euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara praktikatu nahi duzu? Sar zaitez Mintzanet webgunean eta hasi kalakan munduko euskaldunekin

2012/12/04

Mintzanet.net webgunearen azala
Mintzanet.net webgunearen azala

PUBLIZITATEA

Donostiako Udalak eta Mara Mara Hizkuntza Zerbitzuak enpresak euskara praktikatzen laguntzeko webgunea jarri dute abian eta atzo aurkeztu zuten, Euskararen Nazioarteko Egunaren karira. Webguneak Mintzanet.net du izena eta bertan euskaraz egiten duten hiztunak eta euskara praktikatu nahi duten ikasleak jarriko dituzte harremanetan. Sistema oso erraza da: izena eman eta Skype plataformari esker solasaldia hasi ahalko dute erabiltzaileek. Mintzanet mundu osoko euskara hiztun eta ikasleei zuzendua da.

Donostia-San Sebastián. Donostiako alkate Juan Karlos Izagirrek eta Mara Mara enpresako zuzendari Ritxi Lizartzak atzo aurkeztu zuten Mintzanet.net webgune berria, Euskararen Nazioarteko Eguna dela eta Gipuzkoako hiriburuan egin ziren ekitaldien artean. Prentsaurrekoan azaldu zutenez, Mintzanet.net munduko euskara hiztunak eta euskara ikasleak harremanetan jarriko dituen plataforma berria da eta bere helburua zera da: teknologia berriak baliatuz euskara nonahi eta edozein ordutan praktikatzeko aukera ematea.

Mintzanet.net-ek bi erabiltzaile mota izango ditu: batetik "Bidelariak", euskara praktikatu nahi duten ikasleak; eta bestetik "Bidelagunak", euskaraz dakiten hiztunak eta besteei praktikatzen laguntzeko prest daudenak. Sistema erabiltzeko izena eman behar da eta ondoren Mintzatu.net-ek bidelariak eta bidelagunak harremanetan jarriko ditu. Solasaldia Skype plataforma bidez egingo da (horretarako beharrezkoa da Skype-n kontua egitea eta webcam-a duen ordenadore bat erabiltzea).

Webgunearen garatzaileek azaldu zutenez, internet erabiltzeak mundu osoko euskaldunei egitasmoan parte hartzeko aukera emango die, eta euskara praktikatzeaz gain, lagun berriak egiteko tresna izango da Mintzatu.net. 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia