euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Eguneko ekitaldiak abian munduan; Bordeleko Euskal Etxea izan da ENE sariaren irabazlea

2008/12/03

ENE saria irabazi duen Bordeleko Euskal Etxeko euskara ikasleak Lesakan (Nafarroan)
ENE saria irabazi duen Bordeleko Euskal Etxeko euskara ikasleak Lesakan (Nafarroan)
Euskararen Nazioarteko Eguna abian da jada Euskal Herrian eta datozen orduetan hainbat ekitaldien bitartez bat egingo dute jai honekin Diasporako euskal etxeek eta atzerriko unibertsitateetan euskara lektoradoak ikasten ari diren ikasleek. Bordelen, Frantzian, Eskualdunen Biltzarra Euskal Etxeko kideek jaia ospatzeko arrazoi bikoitza izango dute, euskararen alde egiten duten lana aintzat hartuz ENE saria eman baitie Eusko Ikaskuntzak. Eta bitartean jaia munduan zehar hedatzen ari da, Bordeletik Italiara, Argentinara...

Donostia-San Sebastián. Bordeleko Euskal Etxeak jaso du 2008ko ENE Saria, Diasporan euskararen alde egin duen lana dela eta. Eusko Ikaskuntzak sortu zuen saria orain dela hiru urte, eta aurreko edizioetan Argentinako Mar del Platako Artaburu Euskara Taldeak jaso zuen; iaz Bartzelonako Euskal Etxeak. Aurtengo edizioko epaimahaia honakoek osatu dute: Estebe Ormazabal, Sao Pauloko Euskal Etxeko euskara arduraduna; Kinku Zinkunegi, HABEren Euskara Munduan programako koordinatzailea; eta Jose Mari Velez de Mendizabal, Eusko Ikaskuntzaren gerentea. Epaimahaiak Bordeleko Euskal Etxeak urtean zehar euskararen arloan egin duen lana eta teknologia berrien erabilpena azpimarratu ditu.

David Mugica Bordeleko Euskal Etxearen presidenteordea da eta EuskalKultura.com-ek berarekin hitzegin du berria jakin eta berehala. Mugicak sariak elkarteari ematen dion bultzada azpimarratu du: 'Pozik gaude bistan da! Euskararen alde deramagun lana egitean motibazioa ez da sari bat irabaztea bistan da, baina horrelako saria irabaztea gure lanari buruzko aitorpena da hori bai, besteek gure lana aintzat hartzea inportantea zaigu jakina. Eta sustengu bat da bistan da bide horretan segitzeko', azaldu du.

Euskal Etxeak zuzendaritza aldatu du berriki (Mixel Salagoïty presidente, David Mugica presidenteorde, Maguy Revardel diruzaina eta Marie-Pierre Roy, idazkaria) eta azken hilabeteetan euskararen arloan lan eskerga egin du: ikastaroak nagusientzat, webgunearen euskaratzea... Datorren urtaeari begira, haurrentzako euskara ikastaroa antolatzea da euren helburua.

SMSak Italiatik

Italian, Associazione Culturale Euskara euskal elkarteak Erroman ere Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzea erabaki du eta bazkide eta lagunen artean jaiaren berri emateko euskaraz SMS-ak bidaltzeko deia egin du. 'Gaur, 2008ko abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna da', (Oggi, 3 dicembre 2008, è la Giornata Internazionale dell'Euskara (lingua basca))', da eurek proposatzen duten mezuetako bat, baina besterik aukeratu nahi duenak urtean egun adina esaldi ditu elkartearen webguneko Egunez Egun atalean.

Ekitaldiak Rosarion, Saladillon, San Juanen...

Argentinatik ere ekitaldi berrien hotsa heldu zaigu. Rosarioko Zazpirak Bat Euskal Etxeak adibidez,  Euskararen Eguna ekitaldi gastronomiko-solidario batekin ospatuko du. Itziar Aguirrek euskal sukaldaritza lantegi bat eskainiko du eta bertan parte hartu nahi dutenek janaria eman beharko dute dohaintzat Padre Santidrián haurrentzako abegi-etxerako.

Saladillon Itxaropen Euskal Etxeak euskal laburmetrai emanaldia eskainiko du 21:30tan Mitre Liburutegiko Ricardo Galliani auditorioan. San Juanen, aldiz, Eusko Etxea elkarteak Pio Baroja liburutegiak zabaldu duen mezuaren bidez Euskeraren Nazioarteko Egunera batu egin da, eta arduradunek 'euskararen hedapenaren alde lanean ari diren guztiei agurra' bidaltzen die.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 BasqueHeritage S.L.

Portuetxe 51, 201. bulegoa
20018 Donostia / San Sebastian
Tel: (+34) 943 504477 / (+34) 943 316170

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia