euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Foru Gobernuak deituta, Nafarroatik kanpo bizi diren ehun bat nafar bildu dira Iruñean I. Next Elkarretaratzean

2019/01/04

Ana Ollo kontseilaria eta Pello Pellejero zuzendaria Jardunaldian parte hartutako talde batekin
Ana Ollo kontseilaria eta Pello Pellejero zuzendaria Jardunaldian parte hartutako talde batekin

PUBLIZITATEA

Iruñea-Pamplona. Lehenengo Next Topaketa egin du Nafarroako Gobernuak joan den astean, Nafarroatik kanpo bizi diren ehun bat lagunen aurrean. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako nafar kontseilari Ana Ollok Nafarroatik kanpo bizi diren herritarrek dakarten aktiboa nabarmendu zuen bertan. Next Topaketa Ana Ollo buru duen nafar departamentuak bultzatzen du, kanpoan bizi diren nafarrekin komunikatzeko bideei eutsi eta komunikazio eta jardunbide hori sustatzeko helburuarekin, gobernuak berak ohar batean adierazi duenez.

Aurreneko Next Topaketa hau joan den asteko ostegunean egin zen Iruñean eta jardunaldiari hasiera emateko, Komunikazio eta Harreman Instituzionaletako zuzendari nagusia den Pello Pellejerok eskaini zituen aurkezpen hitzak. Ekitaldiak, aurrez aurre edo bideoen bitartez, ahotsa eman zien egoerak behartuta edo norberaren erabakiz Nafarroatik kanpo, beste herrialde edo autonomia erkidegoetan, bizi eta lan egiten duten nafarrei.


Ana Olloren hitzak joan den astean Iruñean eginiko Lehenengo Next Topaketan

Deialdi eta estrategia honen barnean modu batera edo bestera inguratu ziren bertara besteak beste Euskadi, Madril, Alemania, Saudi Arabia, Brasil, Txina (Hong Kong), Danimarka, Estatu Batuak, Finlandia, Frantzia, Maroko, Erresuma Batua eta Errusia bezalako lekuetatik etorritako nafarrek, lehenengo aldiz honelako elkarretaratze batera deituak, izan ere euren sorterriarekin bi norabidetan komunikatzeko oinarriak finkatzeko asmoz; alegia, Nafarroako Gobernuarekin nahiz Foru Komunitatean kokaturiko ezagutza-zentroekin edo produkzio-ehunarekin hartu-emanak sortu eta atxikitzea helburu. Horretarako, bertan azaldu zenez, exekutiboa duela urtebete baino gehiago hasi zen lanean azterketa bat eginez, zeuden datuak aztertu eta ekarpenak jasotzeko prozesua irekiaz, Next Estrategiaren zirriborroa egin aurretik.

Ana Olloren hitzetan, abian jarri den “prozesu honetan ezinbestekoa zen (aipatu) herritar hauek nolakoak diren jakitea, nolakoak zareten zuek”. Jasotako 294 proposamen eta ekarpenetatik, 171 kanpoan bizi diren herritarrenak dira, 30 haien senitartekoenak eta beste 93 agente giltzarrienak. Guztiei kontsulta egin zaie bideratu nahi den estrategia lantzearren.

Next Estrategiaren zirriborroan, kontseilariak agertu zuenez, jarduteko hiru ardatz definitzen dira: bata komunikazioa / konexioa, bestea eustea / itzultzea, eta hirugarrena lankidetza aktiboa, hiruetako bakoitza jarduteko zenbait proposamenekin.

Ana Olloren aburuz, pertsona hauen borondatez, edo lanak eskatuta, bizi izan duten errealitateak ez gaitu “axolagabe utzi behar gure ingurune osoan gertatutako fenomenoa baita”, adierazi zuen. “Alderantziz", jarraitu zuen, "gure ustez, kanpoan bizi diren herritarrek balio itzela dute Nafarroarentzat, eta jakin badakigu horiekiko harremana asko hobetu beharra daukagula, interesen bat-egiteak aktibatuaz kanpoan bizi diren gure herritarrak Nafarroarekin lotzeko, eurak itzultzeko prest egon ala ez”, baitetsi zuen..

Mantentzen diren loturak

Errealitate hori ezagutzera ematearren, kontseilariak ondokoa gogoratu zuen: “Gobernuak giro instituzionala, enpresa-mailakoa, akademikoa eta soziala sortu nahi du, pertsona horiek kontuan hartuak izan ditezen, eta Nafarroak kanpoko herritarrekin dituen loturak estutzeko erremintak sustatu”.

Topaketan, halaber, Nafar Lansareko, Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzailea, Paz Fernández, mintzatu zen, “Langabeziaren egoera Nafarroan: errealitatea eta joerak” gaiaz, eta NavarraCapital.es-eko Eva Perujuanizek “Ekonomia, enpresa eta lan-merkatua Nafarroan” hitzaldia aurkeztu zuen.

Bertaratu ziren bestelako agenteen artean behar dira aipatu nafar enpresetako ordezkariak, bi unibertsitateetakoak, Foru Komunitateko Administraziokoak eta emigratu ostean Nafarroara itzuli diren pertsonak. Horien guztien artean, bakoitzak bere pentsamolde eta propposamenak agertuz, mahai-ingurua eratu zen kanpoan dauden nafarrekin konektatzearen errealitatea aztertzeko.

-Jardunaldiko programa, hemen



« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia