euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Eusko Brasildar Etxeak jardueraz eta bizitasunez bete du jada hil hasieran inauguratu zuen egoitza berria

2012/05/24

Giroa bikaina izan zen inaugurazio festan; irudian Oskar Goitia chef/presidentea dantza taldeko kideekin (argazki Eusko Brasildar EE)
Giroa bikaina izan zen inaugurazio festan; irudian Oskar Goitia chef/presidentea dantza taldeko kideekin (argazki Eusko Brasildar EE)
Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeak jai handia egin zuen iragan maiatzaren 5ean, elkartearen egoitza berria inauguratzeko. Bertan izan ziren euskal etxeko bazkide eta lagunak, eta baita hizkuntza ikastaroetako ikasleak ere. Bazkaltzeko ikurrina eta lauburuekin atonduriko paella izan zuten eta ondoren, dantza erakustaldia eskaini zuten hizkuntza ikasle batzuek. Egoitza giroz bete da jada aste hauetan eta jarduera ugari egiten ari dira bertan euskal-brasildar lagunek: hizkuntza ikastaroak, musa, gitarra eskolak, ospakizunak eta beste zenbait kultur ekimen.

PUBLIZITATEA

Sao Paulo, Brasil. Sao Pauloko Eusko Brasildar Etxeak indartsu abiatu du bere egoitza berriaren jarduna. Hil hasieran inauguratu zuen lokal berria eta dagoeneko bertan eskaintzen dira hizkuntza eskolak (euskara, ingelesa, frantsesa eta gaztelania) eta baita gitarra ikastaroak ere, bertatik adierazi zaigunez. Maiatzaren 19an mus eskolak jarri ziren abian, Jesus Collado irakaslearekin, eta bazkaria egin zuten bazkideek ikastaro berriaren hasiera ospatzeko. Egun batzuk lehenago elkarteko zenbait kidek euskarazko eleberri bateko pasartea irakurri eta grabatu zuten, urtero legez Bilbotik egiten den "Klasikoen Irakurraldia" ekitaldian parte hartzeko.

Elkarteko presidente Oskar Goitiak poza agertu dio EuskalKultura.com-i, egoitza berria pauso handia dela aitortuz. Egoitzaren inaugurazio jaia iragan maiatzaren 5ean egin zen eta giroa bikaina izan zela esan du Goitiak.

Inauguración sede Eusko Brasildar Etxea (3)

[Elkarteko kideak inaugurazio jaian, egoitza berriaren kanpoaldean (argazkia Eusko BrasildarEE)]

Goitiak sukaldari lanak ere egin zituen, eta bazkariko plater nagusia izan zen paella euskal-brasildarra prestatu zuen, ikurrina eta lauburuekin atondua. "Kantuan eta dantzan ibili ginen,  giro ederrean", azaldu du. Hizkuntza ikastaroetako ikasle batzuek euren dantza taldeko lagunekin agertu ziren jaiara -ijitoen dantzak egiten ditu taldeak- eta erakustaldia eskaini zuten.

Inauguración sede Eusko Brasildar Etxea (1)

[Oskar Goitia presidentea elkarteko kide batzuekin, 'paella euskal-brasildarra'ren aurrean (argazkia Eusko BrasildarEE)]

Egoitza berriaren helbidea Rua Josefina Arnoni, 275 da (Tremembé, São Paulo-SPA, CEP 02374-050). Elkartea, bestalde, bere bigarren Euskal Astea ari da prestatzen jada; irailean izango da.

Bestalde, euskal etxeak 2012-2013 zuzendaritza aurkeztu zuen:

-Presidentea: Oskar Goitia
-Presidenteordea: Ivan Zumalde
-Diruzaina: Luis Henrique Mariano
-Idazkaria: Karol Salazar
-Jarduera zuzendaria: Mirian de Aguirre
-Abokatua: Cisa Pereira



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia