baina horrela ahalik eta kide gehienek parte hartzea da elkartearen asmoa. Jaialdia 18:00etan hasiko da, eta 18:30etan afaria zerbitzatuko da. AEBetan arrunta den 'potluck' erako afaria izango da: partaide bakoitzak beste hamar lagunentzako plater bat ekarri behar du, denen artean jaki desberdinak dastatu eta partitu ahal izateko. 

Coloradoko Euskal Etxean ere Olentzeroren bisitaren zain daude: hitzordua larunbat honetarako dute egina, elkarteak Denver hirian egingo duen jaian. Ekitaldia 17:00etan hasiko da The Savoy-n, ongi etorri eta harrera koktel batekin; ondoren, 18:00etan, afaria egingo da eta afalostean kantaldia eta gaileta trukea (partaideek Gabonetako gaileta sorta ekarri behar dute, beste partaideekin trukatzeko). Afariaren catering-a Denver-eko Ondo pintxo tabernak ekarriko du. Coloradoko Euskal Etxeak Euskararen Nazioarteko Eguna ere ospatuko du Gabon jaiarekin batera, iparramerikar Mendebaldeko bazter honetatik ere euskarari bultzadatxoa emateko!

Kanadan ere

Mugaz bestalde, Kanadan, Vancouver hiriko Zazpiak Bat Euskal Etxeak ere elkarrekin ospatuko ditu Euskararen Eguna eta Olentzeroren etorrera. Elkarteak Mayview Circle-en egingo duen jaia arratsaldeko 15:00etan hasiko da, bazkariarekin. Bazkalostean helduko da Olentzero eta aurreko urteetan bezala opariak banatuko ditu bestan diren neska-mutilen artean.

Igandean ere izango da jairik, esaterako, Estatu Batuetako Oregon estatuan dagoen Ontarion bertako Basque Club elkarteak abenduaren 4ean ospatuko baitu bere Gabonetako jaia eta Euskararen Nazioarteko Eguna.

Hauekin batera, asko izango dira Ipar Ameriketan, Hego Ameriketan eta Diaspora osoan euren Gabon jaiak, Euskararen Egunekoak eta baita ere eskola-urtea eta orohar urtea amaitzeko jaiak abenduan zehar egingo dituzten euskal etxe eta elkarteak.

Zeure euskal etxearen kasua bada, idatz iezaguzu lotsarik gabe hitzorduaren berri emanez info@euskalkultura.com helbidera.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia