euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak Gaztemundu 2015 programaren deialdia onartu du

2015/05/27

Iñigo Urkullu lehendakariak harrera egin zien iaz Gaztemundu 2014 programako gazteei (argazkia Irekia)
Iñigo Urkullu lehendakariak harrera egin zien iaz Gaztemundu 2014 programako gazteei (argazkia Irekia)

PUBLIZITATEA

Gaztemundu 2015 programan parte hartzeko irrikaz diren Diasporako gazteei heldu zaie martxan jartzeko ordua. Atzo Eusko Jaurlaritzak Gobernu Kontseiluan onartu zuen Gaztemundu 2015 programaren deialdia egitea, eta, prebisioen arabera, datorren ekainaren 2an argitaratuko da, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzatik Euskalkultura.com-í adierazi diotenez. Argitalpen dataren biharamunean hasiko da hautagaitzak bidaltzeko epea. Adi beraz!

Vitoria-Gasteiz.  Gaztemundu 2015 egitasmoaren aurrekontua 50.000 eurokoa da. Aurten euskal etxeetako 15 gaztek --18 eta 35 urte bitartekoak-- parte hartuko dute, eta irailaren 25etik urriaren 9ra bitartean Euskadira etorri eta kultura erakundeen kudeaketari buruzko prestakuntza jasoko dute, ondoren Euskal Gizataldeen Mundu Batzarrean gonbidatu gisa parte hartzeko, urriko bigarren astean.

Egonaldian zehar zenbait lan eta jarduera burutu beharko dituzte euskal jatorria duten gazteok eta jarduera horien bitartez aukera izango dute erakundeekin, enpresekin eta Euskadin lan egin eta bizi diren pertsonekin hartu-emana izateko, baita Euskadi barruko zein kanpoko gazteen arteko harreman plataformak sortzeko ere.

Aurtengo programan parte hartu nahi dutenek Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian aurkeztu beharko dituzte eskabideak, Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzan, deialdia EHAAn argitaratu ondoren (ekainaren 2an, hau da, datorren asteartean argitaratuko da ziurrenik).

Gaztemundu programa Basque Country Estrategiaren barruan kokatzen da eta, besteak beste, Euskadi kanpoan ezagutaraztea du xede. 1996an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak Gaztemundu programa berariaz, alde batetik, Euskadiren egungo errealitatearen alderdi guztiak ezagutarazteko, eta bestetik, euskal etxeetako bizitza aktiboan integratzeko belaunaldi berriak. Ordutik hona, euskal etxeetako 750 gazte baino gehiagok hartu dute parte programan eta horietako asko euskal etxeen zuzendaritzetan daude edota erantzukizuneko postuak dituzte orain.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia