euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

FEVA eta NABO, munduan euskal etxe gehien biltzen duten federazioak, urtarrilean bilduko dira Argentinan

2008/12/31

Mary Gaztambide (ezk) eta Mariluz Artetxe, biak orduan NABO eta FEVAko lehendakari zirela, 2007ko otsailean Kaliforniako San Frantziskon (AEB) egin zen lehenengo bileran. Artetxek NABOren bilkura orokor batean hartu zuen parte (arg. EuskalKultura.com)
Mary Gaztambide (ezk) eta Mariluz Artetxe, biak orduan NABO eta FEVAko lehendakari zirela, 2007ko otsailean Kaliforniako San Frantziskon (AEB) egin zen lehenengo bileran. Artetxek NABOren bilkura orokor batean hartu zuen parte (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetako NABO, eta Argentinako FEVA euskal etxeen federazioak urtarrilaren 9tik 12ra bilduko dira Buenos Aires probintziako Mar del Plata herrian, erakunde bakoitzeko lehendakaria buru izango duten bi ordezkaritza medio. NABOko lehendakari Mary Gaztambide eta FEVAko lehendakari Felipe Eiheragibel buru dituzten bi delegazioekin batera, Eusko Jaurlaritzako Josu Legarreta izango da mahaiaren hirugarren hanka edo zangoa, Eusko Jaurlaritzaren izenean bertaratuko baita, elkarrekin munduko euskal etxeen bi heren baino gehiago biltzen dituzten bi erakundeon arteko bilerara.

Mar del Plata, Argentina. Urtea lanean hasiko dute FEVA eta NABOko goi ordezkariek. Urrats berri bat emanez bi erakundeon harremanetan, NABOko kideek bisita itzuliko diote gisa honetan, joan urtean, 2007ko otsailean, orduan FEVAko lehendakari zen Mariluz Artetxek Kaliforniako San Frantziskora eginiko osterari. Helburua, beti, bi federazioen artean elkarren berri ematea eta bakoitzak bestearen programetatik har ditzakeen jakingarriak bereganatu eta eskarmentua baliatu ahal izatea. urtarrileko bileran, besteak beste, euskara alorrean gertatuko da hori, alor honetan NABOk beregana dezakeen urtetako eskarmentua baitarama Argentinak.

Mary Gaztambide NABO lehendakariarekin batera Izaskun Kortazar eta John Ysursa dira ordezkaritza estatubatuarra osatuko duten beste bi pertsonak. Izaskun Kortazar, izan ere, NABO aitzinarazten ari den euskara egitaraua koordinatzen duen emakume gaztea da, Idahon bizi den bizkaitarra, eta bereziki azkeneko bi urteotan gogor ari dena Estatu Batuetako euskal etxeetan ematen diren euskara eskolen arloan. John Ysursa, berriz, NABOko 'sustatzailea' da, erakundeko koordinatzaile moduko bat, erakundearen bulego operatiboa daramana.

FEVAren euskara eskolen eskarmentu aberatsa

Argentinarren aldetik, bost pertsonak osatuko dute antza ordezkaritza, gehi bi gonbidatuk. Felipe Eiheragibel lehendakariarekin batera, FEVAko lehendakari ohi Mariluz Artetxe ere bertaratuko da eta baita Carlos Sosa FEVAko lehendakari ohi, egungo diruzain eta Jaurlaritzako Aholkulari dena, Hego Ameriketako euskal etxeen izenean. Euskara eta gai zehatzei dagokienez, badirudi Gabriela Mendia eta Miren Arozarenaren partaidetza ere bilduko dela. Eusko Jaurlaritzaren aldetik, ordezkaritza Josu Legarreta Kanpoko Euskal Gizataldeekiko Harremanetarako Zuzendariak ekarriko du.

Bi federazioen artean, berrogeita hamar urtetik gora dituen FEVA da aharrena, egoera eta tamaina oso desberdineko ia ehun euskal etxe biltzen dituelarik gaur egun. NABO, berriz, 1973an sortu zen Nevadako Reno hirian eta ofizialki 39 euskal elkarte biltzen ditu, guztiak Estatu Batuetakoak gehi Vancouverreko Zazpiak Bat euskal etxea, Kanadakoa beraz, aurten bertan federazioan onartua izan dena, North American (Ipar Ameriketako) izenari zentzua emanez.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia