euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara Munduan programa aurrera doa: Negu barnetegia uztailaren 25ean hasiko da Argentinako Las Floresen

2009/06/25

Azkeneko barnetegiko irudia, joan den urtarrilean Montevideon egina
Azkeneko barnetegiko irudia, joan den urtarrilean Montevideon egina

PUBLIZITATEA

Uztailaren 25etik abuztuaren 1era, eta Euskara Munduan proiektuaren barne, gauzatuko da Las Flores herrian, Buenos Aires probintzian, neguko euskara barnetegia. HABEk kudeatutako internet bidezko trebakuntza programan urtean zehar lanean aritu diren ikasleak berriro ere elkartuko dira, ikasitako guztia eta batez ere mintza-praktika lantzeko asmoarekin. 40 bat lagunek osatzen dute parte hartuko duen taldea, batzuk Argentina bertakoak, beste batzuk zenbait herrialdetatik etorriak: Brasil,Txile, Kolonbia, Peru, Uruguai eta Estatu Batuetatik, hain zuzen.

Las Flores, Argentina. Argentinako Euskal Erakundeen Federazioak dagoeneko luzatu die Euskara Munduan proiektuko ikasle-irakasleei neguko barnetegian parte hartzeko gonbidapena. Aurten, hitzordua uztailaren 25etik abuztuaren 1era izango da, Buenos Aires probintziako Las Flores herrian eta aurreko ikastaroetan bezala, astebeteko egitaraua beteko da.

Taldeei dagokienez, Nazioarteko Taldean 32 lagun daude: 17 argentinar, 2 brasildar, 3 txiletar, 2 kolonbiar, perutar 1 eta 7 uruguaitar. Ikasle hauek bi taldetan daude banatuta, eta HABEko curriculumeko 1A mailako edukiak lantzen ari dira. Diaspora 2 taldean, berriz, hamaika ikasle daude: 6 argentinar, estatu batuar 1, 3 txiletar eta uruguaitar 1. Talde hau bestea baino aurreratuago dago eta ikasleak 1B eta 2. mailakoak dira.

Beste alde batetik, eta barnetegiaren inguruan, uztailaren 31an eta abuztuaren 1ean, BOGA programarekin aritzen diren tutoreentzako ikastaro bat egingo da. Klaseen helburua BOGAren plataforma berria ezagutaraztea da. Bukatzeko, abuztuaren 1ean, gaueko bederatzietan, ekitaldi berezi bat egingo da iaz HABEko azterketak gainditu zituzten irakasleei egiaztagiriak emateko.

Lotura Interesgarriak

HABE, Helduen Alfabetatze eta Berreuskalduntze Erakundea
www.habe.org

FEVA
www.fevaonline.org

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia