euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Frantziar estatuko euskal etxeek bilera egin dute abuztuan Alduden, elkar ezagutu eta esperientziak trukatzeko

2011/09/05

Bileran parte hartu zuten euskal etxeetako zenbait ordezkari (argazkia BordeleEE)
Bileran parte hartu zuten euskal etxeetako zenbait ordezkari (argazkia BordeleEE)
Parise, Paue, Bordele, Lurde eta Clermont-Ferrandeko euskal elkarteek bilera egin zuten iragan abuztuaren 20an Alduden, Peio Oteiza ekoizleak gonbidatuta. Oteiza internet bidez euskal jakiak saltzen dituen Pierre Oteiza enpresaren jabe da eta euskal etxeekin harreman estua du. Bilera enpresaren egoitzan egin zuten eta euskal etxeetako ordezkariek enpresaren mozkinak dastatzeko aukera izan zuten, elkar ezagutu eta esperientziak trukatu bitartean. Hau bai hori lana gustura egiteko modua!

PUBLIZITATEA

Aldude, Nafarroa Beherea. Iragan abuztuaren 20ean Alduden egin zen bileran frantziar estatuko euskal etxeetako 30 bat ordezkari bildu ziren, Pierre Oteizak eginiko gonbiteari erantzunez. Bilera honen bidez Oteizak euskal elkarteei eskertu egin nahi izan zien bere produktuak ezagutarazten egiten duten lana, baina topaketa haratago joan zen: euskal etxeetako kideak elkar ezagutu eta harremana sendotzeko aukera bilakatu zen.

"Helburua aski sinplea zen ororen buru: Peiok eskertu nahi gintuen, bai eta elgarretaratu eta elgar ezagut ginezala", azaldu dio EuskalKultura.com-i Bordeleko Euskal Etxeko presidente David Mugicak. "Jakina, izigarri egun goxoa izan zen: ongi jan, edan eta kantatu! Bai eta ere, serioskiago, gutartean mintzatu gure egoeraz, xedeez eta abar. Horren ikuspundutik ere interesgarria izan zen". Esperientzia hain izan zen ona, datorren urtean errepikatzeko asmoa agertu zutela denek.

Lehen aldia

Topaketan Frantziako hiru euskal etxe ofizialak (Parise, Bordele eta Paue) eta elkarte ez ofizialak ere bildu ziren (Lurde, Clermont-Ferrand). "Badira beste zenbait elkarte Tolosan (ezin etorririk) eta Montpellieren, bai eta ainitzez urrunago ere Saint-Pierre et Miquelon eta Kaledonia berrian!", agertu du Mugicak.

Mahaiko hutsuneak hutsune, Hexagonoko euskal etxeak biltzen ziren lehen aldia izan zen, eta pozik agertu ziren denak esperientziarekin. "Baditugu jadanik harremanak Parise eta Paueko elkarteekin, Pauek Lurde ezagutzen du noski hurbil-hurbil direla eta; bainan denak elgarrekin izaitea, hori lehen aldia zen", azpimarratu du Mugicak. Bileran, halaber, Euskal Kultur Erakundeko presidente Mikel Erramouspe ere izan zen. Erramouspek euskal etxeei EKEn toki gehiago emateko asmoa agertu zuen.

Frantziako Euskal Etxeen Bilera Alduden 2011

[Bileran proiektu eta esperientzia trukatzeaz gain Pierre Oteizaren produktuak dastatu zituzten euskal etxeetako ordezkariek (argazkia BordeleEE)]

Partehartzaileak

Bordeleko euskal etxetik 10 bat lagunek egin zuten bidaia, tartean David Mugica presidentea, Jean-Marc Goyheneche (presidente-ohia, orain diruzaina), Marie-Pierre Roy, eta Bestalariak koraleko kideak. Parisetik berdintsu, horien artean Sébastien Daguerre (joan den martxoan presidente bihurtua) eta Arlette Oçafrain.

Lurdeko euskal elkartetik (Lourdes, Bigorre eskualdean) ere beste hainbeste, Charles Etchepareborde presidentea eta Jean-Pierre Arla diruzaina buru. Pauetik Jean-Pierre Urrutia presidentea eta Frantxoa Challet presidente-ordea inguratu ziren. Clermont-Ferrand-eko elkarteko kide ohi bat ere bertan izan zen.

-Pierre Oteiza enpresaren webgunea, hemen (euskal jaki salmenta online)



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia