euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Eguneko ospakizunak asteburuan eta aste osoan Hego Konoan euskara bilgarri eta ospagai

2017/12/01

Necocheako Euskal Astean egindako Mintzodromoa
Necocheako Euskal Astean egindako Mintzodromoa

Igandean, abenduaren 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dute euskaldunek, Euskal Herrian eta Diasporan. Hego Amerikan, udaren atarian egonik, ikasturtearen bukaera iristen ari da --hemen ikasturteak urte naturalarekin amaiten dira-- eta ondorioz, ENErekin batera, ikasturte eta urte amaiera ere ospatuko dute euskara ikasle eta irakasleek. Segidan, datozen egunotan egingo diren ekintzetako batzuk. Zure euskal etxearena agertzen ez bada, bidal iezaguzu agendan sartu ahal izan dezagun.

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. “Ba al dakizu zein polita den zu euskaraz entzutea?” dio euskararen erabilera bultzatzeko azken urteotan Diasporan zabaldu den galderak. Dudarik gabe, munduan zehar sakabanatuta dauden euskaldunek ondo baino hobeto dakite itaunaren erantzuna, euskara baita beren ama hizkuntza, beren arbasoen mintzaira, maite duten hizkuntza edo, beste batzuen kasuan, besterik gabe maitasunez, gogoz eta urrutian ikasten ari diren hizkuntza.

Horrexegatik, baitesten dute Diasporatik, Euskararen Eguna ez da edozein eguna euskaltzaleentzat, azpimarratzeko eta ospatzeko eguna baizik, berresteko eguneroko lana eta plazera, eta eguneroko, asteroko eta hileroko engaiamenduaren aldarria eta jarduera lagun eta ezagunekin partekatzeko aukera berezi bat. Igandean du Euskararen Egunak ospakizun ofiziala, eta igandean bertan eta aurreko eta ondoko egunetan egingo dute bat jaiarekin Amerikako Hego Konoko euskal etxeek. Hona leku horietako batzuk (zerrenda osatzeko, gure agenda kontsulta dezakezu): 

ARGENTINA

-Gure Txokoa (Azul): abenduaren 3an bertan ospatuko dute azuldarrek 2017ko ikasturteari amaiera emanez. Hitzordua, 19:30etan

-Euskaltzaleak (Buenos Aires): abenduaren 3an, igandea, izango da ospakizuna. Jaialdia 18:00etan hasiko da eta egoitzaren aurrean ezarriko den oholtzan etxeko abesbatzak abestuko du eta euskara ikasle eta irakasleek urte amaierako lanak erakutsiko dituzte. Kantina ere egongo da. Euskaltzaleak  Euririk bada, ekitaldia abenduaren 17ra pasatuko da, ordutegi berarekin, Xeito Novo elkartearen egoitzara, Sarandi kaleko 1280. zenbakian

-Eusko Kultur Etxea (Buenos Aires): ospakizuna abenduaren 6an izango da, 20etatik aurrera eta programa honekin: Euskaren Egunari buruzko hitz batzuk; ‘Euskaraz beti aurrera’ Ipuin eta Bideo Lehiaketako sarien emanaldia; ‘Beltzean Mintzo’ dokumentalaren proiekzioa; Pintxoak eta ardo dastaketa Diego Rey ardo-adituaren eskutik. Hitzordua Mexiko kaleko 1880. zenbakian da

-Laurak Bat (Buenos Aires): Euskal Etxeko ikasle eta irakasleek bat egingo dute Euskararen Txantxangorria kanpainarekin eta abenduaren 2an elkartuko dira, eguerdian, Euskararen Eguna eta 2017ko ikasturtearen amaiera ospatzeko

-Gerora (Cordoba): Cordobako Euskararen Astea zortzigarren ediziora iritsi da aurten Gerora Elkartearen eskutik. Ekintzak joan den asteartean hasi ziren ‘Amama’ pelikula pantailaratzearekin eta honako beste proposamenez: abenduaren 4an, 18:30etan, agiriak eskuratuko zazikie euskara ikasleei Hizkuntza Fakultateko B Auditoriumean (Velez Sarsfield 187); abenduaren 7an, 18etan, Gutxiengo hizkuntzen eta hizkuntza gutxiengotuen topaketa burutuko da Cordoba probintziako Legealdiko Areto Protokolarrean; abenduaren 8an, 18etan, Gerorako tailerren erakustaldia –dantzak, musika, euskara, sukaldaritza…– ‘Casa de Pepino’ izeneko Kultur Gunean (Fructuoso Rivera 287)

-Guillermo Larregui (Chacabuco): Euskara Mundua-ren programaren 2018ko Udako Barnetegiaren antolatzailea izango den Euskal Etxeak abenduaren 2an ospatuko du ENE Euskal Taberna batekin, zuzeneko musika, dantzak, karaokea eta zahato txapelketak barne. Hitzordua 21:30etan da, Remedios Escalada de San Martín kaleko 230. Zenbakiko egoitzan

-Eusko Aterpea (General Rodriguez): Euskaldunen Hitza taldeko kideek eta beraien irakasle diren Maria Carmen eta Alicia Itceak, etxeko bazkide eta lagunekin batera, abenduaren 3an ospatuko dute Euskararen Nazioarteko Eguna, 19:30etatik aurrera. Iluntzean hasita, honako ekintzekin: 19:30etan, Omenaldia Gernikako Arbolari eta plaka desestaltzea Martin Rodríguez Plaza nagusian; harrera-ekitaldia Euskal Etxearen egoitzan; ‘Gernikako Arbola’ kantatzea; hitzak Euskararen Nazioarteko Eguna dela-eta; ‘Aupa Etxebeste’ filma pantailaratzea; erromeria eta euskal taberna

-Euzko Etxea (La Plata): urteko azken Mintzodromoa antolatuko dute laplatatarrek Euskararen Eguna ospatzeko. Hitzordua abenduaren 2an da eta Buenos Aireseko Euskaltzaleak-eko eta Chascomuseko Zingirako Euskaldunak-eko lagunek ere hartuko dute parte

-Euskara eta Euskal Kultura irakurletza (La Plata): abenduaren 4an, astelehena, ‘Beltzean Mintzo’ dokumentala proiektatuko da Unibertsitateko Alfredo Palacios aretoan, lanaren zuzendaria den Jon Sarasua lagun. Herri katalanak eta Mocoviak ere izango dituzte euren ordezkariek hizkuntz gutxituak gai nagusi izango dituen ekintza honetan. Etxepare Institutuak eta Unibertsitateak babesten dute ekimena

-Euskal Jatorri (Posadas): Misiones probintziako hiriburuko Euskal Etxeak abenduaren 3an ospatuko du, bazkari batekin. Euskal etxeko kide eta lagunak hiriko Rotary Klubean bilduko dira, euskarazko abestiez eta euskal dantzen gozatzera

-Euzkal Etxea (San Nicolas): abenduaren 9an, 20:00etan, izango da Euskararen Eguneko ospakizuna, San Nicolas bereko eta San Pedroko euskara ikasleak partaide. Euskarazko ekintzez, Begoña Tisera irakaslea arduratuko da; Ekin Dantzari Taldea eta bertako Igaraba taldea, euskal dantzez; Bertako Errekatarrak koruak abestuko du; eta Euskal Herritik etorritako Joseba Gotzon abeslariak kontzertu bat eskainiko du. Etxeko ‘Sukaldariek’ prestatuko dute afaria

-Gure Etxea (Tandil): bi ekintza antolatuko ditu Tandilgo Euskal Etxeak 2017ko Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko. Abenduaren 2an euskal koruak bilduko dira Abesbatzen Topaketan. Egun berean Etxeko euskara irakasle izan den Valeria Aramburuk hitzaldi bat eskainiko du. Abenduaren 8an agiriak eskuratuko dizkie Euskal Etxeak aurtengo ikasleei eta ekintza berean taldeek urte amaierako lanak aurkeztuko dituzte. Pintxo dastaketa ere egingo da proposamenen artean.

-Euzko Etxea (Villa Maria): Euskararen Nazioarteko Eguneko bazkaria abenduaren 3an izango da Euskal Kultur Astearen baitan

TXILE

-Euzko Etxea (Santiago): abenduaren 2an bilduko dira Txileko hiriburuko euskara ikasle eta irakasleak. Goizeko 11etatik aurrera euskara praktikatzeko hainbat jolas proposatuko dituzte; musika joko dute etxeko txalapartari eta txistulariek eta laburmetraia proiektatuko da, Euskara Eguna dela-eta. Bazkaldu ere egingo dute bildutakoek

-Eusko Etxea (Viña-Valparaiso): Txileko kostaldean ere ospatuko da Euskararen Eguna, kasu honetan Valparaisoko Eusko Etxean. Jaia abenduaren 2an izango da, 10etatik 16etara, euskal musika eta dantzak, olerkiak, pintxoak eta beste zenbait proposamen barne, bazkaria tarteko

URUGUAI

-Haize Hegoa (Montevideo): Haize Hegoa Euskal Etxean mota askotako ekintzak egingo dituzte ikasleek eta irakasleek Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, tartean bingoa, argazki erakusketa, abestiak, dantzak... jaia abenduaren 3an izango da, eguerdi aldera, Euskal Etxearen egoitzan, FIVU babesle. 

-Saltoko Euskaldunen Taldea (Salto): Euskararen Eguna eta Elkartearen 25. urteurrena ospatuko dute abenduaren 3an. ‘Gernika Lekua’ gunearen lehenengo harria jarriko dute eta horren ostean afaria partekatuko dute lagunek Parador Ayui aretoan.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia