euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Felipe Gorritiren 'Meza Re-n', estreinaldia Euskal Herritik kanpo datorren larunbatean Buenos Airesen

2010/11/25

Xabier Iñaki de Arza Blanco Asociación Cultural Denak-Bat elkarteko lehendakaria eta zuzendari artistikoa da
Xabier Iñaki de Arza Blanco Asociación Cultural Denak-Bat elkarteko lehendakaria eta zuzendari artistikoa da
Larunbat honetan Buenos Aireseko Todos los Santos abesbatzak eta Denak Bat Camerata taldeak Felipe Gorriti musikagile nafarraren 'Meza Re-n' estreinatuko dute, lehen aldiz Euskal Herritik kanpo, Xabier Iñaki de Arza Blanco maixuaren zuzendaritzapean. Felipe Gorriti (1839-1896) uharte-arakildarraren lan honen partitura Eresbil Euskal Musika Artxibategiaren bitartez eskuratu dute bi taldeek, eta estreinaldirako digitalizatu egin behar izan dute. Kontzertuaren programa Mozarten 'Vesperae Solennes de Confessore' lanarekin osatuko da.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Euskal musika munduan gertakari handia izango da larunbat honetan: lehen aldiz Euskal Herritik kanpo entzun ahal izango baita Felipe Gorriti nafarraren 'Meza Re-n' lana, non eta Buenos Airesen. Estreinaldiaren arduradunak Todos los Santos korala eta Camerata Denak-Bat talde porteñoak dira, Xabier Iñaki de Arza Blanco maixuaren zuzendaritzarekin. Kontzertua Zuzenbide eta Giza Zientzien Fakultateko Areto Nagusian izango da (Figueroa Alcorta 2263 Etorbidea, Buenos Aires), arratsaldeko seietan. Sarrera doan da.

"Kontzertu hau Denak-Bat Kultur Elkartearen ekimenen baitan dago, eta Buenos Aires hiriko Gobernuaren Kultura Sustatzeko Egitasmoak babesten du. Estrainaldia prestatzeko Eresbilek, Euskal Musika Artxiboak, utzitako eskuizkribu bat digitalizatu egin behar izan dugu", azaldu dio EuskalKultura.com-i  Xabier Iñaki de Arzak. "Hemendik kontzertura etortzeko gonbitea egin nahi dizuet denoi", gehitzen du.

Gorritiren lanaz gain, kontzertuan Mozarten “Vesperae Solennes de Confessore" lana ere izango da entzungai. Kantariak honakoak izango dira: Silvina Sadoly (Soprano), Verónica Cánaves (Kontralto), Ricardo González Dorrego (Tenorea), Sergio Carlevaris (Baxua), Todos los Santos Korala eta Camerata Denak-Bat. Zuzendaria: Xabier Iñaki de Arza Blanco.

Organista eta musikagile

Felipe Gorriti Osambela (1839-1896) Huarte-Arakilen, Nafarroan, jaio zen. Aita organista eta musikagilea zuen eta etxean ikasi zuen musika txikitandik. Gero Mariano Garcíarekin, Iruñean, eta Hilarión Eslavarekin, Madrilen, osatu zituen musika ikasketak. 1859tik 1867ra Tafallako Santa María elizako organista izan zen, Tolosako Santa Maria elizako organista postua eskuratu zuen arte.

Bere garaiko organista nagusienetakoa izan zen eta musikagile bezala 250 lanetik gorako ondare oparoa utzi zuen. Horien artean dira, adibidez, 'Meza Re-n', 'Meza Do-n' eta 'Agur Jesusen Ama', Ama Birjinari eskainitako abesti ezaguna. Bere eragina oso garrantzitsua izan zen bai musikagile berrien trebakuntzan eta baita ere Tafallan eta Tolosan musika sustatzen, musika banden bitartez.

Felipe Gorritiri buruzko informazio gehiago, hemen.     



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia