Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak onarpen ofiziala eman zion atzo 'Washington DC Euskal Etxea' elkarteari
2007/06/27
Argia Beristain Daugherty, AEBetan jaiotako euskalduna da elkarte onartu berriko lehendakaria (BasqueHeritage.com argazkia)
Eusko Jaurlaritzaren Gobernu Batzordeak asteartero egiten duen bilkuran atzo hartutako erabakien artean Estatu Batuetako Washington hiriburuko 'Washington DC Euskal Etxea' (sic) izeneko Euskal Etxea onetsi eta erregistro ofizialean sartzea deliberatu zuen. Neurri honekin aipatu erakundea nor da aurrerantzean, Jaurlaritzak kanpoko euskal giza-taldeei eskaintzen dizkien programa eta onuren hartzaile eta eskubide-emaile izateko bere bazkideekiko.
Atzodanik kide berri bat emendatu zaie Eusko Jaurlaritzaren baitan Lehendakaritza sailean legez sortu eta mantentzen den Euskal Etxeen erregistro ofizialeko munduko euskal zentruei. Euskal gobernuak atzoko ohiko bilkuraren ostean iragarri zuenez, Estatu Batuetako hiriburuko 'Washington DC Euskal Etxea' (sic) izeneko euskal etxea onetsi da ofizialki eta, beraz, euskal legeek onuradun gisa aitortzen dizkion eskubideen jabe bilakatzen dira elkartea bera eta, haren bidez, bere bazkide eta kideak.
Euskal Etxe gaztea da Washingtonekoa, iazko udan egin baitzuen bere lehenengo deialdia, eta geroztik emandako pausoak izan baitira estatutuak idatzi, lehenengo batzordea hautatu, Estatu Batuetan elkarte gisa legeztatu, bitartean lehenengo elkarretaratze eta festak egin eta pixkanaka Washington hiriburuaren inguruan dauden euskaldunak biltzen hasi eta, esaterako, Olentzero festa edo Aberri Eguna bezalako deialdiak antolatzea. Ibilbide horretan juxtu duela hogei egun eskas, ekainaren 8an, NABOk bazkide gisa onartu zuen Washingtoneko Euskal Etxea. Orain, hilabete berean iritsi da Eusko Jaurlaritzaren onarpen ofiziala.
Honako partaideek osatzen dute euskal etxe washingtondarraren lehenengo Zuzendaritza Batzordea:
-Lehendakaria: Argia Beristain Dougherty
-Lehendakariordea: Jurdana Izagirre
-Diruzaina: Eba Elorza
-Idazkaria: Nagore Goitiandia
-Batzordekidea: Beatriz Cortabarria
-Batzordekidea: Pello Huesa
-Batzordekidea: Izaskun Urien
LOTURA INTERESGARRIAK
Washington DC Euskal Etxea-ren webgunea
www.wdceuskaletxea.org
Elkartean bazkidetzeko papera
www.wdceuskaletxea.org webgunean
Washington DC-ko euskaldunek Olentzero ospatu dute
2006ko azaroaren 27an EuskalKultura.com-en argitara emana
Arrakastaz egin da Washingtoneko Euskal Etxe berrirako bilera
2006ko uztailaren 26an EuskalKultura.com-en argitara emana
Hiriburuan Euskal Etxea bat sortzeko deia
2006ko ekainaren 22an EuskalKultura.com-en argitara emana