euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskaria Fundazioak zortzi hitzaldi eskainiko ditu bihartik goiti Argentinako beste hainbeste EE eta unibertsitatetan

2007/08/21

Euskaria Fundazioko kideak bihar La Platako Unibertsitatean (UNLP) eskainiko duten hitzaldiko afixa
Euskaria Fundazioko kideak bihar La Platako Unibertsitatean (UNLP) eskainiko duten hitzaldiko afixa
Euskaria Fundazioko hiru kidek zortzi hitzaldi eskainiko dituzte bihartik hasi eta datorren irailaren 5era arte Argentinako beste hainbeste euskal etxe eta unibertsitatetan 'Panorama general del conflicto Euskal Herria-Estados desde la construcción Nación-Estado' izenburu orokorrarekin. Hizlariak Euskariako Joseba Mikel Agirre Oar, Patxi Asparren eta Txema Landadaran dira eta hitzaldiak eskainiko dituzten herriak La Plata (UNLP), Buenos Aires (UBA, Eusketxe, Iparraldeko Euskal Etxea), Suipacha, San Nicolás, Rosario eta Paraná.

PUBLIZITATEA

Euskaria Fundazioko hiru kideak gaur heldu dira Argentinara eta bihar hasiko dute euren ibilbide argentinarra, zortzi hitzaldi eskainiz Euskal Herriaren egungo egoerari buruz, 'Diasporako euskaldunak animatzearren lankide izan daitezen gatazkari irtenbideak topatzerakoan eta hitza Herriari ematen'. Hitzaldi bakoitza tokiko koordinatzaileek bideratuko dute. Joseba Mikel Agirre Oar, Patxi Azparren eta Txema Landadaranek euskal etxeetan zein unibertsitate esparruan emango dituzte solasaldiok.

Hitzaldien egitaraua bihar asteazkena hasiko da, abuztuaren 22a, La Platako Unibertsitatean (UNLP) 'Panorama general del conflicto Euskal Herria-Estados desde la construcción Nación-Estado' izenburupeko solasaldiarekin, Joseba Mikel Agirre doktorea eta Patxi Azparren lizentziatuaren eskutik. Hitzordua, gaueko zortzietan da, La Platako Unibertsitate Nazionaleko Lege eta Gizarte Zientzien Fakultateko Mercader Ikasgelan, kale 48, 582 zkiduna, 6. eta 7.aren artean, Reforma Universitaria eraikineko behe solairuan (Jockey Club ohia). Pedro Maguregui eta Cesar Arrondo dira hitzaldiko koordinatzaile.

Izenburu eta gai berarekin etorriko da hitzaldia Buenos Aireseko Unibertsitatean (UBA) abuztuaren 24an ilunabarreko zazpietan UBAko Gizarte Zientzietako Fakultateko Lurazpiko Aretoan (Marcelo T. de Alvear 2230), Eduardo Torry eta Leandro Etchecury koordinatzaile; eta egun bat beranduago, abuztuaren 25ean, larunbata, Suipachako Gure Txokoan, Ignacio Sagastumeren koordinaziopean.

Handik beste euskal etxe batera egingo du salto, San Nicolaseko Euskal Etxean (Belgrano 139) eskainiko baitute hitzaldia asteartez, abuztuaren 28an, iluntzeko zortzietan, Damian Cebey koordinatzaile; biharamunean, berriz, Rosarioko Zazpirak Baten (Entre Ríos 261) abuztuaren 29an, asteazkena, Guillermo Canut eta Fernando Ortiz de Guinea koordinatzaile; eta Paranáko Urrundiken (España 430) abuztuaren 31ean, ostirala, gaueko zortzietan, Federico Borrás Alcain koordinatzen.

Euskariako kideen azkeneko bi aurkezpenak bereziagoak izango dira, zertxobait aldenduko baitira aurreko multzoarengandik. Buenos Airesen izango dira biak, horietarik lehena irailaren 3an, astelehena, Eusketxen (México 1880), hitzaldiaren izenburua 'Desmilitarización del conflicto y desobediencia civil. EHNA, nacionalidad vasca', Mariana Fernández Castelli koordinatzaile; eta irailaren 5ean, asteazkena, Iparraldeko Euskal Etxean (Moreno 1370), kasu honetan izenburua 'Revisión antropológica de la Nación vasca para el siglo XXI', eta koordinatzaileak Norma Ríos eta Juan Carlos Ibarrola.

Euskaria Fundazioak Getxon, Bizkaian, dauka lege egoitza eta bere webgunean 'indar abertzale eta euskaltzaleen arteko lankidetza bultzatzen duen elkarte independente' gisa aurkezten du bere burua. Bere ekintzak 'giza eskubideetan oinarrituz, lagundu nahi du Euskal Herriak bere eredu juridiko-politiko, soziokultural eta ekonomikoa erabaki ditzan', 'eraikitze nazional eta soziala elkarrekin eginez' eta 'herritarren partaidetza zuzena bultzatuz, gizarte zibilaren protagonismoa aldarrikatzen baitugu'.

Euskaria izena, berriz, Euskal Herriak historian zehar izan duen izenetako bat da, baita argitalpen baten izena ere ('La Euskaria'), 'Periódico Bascongado del Río de La Plata' azpitituluarekin Buenos Airesen 1906 eta 1921 bitartean argitara eman zena.


Lotura interesgarriak

Euskaria fundazioaren webgunea
www.euskaria.net


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia