euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Euskara Munduan-en Udako Barnetegiarekin eta HABErekiko hitzarmenarekin ekin zaio 2017ari Argentinan

2017/02/10

Udako Barnetegiko ikasleak, klasean
Udako Barnetegiko ikasleak, klasean

PUBLIZITATEA

San Nicolas hiri argentinarra izan da aurten HABEk kudeatzen duen Euskara Munduan proiektuaren Udako Barnetegiaren egoitza, bertako Euzkal Etxea eta FEVA antolatzaile. Europara itzuli aurretik, ekitaldiaren balantzea eta Hego Amerikako euskal etxe eta federakuntzekin sinatutako akordioen berri partekatu du gurekin Kinku Zinkunegi Euskara Munduan programaren arduradunak.

Buenos Aires, Argentina. Buenos Aires probintziako San Nicolas hirian urtarrilaren 21etik 28ra bitartean gauzatu da aurten euskara irakasleak trebatzeko helburua duen Euskara Munduan programaren 2017ko Udako Barnetegi hegoamerikarra. Euskal Herritik etorririk bertan parte hartu duen HABEko teknikari Kinku Zinkunegiren esanetan,. “barnetegiaren helburua Hizkuntzen Europako Erreferentzi Marko Bateratuko B1eko edukiak ikusten bukatzea izan da". "Horixe izan zen talde honekin hasi ginenean, 2013ko urtarrilean, San Nicolasen bertan hain zuzen ere, planteatu genuen helburua eta gaur esan dezakegu taldearen gehiengoa eroso dagoela maila horretan”.

Lau urteotan taldeak aldaketak batzuk jazo ditu eta ikasle batzuek, esaterako, utzi behar izan zuten plataformako trebakuntza, "baina momentu honetan" diosku Zinkunegik, "22 lagunek osatzen dute taldea". “Hala ere, hainbat arazo, lana medio, eta arazo pertsonalak tarteko, inoiz baino huts-egite gehiago izan ditu Barnetegiaren edizio honek eta guztira 16 lagun izan gara". "Bestalde, irakasleen artean, lan bikaina egin duten Dani Oiarbide eta Gabriel Arce izan ditugu gurekin". "Azpimarratu nahi dut, gainera, beti ezin bada ere, oraingoan aukera izan dugula partaide bakoitzaren premietara egokitzeko, eta horrek ikasleen aldetiko balorazio ezin hobea izan duela”, adierazi digu HABEko erreferenteak.

Balantzearekin jarraituz, aurreko eta aurtengo elkarretaratzeen arteko aldaketarik nabarmenena euskararen erabilera izan dela jakinarazi digu irakasleak. “Gauden mailan gaudela, erabat euskaraz bizitzeko gaitasunera heldu gara eta hori nabaritu egiten da". "Talde honekin hasi ginenean, bertaratzeaz gain parte-hartzaileei gutxieneko maila eskatzea erabaki genuen. Gaur egun, taldeko partaide izateko gutxieneko maila A2a da eta hori argi sumatzen da”.

Zinkunegik eskerrak luzatu nahi dizkie Barnetegia bideragarri egin duten guztiei. “Azpimarratu nahi dut San Nicolaseko Euskal Etxeak izan duen jarrera eta inplikazio itzela". "Benetan, lan bikaina egin dute eroso egon gaitezen. Eskerrik asko, bertako San Nicolaseko Euskal Etxeko lehendakariari eta bere inguruan lanean aritu diren bazkide guztiei”.

Euskara Munduan programa: hurrengo urratsak

Erronka berriak zeintzuk diren galdetuta, Zinkunegik “gure muga, oraingoz, 2019ko uztailean jartzen" duela esan digu. "Tarte horretan B2ko edukiak lantzea da helburua. Bi urte t’erdi ditugu horretarako eta taldearen martxa ikusita, uste dut helburua guztiz lorgarria dela. 2018ko martxoan hasiko dira berriro ere lanean, batetik orain dauden 22 pertsona horietatik gutxienez A2a bermatzen dutenak eta, gainera, beste trebakuntza aldi batzuetan B1 gainditu zutenak ere gonbidatuko ditugu maila igo nahi badute. Taldea berregituratuko dugu eta horiekin guztiekin egingo dugu aurrera 2019ko uztailean Buenos Airesen egingo diren egiaztatze azterketei begira”.

Zinkunegik jakinarazi du aztertzen ari direla A1 eta A2a egiaztatzeko probak nola bideratu. Egitekotan, euskal etxeetako ikasleei egongo litzateke zuzendua. “Oraindik ez dugu aztertu puntu hau baina FEVAko arduradunek adierazi digutenez oso garrantzitsua izan daiteke hori bermatzea, izan ere, asko baitira egiazta dezaketenak eta haientzat benetako pizgarria litzateke”, azaldu digu Zinkunegik.  

HABEk sinatutako hitzarmenak

Barnetegiari loturik, hainbat euskal etxe eta federakuntzekin biltzeko aukera izan du Zinkunegik urtean zehar eta bide batez HABEk Hego Amerikako erakundeekin dauzkan hitzarmenak sinatu ditu. Akordioak honako erakunde hauekin izan dira: Argentinako FEVArekin; Uruguaiko FIVU Federazioarekin eta Montevideoko Euskal Erria eta Saltoko ‘Saltoko Euskaldunen Taldea’ euskal etxeekin; Txileko Santiagoko Euzko Etxea eta Colectividad Vasca de Chile, eta Valparaisoko Eusko Etxea euskal etxeekin; Peruko Limako Euskal Etxearekin eta Brasilgo Sao Pauloko Eusko Alkartasuna eta Eusko Brasildar Etxea euskal etxeekin.

Zinkunegiren esanetan, “gehienekin hitzarmena berritu dugu baina Limako Euskal Etxearekin eta Sao Pauloko Eusko Alkartasunarekin lehenengo aldia izan da. Bietan, martxan dituzte euskarazko eskolak eta oso dinamika onarekin ari dira gainera". "Are gehiago, Liman datorren urterako bi talde aurreikusten dituzte. Sao Pauloko Eusko Alkartasunari dagokionez, aurten dute lehengo ikasturtea euskara eskaintzen. Urtetako nahia izan da, eta azkenean lortu dute irakaslea zein egoitza egokia aurkitzea Sao Paulo erdigunean. 17 ikaslek osatutako taldea jarri da martxan eta honek aurrera pauso ikaragarria suposatu du”.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia