euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Brasildar Etxearen Argentinako Euskal Astera eta Txileko Santiagora joateko planak, eta Euskal Herrira, Maizpiden sartzeko

2017/09/15

Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeko kideak irailaren 2an euren egoitzan egin zuten bilkura eta paella-jatean
Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeko kideak irailaren 2an euren egoitzan egin zuten bilkura eta paella-jatean

Planez --plan anbiziotsuz-- ongi hornitua dabil Sao Paulon bertako Eusko Brasildar Etxea. Oskar Goitia buru duen elkarteak asmo handiak dauzka datozen hilabeteetarako, hasteko azaro hastapenean Argentinako Euskal Aste Nazionalera, San Nicolasera, talde gisa bidaiatzea, aurreko edizioetako batzuetan egin legez. Asmoak, baina, areago doaz, Txileko Santiagorako bidaia era badaukate-eta buruan eta, azpimarragarria, 2018an Euskal Herrira bidaiatzea, Maizpidera, euren euskarari bultzada erabakiorra ematera.

PUBLIZITATEA

Sao Paulo, Brasil. Eusko Brasildar Etxeko kide eta lagunak iraileko lehenengo asteburuan bildu ziren euren egoitza berrian paella zaporetsu baten inguruan, elkartearen planak eztabaidatu eta erabakitzeko. "Bilerak ere gure kide Rikardo Mendizabalek Brasilgo karting txapelketan lortutako garaipen esanguratsua ospatzeko balio izan zigun, euskal etxearen planei buruzko erabakiak hartzearekin batera", kontatu digu Oskar Goitiak.

"Osatu samarra daukagu dagoeneko azaroaren hasieran San Nicolasera joango garen taldea, Argentinako 2017ko Euskal Aste Nazionalean parte hartzera, eta aurtengo planak Txileko Santiagorako bidaiarekin biribilduko ditugu", adierazi du.

Hortik aurrera ere, ilusioz beterik begiratzen diote datorren urteari, maiatzean Euskal Herrira joan nahiko bailuke Euskal Etxeko talde batek, maiatz osoa Lazkaoko Maizpiden emanez euskara barnetegian, eta ondoren, ekainean, Euskal Herriko zazpi lurraldeak bisitatzen hilabete osoan zehar, Eusko Brasildar Etxeko lehendakariak jakinarazi duenez.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia