euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskararen Eguna ospatuko dute gaur Euskal Herrian eta munduan zehar barreiatutako euskal komunitateetan

2007/12/03

FIVUko ordezkari uruguaiarrek joan den uztaileko Mundu Biltzarrean jaso zuten iazko Euskararen Egunean Diasporan euskara ikasten dutenei emandako saria (arg. EuskalKultura.com)
FIVUko ordezkari uruguaiarrek joan den uztaileko Mundu Biltzarrean jaso zuten iazko Euskararen Egunean Diasporan euskara ikasten dutenei emandako saria (arg. EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Gaur abenduak 3, Xabierko Frantziskoren Eguna, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko dute Euskal Herrian eta munduan zehar barreiaturiko euskal komunitateek. Asko izango dira euskal hizkuntza aldarrikatzeko 1949an Eusko Ikaskuntzak lehenengoz ipini zuen hitzordu honekin bat egingo duten euskal etxeak. Gaur astelehena izanik, izan dira deialdia aurreko eta ondoko asteburuetara aldatu duten komunitateak, baina baita ere gaur astegunez egiteko mantendu dutenak. Euskal Herrian, ekitaldi nagusia gaur arratsaldez gauzatuko da, Gasteizko Artium-en, arratsaldeko zazpi t'erdietatik aurrera.
'Pixka bat es mucho' da aurtengoan Ukan birusak Euskararen Eguna dela-eta Euskal Herrian zein euskal Diasporako kideen artean zabaldu nahi izan duen mezua, alegia euskararentzat ez dagoela ekarpen txikiegirik, guztiak baitatozkio ongi. Guztiok egin genezake zerbait euskarari laguntzeko, errespetu aktibotik hasita. Euskara dakigun heinean mintzatzeaz gain horrek zer nahi duen esan? Bada behar bada euskarari presentzia duina ematea geure euskal etxeko ohar, afixa eta komunikazioetan; edo behar bezala lagundu eta animatzea euskara eskoletara doazen gazteak; eta, argi eta garbi, zeozer dakitenei dakitena erabiltzen laguntzea, balio bat ematea ahalegin horri geure euskal etxearen barruan, guztiak laguntzen baitu, 'pixka bat asko izan baitaiteke'. Horra Euskararen Eguneko aurtengo mezua.

Aurtengo lelo horrek, Ukan birusak berak eta beste hamaika lagunek zein leku eta ekinbide desberdinetan euskararen erabilera egiten duten jendeek bilgune fisiko edo birtuala izango dute gaur arratsaldean, Euskararen Eguna dela eta euskal instituzioek Gasteizko Artium Museorako egin duten deialdia. Ibarretxe lehendakaria buru izango duen ekitaldi honetan zehar Ukan 2007 saria emango zaio euskal hizkuntzari ekarpen esanguratsua eskaini dion pertsona edo erakundeari. Gogoratu saria iaz Uruguaiko Lucía Méndez eta Paola Bellari eman zitzaiela bideokonferentziaz, munduko hainbat tokitan euskara ikasten ari direnen izenean. Sari fisikoa --Ukan irudikatzen duen estatuatxoa-- Bilbon uztailean egin zen Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarrean jaso zuten FIVU federazio euskal uruguaiarreko ordezkariek.

Diasporako deiak eta ENE Saria

Euskal Herriko beste leku batzuetan, baita Diasporan ere, deialdi frango egin dira Xabierko Frantziskoren egun honetan euskararen inguruan biltzeko. Izan ere, askok Diasporako euskaldunen aitzindari ospetsutzat daukate 1552an gaurko egunez euskarazko hitzak ahotan Xang-Txuan uhartean hil zen santu nafarra. Diaspora eta euskararen arteko lotura ere ospatu da joan den asteburuan besteak beste Bartzelona, Washington, Madril, Mexiko, Chino, La Plata, Paris, Mar del Plata, Jose C. Paz, General Rodriguez, Chascomus, Laprida eta Tres Arroyos-en egin diren Euskararen Eguneko ekitaldietan, eta oroituko da gaur bertan egingo direnetan, besteak beste Madril, Chivilcoy, Buenos Aires, Montevideo, Saladillo, Mar del Plata eta Ontarion, eta datorren asteburuan Buenos Aires, Shanghai, Mar del Plata, Cañuelas, Parisen-eta egingo direnetan, gutxi batzuk aipatzearren.

Aldi berean, gaurko egunean zehar aditzera emango dute Eusko Ikaskuntzak eta EuskoSarek aurtengo ENE sariaren irabazlearen izena. Jakina denez, honakoan bigarren aldiz banatuko da iazkoan Argentinako Mar del Platako 'Artaburu Euskaltzale Elkartea'ren jarduna nabarmendu zuen sari hau. Antolatzaileek 'Euskal Herritik kanpo Euskararen alde gehien lan egin duten erakundeei' euren lana eta dedikazioa aitortu eta eskertzeko sortutako saria da ENE Saria.


Lotura interesgarriak

Eusko Ikaskuntza eta 2007 ENE Saria
EuskoSare.org webgunean

2006an munduko euskara ikasleei eman zitzaien Ukan saria (erd.)
2006ko abenduaren 4an EuskalKultura.com-en argitara emana


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia