euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzako eta Nafarroako Gobernuko Diaspora arduradunak elkarrekin bildu dira lehenengoz

2017/05/18

Joan den asteartean, aurrenekoz, elkarrekin bildu ziren Nafarroako Gobernuko eta Eusko Jaurlaritzako Diaspora arloko arduradunak. Nafarroako Gobernutik, parte hartu zuten Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok eta Komunikazio eta Erakunde Harremanetarako zuzendari nagusi Pello Pellejerok; Jaurlaritzatik, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzak eta Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburuk.

PUBLIZITATEA

Iruñea-Pamplona. Nafarroako Gobernuak oharrak plazaratu du esanez bileran euskal eta nafar diasporari buruzko gaiak aztertu eta bakoitzaren jarduera eta eskarmentuak mahaigaineratu zirela, bi administrazioek indarrean dauzkaten lan-ildoak azalduz elkarri. Aipatu zituzten baita ere geroari begira sor daitezkeen lankidetza arloak, interesa agertuz bi aldeek elkarrekin elkarren onurarako zabal daitezkeen aukerak.

Horrekin batera, bi gobernuek jarrera ona azaldu zuten garapen instituzionalean sakontzen segitzeko diasporarekiko politikei dagokienean, lankidetza bideak ikus baitaitezke kanpora atera behar izan zuten herritar horien eta euren ondorengoen atxikimendua gogoan harturik atzean utzi behar izan zuten lurrarekiko.

Bilera honen berri izandakoan, UPN alderdiak gogor kritikatu du Uxue Barkos buru duen gobernuak "kanpoan bizi diren nafarrak eta Nafarroa bera Euskal Herriarekin nahastu nahi" izana. Euren esanetan, "kanpoan dauden euskal etxeek tesi abertzaleei erantzuten diete, ez dira Espainiako parte sentitzen eta euskal nazio bat daukate amets, Nafarroa parte dela". Adibide moduan, Buenos Airesko Laurak Bat aipatzen du, "bozkarioz hartu baitzuen Nafarroako Gobernuaren partaidetza" joan den martxoan hiriburu argentinarrean egindako 'Buenos Aires celebra el País Vasco' kultur ekitaldian.

Ekitaldi honi buruz, Buenos Airestik, Laurak Bat Euskal Etxeko iturrien esanetan, euren elkartea, "Buenos Airesen duela 140 urte sortutako elkartea da, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan jaiotako edo jatorria duten bazkideek sortua". eta "ekitaldi hori antolatzerakoan, geure bazkide nafarrek euren gobernua, Nafarroako Gobernua, gonbidatu zuten eta honek atsegin osoz onartu zuen gonbitea, Nafarroako stand instituzional bat ipiniz, Nafarroarako turismoa sustatzeko stand bat hain zuzen".



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia