euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Jaurlaritzak bulego bat irekiko du asteazken honetan Londresen euskal enpresen jarduera handitzeko

2017/04/03

PUBLIZITATEA

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura sailburu Arantxa Tapiak presidituko du inaugurazio ekitaldia, Brexit-ak sortutako ziurgabeziak beteriko kinka batean. Erresuma Batua euskal enpresen esportazioen aurreneko 5 postuetan egon da iragan hamar urte hauetan. Jaurlaritzaren ordezkaritzak bilera bat egingo du EBn ezarpenak dituzten dozena bat euskal enpresaren ordezkariekin eta apirilaren 6an Rolls Royce enpresaren instalazioak bisitatuko dituzte ITPko ordezkariekin batera

Vitoria-Gasteiz. Jaurlaritza bertako iturriek plazaratu dutenez, bidaia laburra izango da, baina trinkoa eta ordezkaritzak topaketa bat izango du merkatu hartan dauden euskal enpresekin, ekitaldi bat egingo du bulego berriaren irekiera ospatzeko, eta bilera instituzionalak egingo ditu Britainia Handiko gobernu eta legebiltzarreko ordezkariekin. Horrez gain, Derby hiriraino joango da Rolls Royce enpresaren instalazioak bisitatzera, bertatik bertara hitz egiteko enpresako arduradun nagusiekin eta ITPko ordezkariekin.

Tapia sailburuaz gain, Jaurlaritzaren ordezkaritzako parte izango dira Industria sailburuorde Javier Zarraonaindia, Nazioartekotze zuzendari Ainhoa Ondarzabal, SPRIko zuzendari nagusi Alex Arriola eta SPRIko Nazioartekotze zuzendari Miren Madinabeitia.

Bulegoa Londresen euskal enpresei laguntza emateko

Ekonomi Garapen eta Azpiegitura departamentuaren oharrak argitzen duenez, Jaurlaritzak, nazioartekotzeko eta merkatu berrietara irekitzeko bere politikaren barnean, Britainia Handiko merkatua sakon aztertzea erabaki zuen 2016an, han kokatutako euskal enpresei laguntza handiagoa emateko, eta harremanak estutzeko Londresen eta Londres inguruan kokatutako enpresa estrategiko zenbaitekin, gehienbat Euskadiko hornitzaileentzat eta enpresa laguntzaileentzat bereziki interesgarriak direnekin. Enpresa horiek automozio, aeronautika, energia eta burdinbide sektoreetakoak dira nagusiki.

Bulego berria ingurune egokian dago bere funtzioak betetzeko, eta SPRIren Kanpo Sarera bilduko da, zeinak 16 merkataritza-ordezkaritza baitituen gaur egun.

Ikuspuntu instituzional, sozial eta ekonomikotik, bulego hori une oso garrantzitsuan ireki da, eta baita ere ziurgabetasunez betetako abagune batean, Erresuma Batuak dagoeneko aurrera jarraitzeko pausoa eman duelarik Europar Batasunetik irteteko prozesuan, horrek ziurgabetasuna sortuta.

Zentzu horretan, bulego berri honen helburua Jaurlaritzak SPRI medio beste herrialde batzuetan dituen gainerako bulegoen berbera da. Erresumako Batuko bulegoa dagoeneko baliabide teknikoz eta giza baliabidez hornituta dago eta zeregin jakin bat du: euskal enpresen merkataritza-harremanak ahalbidetzea, beren esportazioak bultzatuz edo Erresuma Batuan dituzten merkataritza- nahiz produkzio-ezarpenak sustatuz. Era berean, harreman-sare bat sortuko da tokiko zein nazioarteko ordezkariekin, euskal enpresek Erresuma Batuan garatzen duten jarduerari laguntzeko.

Euskadiren eta Erresuma Batuaren arteko merkataritza-harremana

Erresuma Batua euskal enpresen esportazio-jomuga garrantzitsuenetako bat da, aurreneko 5 postuetan egon delarik iragan hamar urte hauetan.

Euskaditik Erresuma Baturako esportazioen bolumena nahiko egonkorra izan da, nahiz eta gorabeheraren bat izan duen, batez ere 2009an. Dena den, azken hiru urteotan krisiaren aurreko zifren gainetik kokatu da, 2016an %8,48ko jaitsiera izan badu ere.

2016an Erresuma Batua 4. postuan kokatu da Euskadiko esportazioen jomuga diren herrialdeen rankinean, eta 1.300 milioi euroko negozio zifra erdietsi da; inportazioak, berriz, 815 milioi eurokoak izan dira.

Inportazioen bilakaera irregularragoa izan da, baina aipatzekoa da inportazioek behera egin zutela 2009. eta 2013. urteetan eta 2014 eta 2015. urteetan, berriz, nabarmen hazi zirela. 2016an jaitsiera handia erregistratu zen, funtsean, Erresuma Batuko petrolio edo gas inportazioek eraginda.

Erresuma Batuarekiko merkataritza-balantza oso positiboa izan da Euskadirentzat aztertutako urte guztietan, salbu eta 2014an eta 2015ean, lehen aipatutako petrolio edo gas inportazioengatik.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia