euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernikako Arbolaren kimu bat landatuko dute Auschwitzen

2017/04/12

Auschwitz-eko Konzentrazio eta Suntsiketa Esparrua, Polonian (argazkia Cracovia.net)
Auschwitz-eko Konzentrazio eta Suntsiketa Esparrua, Polonian (argazkia Cracovia.net)

Iñigo Urkullu lehendakaria buru, ordezkaritzak Bizkaiko Batzar Nagusietako lehendakari Ana Otaduiren partaidetza ere izango du eta datorren aste erdialdean iritsiko da Auschwitzera, Konzentrazio eta Suntsiketa gune izan zen Auschwitz-Birkenau inguruan Gernikako Arbolaren kimu bat landatu eta Gernika eta Auschwitz bezalako bi ikonoen arteko harremana estutzearren, Gernikako eta beste euskal herri batzuen bonbaketen 80. urteurrena betetzen den urte honetan.

PUBLIZITATEA

Vitoria-Gasteiz. Apirilaren 19 eta 20an gauzatuko den bidaian Urkullu lehendakariak Gernikako Arbolaren kimu bat landatuko du Auschwitz-Birkenau Kontzentrazio Esparru inguruan, Polonian, Eusko Jaurlaritzako eta Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkaritza banak lagundurik. Lagun izango ditu bidaian Jonan Fernandez Bizikidetza, Giza Eskubide eta Lankidetzako idazkari nagusia eta Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusia; eta Bizkaiko Batzar Nagusien izenean, erakundeko buru den Ana Otadui, Batzar Nagusiko taldeetako ordezkari banak lagunduta. Horiekin batera, Euskadiko hainbat ikastetxetako gazteak ere bertan izango direla iragarri da, Europako Tradizio eta Kulturaren Aldeko Elkarteak (ATPCEk) sustatutako hezkuntza espedizio batean sartuta.

Gernikako Arbolaren kimua apirilaren 20an landatuko dute Zasole parkean, Auschwitz-Birkenau Esparruaren ingurumarian. Ekitaldi hunkigarria izango dela aurreikusten eta, bertan, ondoz ondo izango dira euskal eta poloniar kultura. Lehendakaria Oświęcimeko Udaleko (Auschwitz-Birkenauko Museoa dagoen udalerriko) ordezkariekin eta Malopolskako (“Polonia Txiki”ko) eskualdeko presidentearekin bilduko da.


Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzaren adierazpenak Auschwitzeko bidaiari buruz (euskaraz 1' 50''etatik aurrera)

Bezperan, apirilaren 19an, euskal ordezkaritza batek Auschwitz I eta Auschwitz-Birkenauko Kontzentrazio Esparruak bisitatuko ditu. Bisita ofizialaren ondoren, euskal eta poloniar gazteen nazioarteko topaketa batera bertaratuko dira eta, hor, Auchwitz-Birkenauko Kontzentrazio eta Deuseztatze Esparruetatik bizirik ateratako pertsona batek, Bogdan Bartnikowski-k, hartuko du hitza. Ekitaldian Euskadiko zenbait hiriren eta, zehatzago, Gernikako bonbardaketaren 80. urteurrena ere ekarriko dute gogora.

Auschwitz-Birkenau Museoa 1947an eraiki zuten, eta lehengo bi kontzentrazio esparruetako lursailetan kokatzen da: Auschwitz I eta Auschwitz II-Birkenau. Bere helburuen artean dago objektuak, bildumak eta artxiboak bildu eta leheneratzea, baita preso izandakoekin harremandu eta honen guztiaren ondarea eta oroitzapena gordetzea. Ez da ahantzi behar Auschwitzera deportatutako milioitik gora pertsonetatik, 400.000 inguru sartu eta erregistratu zituztela esparrura, horietatik 200.000 juduak izan zirela, 150.000 poloniarrak, 23.000 bat erromaniak (ijitoak), 15.000 bat sobietar gerra presoak, eta 25.000 preso beste nazionalitate batzuetakoak.

Euretako gehienak goseak edota bertako izukeria eta baldintza suntsigarri kriminalen ondorioz hil ziren. Esparrua askatzeko unean 7.000 bat pertsona aurkitu zituzten barruan.

APTCE elkartea europar gogoa bultzatu nahi duen kultur plataforma da, herriak senidetuz eta euskal eta poloniar gazteen arteko topaketaren antolatzaile da Gernikako Arbola sinboloaren inguruan.



« aurrekoa
hurrengoa »

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia