euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskarak presentzia bikoitza ukanen du gaur hasi eta igandera arte Berlinen garatuko den Expolingua Azokan

2007/11/16

Alemana, espainola, katalana, euskara eta galegoa alderatzen zituen klasea Expolinguaren iazko edizioan (argazkia, Expolingua)
Alemana, espainola, katalana, euskara eta galegoa alderatzen zituen klasea Expolinguaren iazko edizioan (argazkia, Expolingua)

PUBLIZITATEA

Aurreko urteotan bezala, euskarak presentzia ukanen du gaur hasi eta datorren igandera arte Berlinen gauzatuko den Expolingua hizkuntzen Azokan. Honakoan, ordea, presentzia hori gutxienez bikoitza izango da, ohiko Eusko Jaurlaritzakoaz aparte --aurten Galiziako Xunta eta Kataluniako Lull Institutuarenarekin batera eratua-- Nafarroako Gobernuak ere bidali baitu ordezkaritza eta erakustokia ipiniko baitu bertan, Nafarroako Euskararen Institutu sortu berriak. Hezkuntza kontseilari nafarra ere, Carlos Perez-Nievas, bertaratuko da Azokara eta, Jaurlaritzaren aldetik, presentzia instituzionala Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak eta Lorea Bilbao Kultura aholkulariak ekarriko dute.
Londres eta Pragako Azoken ondotik gaur hasi eta hiru egunez datorren igandera arte Expolingua Azokaren XX. edizioari ekingo zaio Berlinen. Azokak berrehun bat erakusle bilduko ditu eta antolatzaileek hamabost bat mila bisitariren partaidetza espero dute, orotara 60 hizkuntza ingururen berri eskuratzeko, tartean euskara. Eusko Jaurlaritza Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren eta HABEren bidez bertaratuko da , oraingoan erakustokia Kataluniako Ramon Llull Institutuarekin eta Galiziako Xuntako Hizkuntza Politikarako Idazkaritzarekin partekatuz. Azokaren jakingarri orokorrei dagokienez, aurtengoan Australia eta Zeelanda Berria dira herrialde gonbidatuak eta errusiera hizkuntza ohoratua.

Eusko Jaurlaritzak eta gobernu katalan eta galiziarrak elkarrekin antolatu dute egitaraua. Horren arabera, ostiralean, azaroaren 16an alegia, ikusentzunezkoak eskainiko dira euskaraz, katalanez eta galegoz goiz eta arratsaldez ; larunbatean berriz, azaroaren 17an, hiru hizkuntzon eskolak emango dira, goiz eta arratsaldez; eta, azkenik, igandean, azaroaren 18an, erakundeen agurra eskainiko da eta hiru gobernuetako ordezkari instituzionalek bakoitzak bere hizkuntzaren egoera eta hizkuntza politikaren berri eskainiko du.

Eusko Jaurlaritzaren eta Gobernu Nafarraren presentzia

Eusko Jaurlaritzaren aldetik, Hizkuntza Politikarako arduraduna, Patxi Baztarrika sailburua izango da bertan, Kultura saileko Lorea Bilbao aholkulariarekin. Klausura ekitaldian, Euskal Herriko, Galiziako eta Kataluniako jaki eta edariak dastatu ahal izango dira. Aldi berean, Azokak iraungo dituen hiru egunetan erakustokiko bisitariak euskal kantuen zuzeneko emanaldiak entzun ahal izango dituzte.

Nafarroako Gobernuari dagokionez, duela hilabete gutxi sortua den 'Euskararen Nafar Institutua-Instituto Navarro del Vascuence (ENI-INV) delako erakundearen eskutik bertaratuko da. Nafar erakustokian Foru Erkidegoko egoera soziolinguistikoaren berri emango da, argibide eskeak erantzungo eta euskarari buruzko dibulgazio-materiala eta argitalpenak ipiniko dira eskuragai, bertatik adierazi zaigunez.

Presentzia instituzionala, ostera, Carlos Pérez-Nievas López de Goicoechea Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak ekarriko du, agenda estu batez etorririk Berlinen egoitza daukaten zenbait erakunderekin bilduko baita, tartean Goethe Institutuarekin, Cervantes Institutuaren Berlingo adarrarekin, eta Friedrich-Engels-Gymnasium/Instituto Friedrich Engels delakoa erakundearekin. Horrekin batera, Azokan erakustokia ezarriko duten beste ordezkaritza batzuekin elkarrizketatu eta euskarak Nafarroan bizi duen pareko egoeran dauden beste hizkuntza batzuetako ordezkariekin biltzeko asmoa dauka Pérez-Nievas kontseilariak.


Lotura interesgarriak

Expolingua Berlin 2007 webgunea
Expolingua.com webgunearen baitan

EJko Kultura Saila, bere baitan da Hizkuntza Politika Sailburuordetza
Euskadi.net webgunearen baitan

Hezkuntza Deptu. Nafarra, bere baitan da Euskararen Institutua
Navarra.es webgunearen baitan


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia