euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Barquin-Neira bikotea Boiseko Euskal Etxearen ordezkari izango ekainean Fresnon, AEBetako Mus Txapelketan

2011/04/28

Izar Iribarren-Gorrindo, Esther Ciganda eta Tyler Smith
Izar Iribarren-Gorrindo, Esther Ciganda eta Tyler Smith
Euzkaldunak --hala izena du Boiseko euskal etxeak-- elkarteak NABOko finalerako baliagarria den Mus Txapelketa egin zuen joan den larunbatean erakundearen egoitzan, Boiseko Basque Block delakoan, Grove kalean. Hamazazpi bikotek hartu zuten parte txapelketan. Ramon Barquin-ek eta Jose Neirak eurenganatu zuten txapela eta Euzkaldunak-eko ordezkariak izango dira, beraz, 2011eko NABOko finalean, datorren ekainaren 11ean, Fresnon, Kalifornian.

PUBLIZITATEA

Boise, AEB. Jende asko zegoen Boiseko Euskal Etxean joan den larunbatean Euzkaldunak-ek antolatutako NABOko mus txapelketan parte hartzeko. NABO (North American Basque Organizations, Ipar Ameriketako euskal erakundeak biltzen dituen elkartea) 36 urte bete dituen erakundea da eta 42 euskal talde biltzen ditu gaur egun, Kanada eta Estatu Batuetan, eta Ipar Ameriketan euskal ondarea sustatzen egiten du lan.

Partidak goizeko 10etan hasi eta iluntzeko 8etan amaitu ziren. Hamazazpi bikotek jokatu zuten ekainaren 11ean Fresnoko finalean Euzkaldunak-en ordezkari izateko eskubidearen bila. NABOren arauak dioenez, bazkide dituen elkarteek bikote bat bidal dezakete mus txapelketa nazionalera. Euskal Etxearen baitango txapelketan hogei bikote baino gehiago dauzkaten elkarteen kasuan, bi bikote bidal ditzakete. Urtero, bestalde, nazio mailako finala, aurreko urtean irabazle suertatu den bikotearen euskal etxeak antolatuko du. Final horretako txapeldunak AEBko ordezkari izango dira nazioarteko txapelketan.

Gizon-emakumeek har dezakete parte txapelketan. Esther Ciganda, Izar Iribarren-Gorrindo eta Juliana Aldape izan dira aurtengo emakume partaide bakarrak Boisen. Esther Ciganda Idaho aldameneko Washington estatuan jaiotakoa da eta EuskalKultura.com-i aitortu dionez, txikitatik hasi zen bera musean, etxean, gurasoekin. Boisera etorri aurretik, Seattleko Euskal Etxearen ordezkaria izan zen orain dela zazpi urte musean.

Bere aldetik, Izar Iribarren-Gorrindok --orain Bilbon bizi den bere ahizpa Maiterekin batera Ahizpak euskal diseinu-enpresaren sortzaile da Boisen-- denbora laburra daramala jokatzen adierazten du, baina "oso gustukoa" duela. Bere ustez, musean aritzeak belaunaldiak batzen ditu, eta bere kasuan bestela hurbiletik ezagutuko ez zituen euskal etxeko kideak ezagututzeko balio izan diola dio.

Boise erdiguneko Leku-Ona euskal jatetxeko langile den Ramon Barquin-ek eta Jose Neirak irabazi zuten txapelketa eta horrekin batera Fresnoko Campostarren egoitzan jokatuko den NABO finalean Euzkaldunak-en izenean parte hartzeko txartela.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia