euskalkultura.com

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara Munduan nazioartera hedatuko da, Txile, Uruguai, Brasil, Peru eta Kolonbian ere irakasleak trebatuz

2008/03/05

Argentinar ikasleak, HABEko arduradunak, Maizpideko irakasleak eta asteotan etxean hartu dituzten familiak giro ederrean sagardotegian (argazkia HABE)
Argentinar ikasleak, HABEko arduradunak, Maizpideko irakasleak eta asteotan etxean hartu dituzten familiak giro ederrean sagardotegian (argazkia HABE)

PUBLIZITATEA

Azken asteetan Lazkaoko Maizpide euskaltegian euskara hobetzen izan diren ikasle argentinarrek sagardotegian eta giro bikainean bukaera eman zioten Euskara Munduan programaren aurtengo barnetegiari. Sagardotegiko beste bezeroak apenas entzungo zuten argentinar doinurik euren euskaran, ekimenaren arrakastaren seinale. Hain da horrela, HABEk Diasporan euskara irakasleak trebatzeko programa beste herrialde batzuetara zabalduko duela 2008-2011 lau-urtekoan: Txile, Uruguai, Brasil, Peru eta Kolonbia batuko zaizkio Argentinari.
Joan den ostiralean Maizpide euskaltegian euskara ikasten ari ziren 23 ikasle/irakasle argentinarrek aurtengo barnetegian egindako ikastaroari amaiera eman zioten. Ikasle gehienak Argentinara bueltatu dira jada, eta han, bakoitza bere euskal etxean, euskara klaseak ematen hasiko dira. Taldeko zortzi kide, baina, Euskal Herrian geldituko dira, euskara mailan are gehiago sakondu eta hobetzeko, Argentinako hainbat unibertsitateetan Euskara eta Euskal Kultura ikastaroak eman ahal izateko.

Batzuk zein besteek ederki gozatu zuten azken egunetan. Azken asteetan gogor lan egin eta gero, otsailaren 21ean sagardotegian afaria egin zuten, euskaltegiko irakasleekin eta Euskal Herrian egon diren bitartean etxean hartu dituzten familiekin. Joan den osteguna jai eguna izan zuten eta Mikel Markez kantariarekin tailer bat egin zuten, argentinar kanta ezagunak euskaratuz eta elkarrekin abestuz. Azken egunean Lazkaoko plazan agurtu zituzten familiak eta 'malko bat baino gehiago isuri zen bertan', HABEko arduradunen esanetan.

[Ikasleak eta familiak sagardotegian (argazkia HABE)]

Euskara Munduan nazioartera

Aurtengo barnetegiak bukaera ematen dio Euskara Munduan 04/07 lau-urtekoari (nahiz eta barnetegia 2008an egin den, epealdi horretako parte izan baita). Orain, aro berri bati hasiera emango dio ekimenak, Bilboko Euskal Gizataldeen Mundu Biltzarrean Miren Azkarate Kultura Sailburuak aurkeztu zuen Euskara Munduan 08/11 lau-urteko planarekin. Bertan irakasle berrien trebakuntzan jauzi kualitatibo ikaragarria ematea aurreikusten da, ekimena beste herrialde batzuetara zabalduz.

Martxoaren 10ean hasiko da irakasle-talde berria ibiltzen. Bertan Hego Ameriketako zenbait herrialdetako kideak bilduko dira: 10 argentinar, 10 uruguaitar, 2 brasildar, 4 txiletar, kolonbiar bat eta perutar bat. Aurreko taldearekin erabilitako metodologia berdina erabiliko dute HABEko arduradunek, hau da, 'ikas-edukiak urrutitik kudeatu eta urtero bi barne-ikastarorekin uztartu'. Ikasle/irakasleak herrialde desberdinetakoak izateak zailtasuna gehitzen dio asmoari, baina HABEko iturriek azaldu dutenez 'aurreko lau urtetako eskarmentuak eta emaitzek ziurtasuna eman digute horrelako proiektu bati ekiteko'.


Lotura interesgarriak

HABE, Helduen Euskalduntze Institutua
www.habe.euskadi.net

FEVA, 'Federación de Entidades Vasco Argentinas'
www.fevaonline.org.ar

'Ikasle Euskal Herrian, irakasle diasporan'
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko otsailaren 7an

'Euskara ikasteko beharra sentitzen dut atsegin baitut euskal kultura'
EuskalKultura.com-en argitaratua 2008ko urtarrilaren 28an


« aurrekoa
hurrengoa »

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.com

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia