euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Gabonak euskal postalekin zoriontzeko eta Olentzerori gutunak 'online' bidali ahal izateko baliabide sorta

2009/12/07

Argia.com-eko Mantxut atalean aurki daitekeen zorion postal xelebreetako bat
Argia.com-eko Mantxut atalean aurki daitekeen zorion postal xelebreetako bat
Gabonetako postalak bidaltzeko ohitura garai berriekin aldatu egin da eta gero eta gehiago dira egun hauek gerturatu ahala internet bidez bidaltzen diren postalak erabiltzen dituztenak lagun eta senideak zoriontzeko. Olentzero ere denboraren poderioz modernizatu egin da eta berak ere posta elektronikoz irakurtzen ditu opariak jasotzeko irrikitan dauden haurren gutunak. Olentzero eta euskal Eguberria islatzen duten postal birtualak eskaintzen dituzten webguneen esteka multzoa bildu ditugu hurrengo lerroetan.

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastián.  Gabonak zoriontzeko moduak teknologia berriekin izugarri aldatu dira. Orain dela gutxi arte postariek lan izugarri gogorra burutu behar zuten egun gutxiren buruan milioika eskutitz zegozkien helbideetara hel zitezen. Orain, ordea, minutu bat nahikoa da postala aukeratu eta maite ditugunei beraietaz gogoratzen garela esateko. Jarraian euskal postalen zerrendatxo bat eskaintzen dugu, Olentzeroz ahaztu gabe, Euskal Herriko eta Diasporako haurrek ere internetek eskaintzen dituen baliabideekin errazago dutelako mendian bizi den ikazkinarekin komunikatzeko.

Izan ere, Euskal Herriko haurren pertsonaiarik maitatuenetakoa da Olentzero. Abenduaren 24ko gauean etxez etxe opariak uzten ibiltzen den gizon lodikotea da Gabonak webguneko protagonista. Orrialde honek umeek Olentzerori gutuna idazteko aukera eskaintzen du. Horrekin batera, zorion postalak bidali, gabon kantak deskargatu (letrak eta MP3 formatuko abestiak) eta Olentzero protagonista duten denborapasa, antzerki gidoi eta pantailarako irudiak ere jaitsi daitezke.

Beste proposamen bat Olentzeroren Borda orrialdea da, Gabonetako euskal pertsonaia honen 'etxe' birtuala. Bertan ere Olentzeroren gutunak eta postalak bidaltzeko aukera eskaintzen da. Eitb.com-ek ere Olentzerori eskainitako txokoa du bere webgunean, eta bertatik Olentzerori gutuna eta postalak bidaltzeko aukera eskaintzen du, edo Olentzeroren ipuina irakurri eta jokoak jaistekoa.

Zorion txartel bereziak

HABE-ko Ikasbil orrialdeak, Eguberriak zoriontzeko postal animatuak, irudiak mugimenduan dituzten postalak, eskaintzen ditu. Egun hauek irudi xelebre eta bereziagoekin zoriondu nahi dituztenentzat, Kukuxumusu enpresaren webguneak postal eskaintza zabala du ardi, behi eta nola ez Olentzero bitxien zorion txartelekin. Estilo berean, postal alai eta desberdinak biltzen dituen beste helbide bat Argia.com-en webgunea da: Mantxut atalean aurkitu daitezkeen postalek gabonak zoriontzeko modu berezi eta askotan sarkastiko bat eskaintzen dute.

Bestalde, Oregoneko Ontario Euskal Etxeak ere aurkitu du bere modu berezia urte berri zoriontsua ospatzeko. Euren webgunetik, Euskal Etxeko bazkideek egindako postalak bidali daitezke, dantza taldeko dantzarien argazkiekin osatuak daudenak. Bukatzeko, Urte berriari ongi etorria eginez, Postalak.com orrialdeak hiru postal eskaintzen ditu 2010. urtea zoriontzeko.

Euskarazko Opariak

Euskarazko opariak erosteari dagokionez, kontsultagai da sarean Euskarazko Produktuan Katalogoa (ikus artikulua aparte). Bertan, izenak azaltzen duen bezala, euskarazko 400 bat produktu agertzen dira: liburu, disko, komiki, CD, DVD eta abar. Zerrendak produktu bakoitzaren prezioa eta saltzen duen enpresaren izena agertzen du. Produktuok Euskal Herriko dendatan salgai daude jada, eta Diasporatik eskuratu nahi dituenak artikuluaren izena eta enpresa biltzaile batean jarrita internet bidez produktua saltzen duen webgunea topatu ahal izango du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia