euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko eta Gipuzkoako ordezkaritzak bilduko dira uztailean AEBetan, Boiseko Jaialdi-n

2010/06/09

Boiseko alkate Dave Bieter oparia ematen Ibarretxe lehendakariari orduan Idahoko gobernadore zen Dirk Kempthorne aurrean dela, azken honen Kapitolioko bulegoan, azkeneko Jaialdin, 2005ean (argazkia EuskalKultura.com)
Boiseko alkate Dave Bieter oparia ematen Ibarretxe lehendakariari orduan Idahoko gobernadore zen Dirk Kempthorne aurrean dela, azken honen Kapitolioko bulegoan, azkeneko Jaialdin, 2005ean (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Hiru erakunde-multzo bertaratuko dira datorren uztailean Idahoko Boisen egingo den Jaialdi ospakizun erraldoira. Eta baliteke bakoitza bere aldetik ibiltzea, elkarrekin nahasi gabe. Batetik, Eusko Jaurlaritza Lopez lehendakaria buru duela agertuko da, aurretik Nevada-Renoko Unibertsitatea bisitatuko duela, San Frantzisko ingurua eta Silicon Valley; bestetik, Bizkaiko Fori Aldundia, diputatu nagusia buru, Pete Cenarrusa Idahoko estatu-idazkari ohiari 'Bizkaitar Argia' saria emango dio Boisen; Gipuzkoatik, azkenik, bertako Foru Aldundiko Iñaki Galdos lehenengo diputatu nagusiorde eta Kirol eta Kanpo Ekintzako diputatuak akordioak sinatuko ditu Nevada-Renoko Unibertsitatearekin eta NABO Ipar Ameriketako euskal elkarteen federazioarekin.

Donostia-San Sebastián. Hiru euskal ordezkaritza multzok parte hartuko dute uztailaren azkeneko astean Estatu Batuetan, Idahoko hiriburu den Boisen egingo den Jaialdi euskal festa handian. Batetik, Eusko Jaurlaritzak, Lopez lehendakaria buru, Nevada, Kalifornia eta Idahoko estatuetara egingo duen bidaiaren baitan bisitatuko du Boise. Lopez Guillermo Echenique Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin egingo du ostera eta Nevada-Renoko Unibertsitateko Euskal Ikasketa Zentroa bisitatuko duen lehenengo lehendakaria izango da.

Nevadan, bertako gobernadorearekin bilduko da, besteak beste, eta Estatuari 'Lagun Onari' izeneko errekonozimendua emango dio, duela bost urteko Jaialdin Idahon hartu zuen sari bera, euskaldunak errezibitu eta euskal kultura berekotzeagatik, bi herrien arteko harremanak eta loturak suspertuz. Jaurlaritzaren ordezkaritza ondoko Kaliforniara mugituko da segidan eta San Frantziskoaldea eta Berkeley eta Standford Unibertsitateak bisitatuko ditu, baita Silicon Valley ere, Google-n egoitzaraino iritsiz. Bilkura horien artean Lopezek San Frantziskoko Basque Cultural Center ere bisitatuko du, bertako euskaldunak ere agurtuko dituela. Hezkuntza eta enpresa zein ekonomia arloko helburuak pisu handia izango dute bidaiaren zati honetan. Besteak beste, euskal hiru unibertsitatetako errektoreak ere bidelagun izango ditu ordezkaritzak.

Lopezek Nevada eta Kalifornia, Idahon bukatzeko

Bertatik Boisera pasatuko da ordezkaritza. Blanca Urgell Kultura sailburua ere boiseratuko da eta parte honetan lehendakariak harrera-ekitaldi bat eskainiko dio Idaho eta AEBetako euskal erkidegoari. Boiseko alkatearekin eta Idahoko gobernadorearekin bilduko da. Boiseko programak euskal ikasketa jardunaldi batzuk biltzen ditu Boise State Unibertsitatean, Unibertsitate honek euskara eta euskal ikasketak bere eskaintzen artean dauzkala, izan ere azkeneko Jaialdin, 2005ean, Ibarretxe bertan zela ofizialki aurkeztuta.

Jaurlaritzaren aldetik Guillermo Echeniquek gobernatzen duen Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusia ari da bidaia koordinatzen eta Echeniquek adierazi duenez euren asmoa euskal ordezkaritza instituzionala bateratua edo koordinatua izatea nahi zuten eta ez zuten batere ongi hartu Bizkaiko Foru Aldundia bertan bere programa propio batekin egongo zela jakin zutenean, ekitaldi berezi bat antolatu baitute Pete Cenarrusa Idahoko estatu-idazkari ohia eta euskaltzale ezagunari 'Bizkaitar Argia' saria emateko.

Bizkaiko eta Gipuzkoako foru ordezkaritzak

Lehendakariak gutuna igorri dio Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiari, ordezkaritza bateratura bil dadin, eta honek erantzungo diola agindu dio. Echeniquek azpimarratu nahi izan du, esaterako, Boiserekin senidetuta dagoen Gernikako ordezkaritza, EAko kide den Jose Maria Gorroño alkatea buru, Jaurlaritzaren ordezkaritzarekin boiseratuko dela.

Hirugarren euskal presentzia instituzionala ere izango du Jaialdik. Gipuzkoako Foru Aldundiko lehenengo diputatuorde eta Kirol eta Kanpo Ekintzako diputatu den Iñaki Galdos ere bidaiatuko da, akordioak sinatuko dituelarik Euskal Ikasketa alorrean. Galdosen kasuan, Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkaritzakoen kasuan gertatzen den bezala hein batean, lotura instituzionalez gain lotura pertsonalak daude, karguaz aparte pertsonalki Boisera lotutako pertsona baita, familia eta lagunarteko erlazio estuak medio. Galdos oñatiarra da eta Oñatik eta Boisek harreman bereziak izan dituzte, lehenengo euskal-amerikar talde bat --egungo Boiseko alkate den Dave Bieterren aita Pat Bieter buru-- lehenengo euskal kultura ikastaro bat bertan hasi zutenetik duela 35 urte. Bietertarrak, izan ere, bizi izan ziren bolada batez Oñatin, Txantxiku ikastolara ere joanez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia